elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak /  Abeltzaintza  /  Beste batzuk elika

Beste batzuk


TXERRIAK POST MORTEN IKUSKATZEKO NEURRI BERRIAK 14/03/20

Egile: CE

Gaur egun, txerriak post morten ikuskatzeari dagokionez, 854/2004 Araudiak, animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialei buruzkoak, ezartzen dituen neurriak daude indarrean. Nolanahi ere, 2014ko ekainaren 1etik aurrera indarrean sartuko da 219/2014 Araudia, martxoaren 7an argitaratu zena. Araudi horrek aldarazi egiten du 854/2004 Araudiko I. eranskina, etxeko suidoak post morten ikuskatzeko berariazko betekizunei dagokienez.

Araudi horrek dakarren berrikuntza da esku-teknikak susmagarriak diren txerriak post morten ikuskatzean baino ez direla erabiliko, eta begi-ikuskapenaren prozedura hauek ezartzen ditu:

  • Buruarena eta eztarriarena, ahoarena, ahutzena eta mingainarena.
  • Birikena, trakearena eta hestegorriarena.
  • Perikardioarena eta bihotzarena.
  • Diafragmarena.
  • Gibelarena eta linfa-gongoil hepatiko zein pankreatikoena.
  • Traktu gastrointestinalarena, mesenterioarena eta linfa-gongoil gastriko zein mesenterikoena
  • Barearena.
  • Giltzurrunena.
  • Pleurarena eta peritoneoarena.
  • Sexu-organoena (zakilarena izan ezik, baldi eta dagoeneko baztertu bada).
  • Errapena eta linfa-gongoilena.
  • Animalia gazteen zilbor-gunearena eta artikulazioena.

Neurrien aldaketa hori 2011n EFSAk haragia ikuskatzean aintzat hartu beharreko osasun publikoarentzako arriskuen inguruan eman zuen irizpenaren ondorio da. Irizpen horren ondorioa da gaur egun post morten ikuskapenean eskatzen diren haztapenek eta ebakiek arrisku bakteriologikoarekin gurutzatutako kutsadura-arriskua eragiten dezaketela, eta kutsadura gurutzatua gertatzeko arrisku hori handiagoa dela teknika horrekin bilatzen diren gaitzen arriskua baino. Ondorioz, ezarri zuen esku-teknika horiek susmagarriak diren txerriekin baino ez direla erabili behar.

Araudi berriaren arabera, honako hauen arabera hartuko da txerri bat susmagarritzat:

  1. Animalien jatorrizko ustiategiari buruzko datu epidemiologikoak edo beste datu batzuk.
  2. Elikakateari buruzko informazioa.
  3. Ante morten ikuskapenaren ondorioek edo post morten atzemandako irregulartasun bereizgarriek adierazten badute arriskua egon daitekeela osasun publikoarentzat, animalien osasunarentzat edo animalien ongizatearentzat.

Azkenik, lege-testuak dio albaitari ofizialak aukera eduki behar duela erabakitzeko zein haztapen edo ebaki egin behar diren post morten ikuskapenean, haragia giza kontsumorako egokia dela zehazteko.

Araudi berria

BERRIKUNTZAK TXERRI-USTIATEGIETAKO AZPIPRODUKTUAK SUNTSITZEKO 13/12/02

Egile: MAGRAMA

MAGRAMAk 894/2013 Errege Dekretua argitaratu du, txerri-ustiategietan azpiproduktuak auto-hidrolisiaren tratamenduaren bidez biltegiratzea baimentzen duena. Dekretu horrek aldarazi egiten du 1528/2012 Dekretua.

Europako legediak baimendu egiten die hainbat estatu kideri, besteak beste Espainiari, hidrolisia erabiltzea, azpiproduktuak biltegiratzeko metodo gisa. Horren truk, estatu kide horiek hitzematen dute kontrol zehatzak ezarriko dituztela operadoreei dagokienez, osasun- edo ingurumen-arriskuak prebenitze aldera.

