elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreakAbeltzaintza /  Abere Ongizatea elika

Abere Ongizatea

FVOREN IKUSKATZEA: ESPAINIAKO HILTEGIAK 15/05/04

Egile: ELIKA

Elikagai eta Albaitaritza Bulegoak (FVO) ikuskatzea egin zuen Espainian joan den apirilaren 1etik 10era, hiltegietan animalien ongizatea bermatzen duten kontrol ofizialen eraginkortasuna egiaztatzeko. Zehazki, hauek egiaztatu zituen:

 

  • Animaliei ez zaiela inolako minik edo sufrimendurik eragiten, 1099/2009 zenbakiko Araudiarekin (EE) bat eginez.
  • Animalia hiltzeko unean ongizatea bermatzeko kontrol ofizialak, 882/2004 zenbakiko Araudiaren (EE) arabera egindakoak, egokiak direla 1099/2009 zenbakiko Araudia (EE) behar bezala ezartzen dela bermatzeko.
  • Erakunde eskudunek 1099/2009 zenbakiko Araudian (EE) ezarritako baldintza bereziak betetzen dituztela (besteak beste, jardunbide onei, babes zientifikoari eta gaitasun-agiriei buruzko arauak) eta baldintza horiek modu eraginkorrean ezartzen direla.

Horiez gain, hauek ere aztertu ziren:

  • Haragi-ekoizpenerako hazitako oilaskoen ongizatearen baldintza kaskarrak direlako zantzuak ote dauden hiltegietan.
  • Batetik, garraia daitezkeen animaliak baino ez direla bidaltzen hiltegietara; bestetik, horretarako 883/2004 Araudian (EE) jasotako prozedurak ezartzen ote diren. Prozedura horiek ahalbidetu egiten dute animalien "premiazko hilketa" ustiategietan eta hiltegietara kanalak bidaltzea.

 

Ikuskaritza Asturiasko eta Galiziako hegazti-hiltegietan nahiz haragiki gorrien hiltegietan egin zen. Hona hemen ikuskaritzaren azken txostenean jasotako ondorio nagusiak:

 

  1. Gabeziak daude hiltegietako langileen prestakuntzari eta gaitasun-agiriei dagokienez.
  2. Gabeziak daude behiei eusteko boxetan.
  3. Ikuskatutako bi autonomia-erkidegoek oraintsu garatu dituzte jakinarazpen-sistema onak, eta aktiboki lan egiten dute hiltegietan animalien ongizatearen kontrola ezartzen.
  4. Hegaztien hiltegiko erakunde eskudunak ez zuen kontrol nahikorik egiten animalien zorabialdian eta hilketaren unean.
  5. Arazo larria da hiltegietara eraman ezin daitezkeen behien garraioa. Badaude autonomia-erkidegoetan araua betearazteko neurriak; alabaina, zehapenak ez dira disuasio-neurriak, eta ez dirudi laster konponduko denik aspaldiko arazo hori.
  6. Autonomia-erkidego gehienetan ez da kontrolik egiten, kortako hegaztien hiltegietan animalia-ongizateari buruzko post morten adierazle berezien erregistroaren gainean.

 

Ikuskaritzaren azken txostena

ANIMALIEN GARRAIOA HOBETZEKO EUROPAKO PROIEKTUA 15/03/27

Egile: ELIKA

Urtero, batez beste, elikagaietarako 365 milioi animalia garraiatzen dira Europako Batasunaren (EB) barruan; horietatik 6 milioi inguru bidaia luzeetan garraiatzen dira (8 ordutik gorakoetan).


Garraio-aldian animalien ongizatea bermatzeko, zenbait neurri hartzen dira. Nahitaezkoa da, besteak beste, Kontrol Guneak egotea (lehen "geldialdi-gune" deitzen zitzaien); horietan, animaliek atseden hartu behar dute bidaiaren zati bat egin ostean, eta elikagaiak eta ura eman behar zaizkie. Erakunde eskudunek baimendu behar dituzte gune horiek; halaber, guneok legeek ezarritako baldintza jakin batzuk bete behar dituzte.


