elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak /  Nekazaritza  /  Higienea elika

Higienea

MAHASTIZAINTZA-USTIATEGIETARAKO NEKAZARITZAKO JARDUNBIDE EGOKIEN ETA HIGIENE JARDUNBIDE ZUZENEN GIDA 17/12/22

Egile: ACSA

Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) mahastizaintza-ustiategietarako jardunbide egokien gidaren beste edizio bat argitaratu du.

 

Kontsumitzaileari iristen zaizkion ardoak kalitate onekoak eta seguruak izan daitezen, jardunbide jakin batzuei jarraitu behar zaie ustiategian, kalitate oneko mahatsa lortu ahal izateko, betiere ingurunea errespetatuz eta elikaduraren arloko higiene- eta segurtasun-baldintza zorrotzenak betez.

 

Kataluniako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreak duen garrantzia kontuan hartuta, 2010eko otsailean ACSAk mahastizaintza-ustiategietarako nekazaritzako jardunbide egokien lehen gida argitaratu zuen.

 

Ordutik arauak aldatu dira, eta, batez ere, planteamendu-aldaketa egon da Kataluniako elikagaien higienearen eta segurtasunaren kontrolean; izan ere, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorra sortu da eta lehen sektoreko nekazaritza-ekoizpena kontrolatzeko programa ofizialak ezarri dira. Hori dela eta, bigarren edizio honetan, Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura Sailak (DARP) eta Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) jatorrizko gida berrikusi dute aldaketa horietara egokitzeko, betiere gidaren hasierako filosofia errespetatuz.

 

Ekoizleek ez dute jardunbide egokien gidarekin bat egin behar nahitaez, baina Europar Batasunak aitortutako kudeaketa tresna egokia da eta lehen sektoreko ekoizpenean edo horri loturiko lanetan egon daitezkeen arriskuen berri ematen du. Horrez gain, arrisku horiek saihesteko eta zuzentzeko neurriak eta legediak ezartzen dituen eskakizunak ere jasotzen ditu. Gidaren lehen edizioan, gainera, ingurunea zaintzeko eta ekoizpenaren kalitatea hobetzeko nekazaritzako jardunbide egokiak ere bazetozen.

 

Gidaren edizio berriak bi zati ditu: lehenengoan jatorrizko dokumentuko atal berak daude, araudiaren arabera dagozkien egokitzapenekin eta jatorrizkoan agertzen ez ziren elikagaien higienearen eta segurtasunaren arloko beste zenbait alderdi gehituta. Bigarren zatian kontrol-zerrenda edo checklist bat agertzen da; bertan, berariaz jasota daude ustiategietan bete behar diren eta gomendatzen diren jardunbide egokiak, ekoizle bakoitzak bere ustiategiaren diagnostikoa egin eta bere produktuentzat arriskutsuak izan daitezkeen alderdiak zuzen ditzan.

 

Mahastizaintza-ustiategietarako higiene-jardunbide egokien gida (katalanez)

 

UREZTATZEKO URAREN ERABILERA ERRESUMA BATUAN ETA ELIKAGAIEN SEGURTASUNEAN IZAN DEZAKEEN ARRISKUA 31/03/15

Egile: FSA

Elikagaien Segurtasunerako Britainia Handiko Agentziak (FSA) ikerketa-proiektu baten emaitzak argitaratu ditu. Ikerketa horren helburua da zehaztea Erresuma Batuko nekazaritzan gaur egun erabiltzen diren ureztatze-jarduerak arriskutsuak diren elikagaien segurtasunerako, produktu freskoak kutsatzearen ondorioz. Nekazaritzan ureztatzeko erabiltzen den ur gehiena ibaietatik edo lur azpiko akuiferoetatik ateratzen da zuzenean.

Halaber, lur azaleko zenbait ur-ustiategietako urtegietan bertan biltegiratzen dira, udan ur-hornidura ez eteteko. Hondakin-urek, nekazaritza-lurretako jariatze-urek edo animalia basatien hondakin fekalek ibaiak eta errekak kutsa ditzakete, mikroorganismo patogenoen bitartez (ikerketan honako hauek aztertu dira bereziki: Salmonella, Escherichia coli O157, norobirusa, rotabirusa, Listeria, Campylobacter, Clostridium perfringens, Cryptosporidium eta Giardia).

Patogenoek kutsatutako ura uztara irits daiteke, eta, hala, mikrobioak produktuetara transferi daitezke. Produktu horietako asko gordinik jaten dira, eta hori gertatzea oso arriskutsua izango litzateke osasun publikorako.

Emaitzak bi ataletan aurkeztu dira:

  • Lehen atalean honako hauek identifikatu dira: elikadura-jatorriko gaixotasunak eragiten dituzten patogenorik garrantzitsuenak eta horiek transmititzeko moduak, agente patogenoek bizirik irautea eta ingurumenean mugitzea eragiten duten ezaugarriak, horiek aztertzeko datuak, ureztatzeko erabiltzen den uraren kalitatea iragartzeko eskura dauden tresnak eta ureztatzeko hainbat praktikari lotutako arriskuak.
  • Bigarren atalean honako hauek identifikatu dira: Erresuma Batuan gaur egun erabiltzen diren ureztatze-jarduerak eta ur-iturriak, eta nola eragin diezaioketen uztaren kutsadurari, eta nekazaritzako uraren erabilerak etorkizunean izan ditzakeen aldaketak, ingurumen-legeria, klima-aldaketa eta ureztatzearen arriskuak kontrolatzeko legeria direla eta.

Azterlana

NEKAZARITZA EKOIZPENAREN ERREGISTRO NAGUSIA (REGEPA) 15/03/05

Egile: MAGRAMA

MAGRAMAK informatika-aplikazio bat sortu du, Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Nagusiko (REGEPA) inskripzioei buruzko informazioa trukatzeko. Erregistraturiko haztegien kodigoa kontsulta daiteke identifikazio-dokumentu bat sartuta (NAN/IFZ/AIZ), edo alderantziz.

 

Tresna hori ezinbestekoa da elikagaien segurtasunerako araudi komunitarioa betetzeko, eta urtarrilaren 16ko 9/2015 Errege Dekretu argitaratu berriaren 5.4 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz sortu da; horren bidez, nekazaritzako lehen ekoizpenaren higieneari buruzko araudi komunitarioa ezartzeko baldintzak arautzen dira.

 

Dekretu horrek, besteak beste, Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Nagusia (REGEPA) sortu eta arautzen zuen. Nekazariek, REGEPAn izena emateko, urtero jakinarazi beharko diote autonomia-erkidegoko organo eskudunari arauaren eranskinean jasotako informazio guztia.

REGEPA 9/2015

Errege Dekretuari buruzko albistea

5 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.