Horren haritik, 2009an EFSAk irizpen bat argitaratu zuen bunker sistema erabilita animalien gorpuak suntsitzeko alternatiben azterlan-proiektuari buruz. Irizpen horretan zioen bunker sistema aldi baterako baliabide gisa erabil daitekeela, abeltzaintza-ustiategietan sortutako animalia-azpiproduktuak biltegiratzeko, arrisku gehigarririk izan gabe; baldin eta lortutako material guztia hainbat baldintzaren arabera prozesatzen bada.

Azaroaren 24an hasi zen Errege Dekretu berriaren indarraldia, eta, zehazki, honako berrikuntza hauek dakartza:

  1. Ustiategiek azpiproduktuak aldi baterako biltegiratzeko sistema bat izan dezakete, eta epe horretan bat-bateko auto-hidrolisi fenomenoak gertatutako dira.
  2. Sistema hori instalatu ahal izateko, aldez aurretik administrazio-baimena beharko da.
  3. Agintari eskudunek erregistro eguneratua izango dute hidrolisia erabiltzeko baimena duten ustiategiei buruz. Datuak jakinaraziko dituzte.
  4. Agintaritza eskudunak kontrol ofizialak egingo ditu hidrolisia erabiltzen duten ustiategietan eta material hidrolizatuak bildu zein kudeatzen dituzten instalazioetan.

Honako hauek dira auto-hidrolisiaren bidez kudea daitezkeen materialak:

  • 2. mailakoak: sakrifikatu gabe edo giza kontsumorako akabatu gabe hildako animaliak edo animalien zatiak (gaixotasunak kontrolatzeko hildakoenak barne), fetuak, oozitoak, enbrioiak eta esperma, ugalketarako ez direnak.
  • 3. mailakoak: animalia bizien odola, plazenta, ilea eta apatx-ebakinak, baldin eta animalia horiek animaliei edo gizakiei transmititu ahal zaizkien gaixotasunen aztarnarik ez badute.

 

AGINTARIEK LAGUNTZA IZAN DEZAKETE HILTEGIEN KONTROL OFIZIALETAN 13/10/17

Egile: MSSSI

MSSSIk Errege Dekretuaren proiektu bat argitaratu du, baimentze aldera laguntza ematea haragitarako hegaztien eta lagomorfoen hiltegietan kontrol ofiziala egiten duten langileei.


Testuan zehaztu egiten dira sistema hori ezartzeko baldintza orokorrak, langile laguntzaileen kualifikazioa eta prestakuntza, eta baimen hori emateko bete beharreko baldintzak.


854/2004 Araudiak (EE), Animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialen antolaketari buruzkoak
, araupetzen du hiltegietako albaitari ofizialen jarduna. Bestalde, estatu kideei eskumena ematen die baimentzeko establezimendu horietako langileak kontrol ofizialetan laguntzaile gisa aritzea, baldintza jakin batzuetan.


Hona hemen laguntzeko bete beharreko baldintzak:

  1. Laguntza hori hiltegiko langile kualifikatuek emango dute (4. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz), eta ekoizpenaren arloko langileengandik bereizita eta albaitari ofizialak gainbegiratuta arituko dira. Kontrol ofizialetan lagunduko lukete, eginkizun jakin batzuk gauzatuz.
  2. Laguntzaileek eginiko jarduerak albaitari ofizialak gainbegiratuko ditu. Uneoro ebaluatuko ditu egindako lanak eta dokumentu bidez jasoko ditu.
  3. Parte hartzeko sistema hau ezarri nahi duten establezimenduek dagokion agintaritzari aurkeztuko diote euren jarduketa-plana, baita plan hori arriskuak eta kontrol-guneak aztertzeko sisteman sartzeko modua ere.

Errege Dekretuaren proiektua

9 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.