elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak /  Nekazaritza  /  Beste batzuk elika

Beste batzuk

ECHAK EZ DU KARTZINOGENOTZAT SAILKATU GLIFOSATOA 17/04/05

Egile: ECHA/ACSA

Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziaren (ECHA) Arriskuak Ebaluatzeko Batzordeak (RAC) erabaki du glifosatoaren egungo sailkapen bateratuari eustea, hau da, begietan kalte larriak eragiten dituen eta uretarako bizitzarako toxikoa den substantziatzat jotzea.

RACek glifosatoa zenbateraino den arriskutsua ebaluatu zuen, sailkapenari, etiketei eta ontziei (CLP) buruzko araudiaren irizpideei jarraituz. Batzordeak ondorioztatu zuen gaur egungo froga zientifikoak ikusita bidezkoak direla CLP araudian glifosatoari ematen zaizkion sailkapen hauek:

  • Begietako kaltea (1); H318 (kalte larriak eragiten ditu begietan)
  • Uretako kronikoa (2); H411 (toxikoa da uretako organismoentzat, eta ondorio kaltegarri iraunkorrak ditu)

Era berean, RACek ondorioztatu zuen egungo froga zientifikoek ez zituztela betetzen ez glifosatoa xede-organoetarako toxikotasun espezifikoaren arabera sailkatzeko irizpideak, ez kartzinogenotzat edo mutagenotzat sailkatzeko irizpideak, ez ugalketarako toxikotasuna ebaluatzeko irizpideak (CLP araudian jasotakoak).

ECHAk substantziaren arriskuaren sailkapenari buruzko zientzia-irizpen independente bat eman du. Irizpen horrek, baina, ez du aintzat hartzen substantziarekiko esposizioaren probabilitatea, eta, beraz, ez die esposizioaren arriskuei erreferentziarik egiten. Esposizioak dakartzan arriskuak kontuan hartzen dira, esaterako, erabaki behar bada ea glifosatoa plagizida gisa onartu behar den, bat eginez Europako Batasunean produktu fitosanitarioak merkaturatzeko 1107/2009 (EE) Araudiarekin.

Irizpen horren edukia (oraindik ez da ofizialki argitaratu) funtsezkoa da glifosatoa herbizida fitosanitarioak formulatzeko Europako Batasunean onartutako substantzia aktibotzat jotzeko egungo prozesurako.

Ekainaren 30ean amaitu zen 1107/2009 (EE) Araudiari jarraikiz glifosatoa substantzia aktibotzat baimentzeko epea. Batzordeak baimena hamabost urterako berritzea proposatu zuen, baina estatu kideak ez ziren ados jarri, ez proposamena onartzeko, ez baztertzeko.

Hori dela eta, 2016/1056 (EB) Araudiaren bidez, behin-behineko erabaki bat hartu zen: onartzeko epea luzatu egin zen, baldintza jakin batzuekin, ECHAren Arriskuak Ebaluatzeko Batzordearen irizpena jaso eta sei hilabetera arte, edo 2017ko abenduaren 31ra arte, azken egun hori irizpena jaso baino lehenagokoa bada.

Horrenbestez, orain, behin betiko txostena jaso eta sei hilabeteko epean, Batzordeak eta estatu kideek erabaki behar dute glifosatoa plagizidetako substantzia aktibo gisa erabiltzeko baimena berritzen den ala ez.

EKOIZPEN EKOLOGIKOARI ETA PESTIZIDEN HONDAKINEN MUGEI BURUZKO TXOSTENA - DGSANCO 2016

Egile: DGSANCO

Txosten honetan jasota daude Espainian DGSANCOren (Europako Batzordearen Osasun eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia) ikuskaritza-programaren baitan egindako ikuskaritzaren emaitzak. Hain zuzen ere, ikuskaritza horren helburua da ekoizpen ekologikoan erabiltzen diren plagiziden hondakinen kontrolak ebaluatzea.

 

2014an, AECOSANek (Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia), hondakinak kontrolatzeko programen plangintza koordinatzearen arduradun gisa, produktu ekologikoen 14 lagin aztertu zituen (lagin guztien –ekologikoak eta ez ekologikoak– % 0,59 ).

 

Lagin ekologikoetako batek ere ez zuen hondakinen gehieneko muga gainditu.

 

Laginak Andaluziako ustiategietan hartu ziren; izan ere, erkidego horretan dago Estatuko gainazal ekologikoaren % 51. 2014an, 30.602 ekoizle ekologiko, 3.082 prozesatzaile eta ekoizpen ekologikorako ziurtatutako 1.663.183 hektarea zeuden guztira espainiar estatuan.

