elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreakAbeltzaintza/  Higienea eta Praktika Egokiak elika

Higienea eta Praktika Egokiak

ESNEAREN ETA ESNEKIEN KONTROL OFIZIALEN IKUSKARITZA ESPAINIAN - FVO 2016

Egile: FVO

Europako Batzordeko Elikadura eta Albaitaritza Bulegoak (FVO) Espainiako esne eta esnekiei lotutako kontrol ofizialen azken ikuskaritzaren emaitzak argitaratu ditu.

 

Laburbilduz, produktu horiei egindako kontrol ofizialak ondo garatu dira, eraginkorrak dira eta, oro har, lege-betebeharren eta urteko plangintzaren arabera gauzatzen dira.

 

Ez zen aurkitu elikadura-segurtasunerako balizko arriskurik.

 

Ikuskaritza-txostenaren emaitzei dagokienez, honako hauek aurki ditzakegu:

 

Gabeziak

  • Zenbait baimen eta kontroletan.
  • Araudiaren ezarpenean, esne-ekoizpenaren ustiategiei dagokienez.
  • Irizpide mikrobiologiko eta animalia-azpiproduktuei buruzko kontroletan.

 

Gomendioak

  • Animalia-jatorriko kontrolen neurriak hobetzea, bereziki esne eta esnekien kontroletan.
  • Baimendutako establezimenduen zerrendak eguneratuta daudela bermatzea.
  • Esne-ekoizpeneko ustiategietan higiene-betebeharren kontrol ofizialak aldizka eta maiztasun egokiarekin egiten direla bermatzea.
  • Listeria monocytogenes eta Salmonellari buruzko esnekien elikadura-enpresen ustiatzaileen laginketa-planak egokiak direla bermatzea.
  • Kontsumorako prest dauden elikagaien ekoizpenean diharduten enpresek eremuen eta ekoizpen-ekipamenduaren laginketa bat egitea Listeria monocytogenes antzemateko.
  • Animalia-azpiproduktuak jasotzeko erabilitako ontziek identifikazio-betebeharrak betetzen dituztela bermatzea.

 

Informe final de una auditoría realizada en España con objeto de evaluar el sistema de controles oficiales sobre la seguridad de los alimentos de origen animal, en particular de la leche y los productos lácteos – FVO 2016

EUSKADIK HIGIENE-ARAUDIA EKOIZPEN TXIKIETARA EGOKITZEA ARAUTU DU 16/05/31

Egile: Elika

Eusko Jaurlaritzak honako dekretu hau argitaratu zuen maiatzaren 24an: 6/2016 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzeko dena.


Araudi-esparru berri honek aukera ematen dio nekazaritzako elikagaien sektoreari erkidegoaren eskakizunak ustiategi txikien ezaugarri berezietara egokitzeko, une oro euren ekoizpenen segurtasuna bermatuz.Dekretua ekoizpen-bolumen mugatu bat (dagokion Jarraibide Teknikoan ezarriko da) duten nekazaritzako elikagaien enpresa txikiei aplikatuko zaie.


Ekoizpen motak lehen mailakoa zein eraldaketakoa dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan zuzeneko salmentaren edo merkaturatzeko zirkuitu laburraren bitartez merkaturatu ahal izango dira, hau da, tokiko edo gertuko salmenta-modalitatean. Nekazaritzako elikagaien enpresek beharko dituzten baimenak eta erregistroak lehen mailako ekoizpeneko oinarrizkoak (REGA Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorra, REGEPA Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorra) izango dira, eta, horrez gain, Osasun Sailari jakinarazi beharko diote aurretik (REACAV).


Dekretua Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Sailak eta Osasun Sailak egin eta izenpetu dute elkarrekin.


Higiene- eta osasun-betekizunen egokitzapena produktu edo produktu talde bakoitzari dagozkion Jarraibide Teknikoetan adieraziko da, eta aurki onetsiko dira Autonomia Erkidegoko Agindu baten bitartez. Orain arrautzen eta esne-ekoizpenaren azpisektoreei dagozkien jarraibideak izapidetzen ari dira, eta, laster, egingo dira beste ekoizpen batzuk; esaterako, barazki-kontserbak eta marmeladak edo ogia eta opilak.

 

 

Dekretuaren edukia

 

  • Helburua: Europako higienearen eta osasunaren arloko araudia Euskal Herriko nekazaritzako elikagaien ekoizpen txikietara egokitzea.
  • Aplikatzeko eremua:ekoizpen-bolumen txikia eta familia-enpresaren egitura duten jarduerak, hala lehen mailako ekoizpena nola eraldaketakoa.Ekoizpen bakoitzaren tamaina eta bolumena zehaztuta egongo dira dagokion Jarraibide Teknikoetan.
  • Merkaturatzea: Euskal Autonomia Erkidegora mugatuta dago, eta tokiko edo gertuko salmentaren modalitatea izango du (salmenta zuzena edo merkaturatzeko zirkuitu laburra).
  • Baimenak eta erregistroak:aurretiko jakinarazpena Osasun Publikoari (REACAV) eta lehen mailako ekoizpenaren arloko oinarrizko erregistroak (REGA, REGEPA).