Ikusi da kontrol-guneek zenbaitetan ez dituztela baldintza horiek betetzen. Hori dela eta, Europako Batzordeak (EB) azterlan bat egin du, batetik, EBn gaur egungo egoera-mapa bat edukitzeko eta, bestetik, estrategiak garatzeko, gune horien baldintzak hobetu eta eta garraiolariek hobeto erabil ditzaten. Horrez gain, instalazio horiei kalitate-egiaztagiri bat ematea ere aztertzen ari dira.

Honako hauek dira azterlanaren ondorio aipagarrienak:

Iraupen luzeko bidaien ibilbideak, animalia-espezien arabera

  • Behiak Irlandatik eta Europa ekialdeko herrialdeetatik Italiara, Espainiara eta Herbehereetara garraiatzen dira.
  • Zaldiak, nagusiki, Poloniatik, Errumaniatik eta Hungariatik Italiara eta Frantziara garraiatzen dira.
  • Ardi gehienak Europa ekialdetik hego-mendebaldera garraiatzen dira. Halaber, Espainiatik Italiara eta Greziara ere eramaten dira.
  • Txerriak, nagusiki, Europa ipar-hegoaldetik Espainiara, Italiara, Errumaniara eta Errusiara garraiatzen dira.
  • Urte batetik bestera aldatu egiten da animalia-kopurua, baina joan-etorri nagusien ibilbideak berberak izan ohi dira.

Kontrol-guneen erabilera eta ezaugarriak

  • 4 kontrol-gunek (Frantziako bik, Alemaniako batek eta Espainiako batek) okupazio handia izan ohi dute (edukiera osoaren erabileraren > % 60) gutxienez urtean 8 hilabetez.
  • Bisitarien erdiak-edo ohikoak izaten dira, eta beste erdiak, berriz, noizean behingoak.
  • Ez dago informaziorik kontrol-guneetako egonaldiaren inguruko arauak betetzen ez dituzten garraio-enpresen kopuruari buruz.
  • Kontrol-guneetako asko duela gutxi ezarri eta onetsi dira (% 40 2005az geroztik eta % 30 2000-2004 artean).
  • 57 kontrol-guneetatik 35 (% 61) onetsita daude, hala kontrol-gune gisa nola kontzentrazio-zentro gisa.
  • Gehienak garraio-ibilbide nagusietatik gertu daude. Batez besteko distantzia 10 kilometro ingurukoa da.
  • % 19 (11 kontrol-gune) espezie edo animalia-kategoria jakin baterako espezializatuta dago.

 

Azterlanean EBko kontrol-gune guztietatik 57k parte hartu dute. Gaur egun, 14 herrialdetan onartutako 157 kontrol-gune daude; hala ere, gutxienez 44k ez dihardute kontrol-gune gisa, edo itxita daude. Espainian, erregistraturiko 7 kontrol-guneetatik 3k bakarrik dihardute kontrol-gune gisa; gainerakoetatik, bi itxi egin dituzte, eta beste biek kontzentrazio-zentro gisa dihardute.


Azken txostena: Kontrol-guneei egiaztagiria emateko aukeraren ebaluazioa - Europako Batzordea

INFOGRAFIA BERRIA: ANIMALIEN ONGIZATEARENA ABERE-USTIATEGIETAN 14/12/22

Egile: ELIKA

ELIKAk beste infografia bat egin du eta bertan, oso modu grafikoan kontsultatu ahal izango duzu, animalien ongizateari dagokionez, abeltzaintza-ustiategietan zein lege-betekizun bete behar den.


Animalien ongizatearen arloan, Europako legediak xedatzen du giza kontsumorako elikagaietarako animalia espezie bakoitzari hazkuntza-baldintza batzuk ezarri behar zaizkiola. Halaber, azken urteotan araudi berriak jarri dira indarrean hainbat espezierentzat (besteak beste, txerriak eta hegaztiak), batik bat instalazioei eta hazkuntza-baldintzei dagokienez.


Aldi berean, araudi horrek xedatzen du oilaskoen eta txerrien zaintzaileek arloko prestakuntza jaso behar dutela, gutxienez 20 orduz. Lanabes hori prestakuntza-ekintzetarako lagungarri izan daiteke.


INFOGRAFIA

12 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.