 

ONDORIOAK

  • Andaluzian, hautematen diren ekoizpen ekologikorako baimendu gabeko plagizida guztiak irregulartasun edo arau-haustetzat jotzen dira; horri esker, ekintza hertsatzaile argiak eta disuasorioak dituzte ezarrita.
  • Laginak hartzen dituzte eta analisi ofizialak egiten dituzte, eta horrek ere sendotu egiten ditu labore ekologikoetan egindako kontrolak.
  • Erabilitako laborategiek instalazio bikainak dituzte eta analisi zehatzak egiten dituzte oso, baina ez dago analisi horiek egiteko irizpide ofizialik. Horrenbestez, kontrol-erakundeek eskatutako analisien eraginkortasuna murrizten duten 10 muga identifikatu ziren kontrol-laborategietan.
  • Horrez gain, ez dago laginketarako prozedura ofizialik, eta horrek ere eragin dezake laborategiko emaitzen interpretazioan.

 

Pesticide residue controls in organic production – Spain 2016-8751 - DGSANCO 2016

URTEKO TXOSTENA: PLAGIZIDEN HONDAKINAK ELIKAGAIETAN – EFSA 2016

Egile: EFSA

Urteko txostena: plagiziden hondakinak elikagaietan – EFSA 2016 EFSAren elikagaietako plagiziden hondakinei buruzko urteko txostenak ia 82.649 laginen emaitzak biltzen ditu, eta bertan 2014ko datu hauek aurki daitezke:

  • Laginen % 54,6k ez zuen produktu horien aztarna detektagarririk.
  • Laginen % 42,8k hondakinak zituen, baina legezko mugen azpitik.
  • % 2,6k gainditu egiten zuten legezko mugak.
  • Laginen % 27,3k plagizida baten baino gehiagoren hondakinak zituen (askotariko hondakinak).
  • Laginen % 68,2 Europako elikagaienak zen eta % 27,7 beste herrialde batzuetatik inportatutako elikagaienak.Beste herrialde batzuetako laginen % 5,7k gainditu zituen legezko mugak; Europari dagokionez, berriz, laginen % 1,4k.

 

Umeentzako elikagaiak

Umeentzako elikagaien 1.597 lagin aztertu ziren: % 97,7k ez zuen hondakinik; 116 laginetan (% 7,3), ordea, hondakin bat edo gehiago atzeman ziren.11 laginek (% 0,7) hondakin bat zuten baimendutako mugetatik gora.

 

Nekazaritza ekologikoko produktuak

Produktu ekologikoen laginen % 15,5en (aztertutako 4.620 laginetatik 717) plagiziden hondakinak atzeman ziren legezko mugen barruan; % 0,8k, ordea, gainditu egiten zituen LMRak.

Atzemandako hondakin gehienek zerikusia zuten nekazaritza ekologikoan baimendutako plagizidekin, ingurumen-kutsatzaileekin edo plagiziden erabilerarekin berariaz lotuta ez dauden baina iturri naturaletatik etor daitezkeen substantzien hondakinekin.

Arriskuen Ebaluazioa Epe laburrera

Epe laburrera, ebaluatutako plagizida gehienen aurreko esposizioa ez da arriskutsua kontsumitzaileentzat.Kasuen % 1,16tan hondakin asko duten elikagai ugari kontsumitzen dira eta ez dira hartzen esposizioa murrizteko neurriak (garbitzea edo hondakinak deuseztatzeko beste prozesu batzuk). Bada, horietan baino ez da xedatu gainditu egin daitezkeela Erreferentzia Toxikologikoko Balioak.Horixe da Klorpirifosaren kasua.

 

EFSAk ondorioztatu du kontsumitzaileentzat oso txikia dela osasuna kaltetu dezaketen kontzentrazioen gainetiko hondakin-kopuruen aurreko esposizioa izateko aukera.

 

Arriskuen Ebaluazioa Epe luzera

EFSAk, halaber, zenbatetsi egin du esposizio kronikoa edo epe luzekoa.Plagizida guztientzat, batentzat izan ezik, epe luzeko esposizioa ezdeusa izan zen edo muga toxikologiko onargarrien barnekoa. Beraz, gaur egungo zientzia-ezagutzen arabera, hondakin horiek ez dakarte arriskurik osasunarentzat. Diklorbosaren epe luzeko esposizioak baino ez zuen gainditu zertxobait muga toxikologikoa.

 

Aintzat hartu behar da diklorbosa gaur egun ezin dela erabili EBn; hortaz, EFSAk ondorioztatu du aztertutako plagiziden aurreko elikagai-esposizioa ez dela arriskutsua osasunarentzat, epe luzera begira.

 

The 2013 European Union report on pesticideresiduesinfood - EFSA 2015

16 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.