 

Aurrekariak


Nekazaritzako elikagaien establezimendu txikiek larri ikusten dute euren errentagarritasuna, Higiene Paketean ezarritako eskakizunak betetzeko egin behar diren inbertsio ekonomikoak direla eta, bereziki eraldaketarako instalazioei dagokienez. Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritzako elikagaien gero eta sektore eta kontsumitzaile gehiagok eskatzen dute osasun- eta higiene-eskakizunen egokitzapenean aurrera egiteko, arlo horretako erkidegoko araudietan ezartzen den moduan.


Hori dela eta, Parlamentuak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Dekretu autonomiko baten bitartez Europako araudi horren egokitzapen bat aplikatu ahal izateko baldintzak erregulatzeko.


Agindu hori betetzeko, 2014ko otsailean Sailarteko Batzorde bat sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Sailburuordetzak eta Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Saileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak osatutakoa. Hortik aurrera, elkarrekin egin dute lan bi sailburuordetzek, Elikaren koordinazioarekin eta foru-aldundien eta nekazaritzako elikagaien arloko sektore-eragileekin batera.


Dekretu autonomiko hau argitaratu izana aurrerapauso handia da, zalantzarik gabe, elikagaien tokiko ekoizpenaren eta merkaturatzeko zirkuitu laburren arloan egitasmo berriak ezartzeari eta garatzeari dagokionez edo lehendik zeudenak dibertsifikatzeari dagokionez.

GIPUZKOAKO TENIASIARI/ZISTIZERKOSIARI BURUZKO AZTERKETA 16/01/27

Egile: Depto. Salud-GV

Teniasi-zistizerkosiari erreferentzia egiten dion konplexu parasitarioa zoonosi bat da, eta parasito beraren forma helduak (Taenia Saginata) eta forma gazte edo larbarioak (Cysticercus Bovis) sorrarazten dute. Gizakia (forma helduaren behin betiko ostalaria) infektatzeko modua behi-haragia gordinik edo gutxi eginda jatea da. Behiek (bitarteko ostalariak), aldiz, ahotik bereganatzen dute parasitosia, pentsuen, bazken, uraren eta halakoen bidez. Horretarako, animalien jakiek parasito helduaren arrautzekin kutsatuta egon behar dute; gizakiak gorozkien bidez kanporatzen ditu arrautza horiek.

Gizakietan erregistratutako teniasi-kasuen bilakaerak gora egin zuela egiaztatu ondoren, eta ikusita 2000. eta 2004. urteen artean behi-aziendaren hiltegietako hil ondorengo azterketetan diagnostikatutako zistizerkosi-kasuak pixkanaka areagotzen ari zirela, Gipuzkoako teniasi-zistizerkosiaren zaintza aktibo protokolizaturako azterketa bat egitea proposatu zen. Azterketa horren emaitzak ikusgai daude Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren Sailak argitaratutako txostenean. Bertan, 2015-2013 aldiko datuak daude jasota.

Honako hauek dira ondorio aipagarrienak:

  • Gipuzkoako lurraldean egin den zaintza aktiboak iraun duen aldian (9 urte), behien zistizerkosi-kasuek behera egin dute, % 0,02ra arte, eta gizakien teniasi-kasuak % 3,25eko prebalentziatik % 1,68ra igaro dira 2013an.
  • Gipuzkoan, intzidentzia txikiko lurralde gisa katalogatuta badago ere, ikuspegi epidemiologikotik begiratuta bere horretan jarraitzen du ziklo parasitarioak, nahiz eta hori eteteko kontrol-neurriak ezarri diren.
  • Naturan egiten diren turismo- eta kirol-jarduerak eta ganadu-zaintzaileen higiene-jardunbide okerrak direla eta, bazkak eta urak kutsatu egiten dira parasitodun banakoek kanporatutako Taenia Saginataren arrautzekin. Datuen azterketan ikus daiteke parkeek eta aisialdirako eremu naturalek kasuistika areagotzen dutela.
  • Hiltegietako haragietan diagnostikoa egiten dela bermatzeko, beharrezkoa da kasu positiboak dituzten ustiategietatik datozen animaliei hil ondorengo azterketa egitea eta, horrez gain, detekzio azkarrerako testak egitea hiltegian bertan eta kanal positiboak hotzaren bidez tratatzea.
  • Konplexu parasitario hori dela eta, osasuna sustatu behar da herritarren artean, horri lotutako faktoreak ezagutarazteko eta aholku batzuk emateko. Hauek dira, besteak beste, aholku horietako batzuk: kirol- eta turismo-jarduerak egitean kaka aire zabalean ez egitea; haragi gordinik ez jatea, edo, bestela, haragi hori aldez aurretik izoztea.
  • Beharrezkoa da diziplina askotatik esku hartzea eta koordinazio-lanak ezartzea esparru hauetako lan-arloen artean: laguntza-osasuna, osasun publikoa, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna.

Informazio gehiago - Azterketa osoa

8 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.