elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak /  Abeltzaintza  /  Beste batzuk elika

Beste batzuk


ESPAINIAN ANIMALIETAN MIKROBIOEN AURKAKO PRODUKTUAK ERABILTZEARI BURUZKO EUROPAKO IKUSKARITZA 17/07/20

Egile: CE

Animalietan mikrobioen aurkako produktuak zentzuz erabiltzeari buruzko ikerlan hau 2016ko urriaren 20tik 28ra egin zen, Espainian, Osasunaren eta Elikadura Segurtasunaren Zuzendaritza Orokorrak estatu kideetan egiten dituen ikerlanen artean. Ikerlan honen helburua zen, alde batetik, albaitaritza-medikamenduen erabilerarekin lotuta mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentzia dela-eta sortzen diren arazoei aurre egiteko neurriak praktikoki ezartzeari buruzko informazioa biltzea eta, bestetik, estatu kide batzuentzat kontu horri aurre egiteko lagungarri izan daitezkeen jarduera onen adibideak identifikatzea.

2014an Espainia izan zen albaitaritzan mikrobioen aurkako produktu gehien erabili zuen herrialdea, Albaitaritza Erabilerarako Mikrobioen Aurkako Produktuen Kontsumoa Zaintzeko Europako Proiektuari datuak aurkeztu zizkioten herrialdeen artean, eta, Medikamenduen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren arabera, salmentak areagotu egin ziren 2015ean. Horrez gain, Espainia da giza medikuntzan mikrobioen aurkako produktu gehien erabiltzen duten herrialdeetako bat ere.

Estrategia nazional bat ezarri da mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentziaren kontra 2014tik 2018ra arteko aldirako, “Osasun bakarra” kontzeptua oinarritzat hartuta. Estrategiak sei helburu ditu, eta helburuetako bakoitzak giza zein albaitaritza arloko ekintzak ditu. Helburuak kualitatiboak dira batez ere, eta borondatezko ekimenen mende daude; izan ere, Espainian ez dago erabilera zuhurreko printzipioak ezartzera behartzeko oinarri juridikorik. Orain arte eginiko lanek honako helburu hauek izan dituzte, besteak beste: antibiotikoen erabileraren jarraipena eta zaintza indartzea, abere-ustiategietako osasun-egoera ulertzea (bereziki txerrien sektoreko biosegurtasunetik hasita) eta funtzionarioak, albaitariak eta abeltzaintzaren sektorea mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentziari lotutako arazoen inguruan sentsibilizatzea.

Txostenean, oro har, ondorioztatzen da goiz dela oraindik mikrobioen aurkako produktuekiko erresistentziaren aurkako ekintza planaren eraginkortasuna hautemateko baina badaudela zantzuak erakusten dutenak nabarmen murriztu daitekeela Espainian mikrobioen aurkako produktuen erabilera, produktibitatean eta kostuetan eragin negatiborik izan gabe. Zantzu horiek Espainian kolistinaren erabilera murrizteko egin den borondatezko egitasmo batetik eta abeltzainen, albaitarien eta ekoizle taldeen ahalegin indibidualetatik eratorri dira.

Informazio gehiago

EBKO ABELTZAINTZA IRAUNKORRAREN ALDEKO BIDE-ORRIA – EU40

Egile: EU40

EU40k, Europako Parlamentuko kideen sareak, bide-orri bat osatu du Europar Batasunean abeltzaintza iraunkorra sustatzeko. Dokumentu horren xedea da EBn abeltzaintza-sektore iraunkorra izaten lagun dezaketen ekintzak zehaztea, berrikuntza, teknologia eta zientzia oinarri duten konponbideak erabiliz. Gainera, bat dator EU40 taldearen filosofiarekin, hau da, EBn abeltzaintza iraunkorragoa izateko xedearekin.

ERRONKAK
Gaur egungo erronkarik handienetako bat elikagaiak modu iraunkorragoan ekoitzi ahal izatea da. Munduko biztanleria handitzen ari da, eta animalia-jatorriko proteinen kontsumoa goraka doa; aldi berean, klima-aldaketa geldiarazi beharra dago. Testuinguru horretan, Europak abeltzaintza-sektorearen iraunkortasuna hobetu behar du.

ZER DA ABELTZAINTZA IRAUNKORRA?
Abeltzaintza iraunkorraren bitartez, kalitate oneko produktu seguruak modu eraginkorrean ekoitzi nahi dira, alde batetik ingurumena eta bestetik nekazarien, haien langileen eta tokiko komunitateen gizarte- eta ekonomia-baldintzak babesteko eta hobetzeko. Horrez gain, animalia-espezie guztien osasuna eta ongizatea ere bermatu beharko ditu abeltzaintza iraunkorrak.

Kontzeptu horrekin bat, abeltzaintza ikuspegi holistiko eta intersekzional batetik landu behar da, eta hiru zutabe hauen gainean eraiki beharko da: ingurumenaren babesa, gizarte-ardura eta ekonomia-bideragarritasuna.


Agiri horretan, EBn abeltzaintza iraunkorra lortzeko zenbait jarduketa gako zehaztu dira kudeatzaile politikoei begira. Besteak beste, honako hauek azpimarra daitezke:


Ingurumenaren babesa

  • Abeltzaintza iraunkorrak bioekonomia zirkularrean duen eragina indartzea.
  • Animalien osasungintzan I+b sustatzeko eta abeltzainek kontzientziazio handiagoa lortzeko testuinguru politiko egokia sustatzea.
  • Ingurumenaren kalitatea aintzat hartzea berotegi-efektua eragiten duten gasak (GHG) kalkulatzean.

 

Gizarte-ardura

  • Iraunkortasunak antimikrobianoekiko erresistentziaren aurkako borrokan duen garrantzia azpimarratzea.
  • Animalien ongizatea neurtzea, emaitzak oinarri hartuta.
  • Europar Batasuna elikagai gutxiago xahutzeko egiten ari den borrokan abeltzaintza iraunkorrak daukan zeregina sendotzea.
  • Abeltzaintza-sektorearen eta kontsumitzaileen arteko arrakala murriztea, kontzientziazioa areagotzeko.

 

Ekonomia-bideragarritasuna

  • Abeltzainei laguntza ematea merkatuan lehiakorrak izaten jarrai dezaten.
  • Tokiko produktuen bereizketa sustatzea, eta iraunkortasuna balio erantsi gisa aurkeztea.
  • Abeltzaintzaren ikuspegi eta itxaropenei buruzko ikerketa sustatzea, kontsumitzaileen bilakaera-lehentasunei behar bezala erantzun ahal izateko.

 


EU-40: Roadmap for Sustainable EU Livestock

KRIMEA-KONGO SUKAR HEMORRAGIKOA ESPAINIAN 16/09/08

Egile: MSSSI

Irailaren 1ean, Carlos III.a Osasun Institutuko Mikrobiologiako Zentro Nazionalak Krimea-Kongo sukar hemorragikoko bi kasu zeudela baieztatu zuen, Espainian diagnostikatutako lehenak. Lehenengo kasua Madrilgo Erkidegoko ospitale batean artatutako paziente batena zen, eta zendu egin zen. Bigarren kasua, berriz, paziente hori bera artatu zuen Zainketa Intentsiboetako Unitateko erizain bat da.

 

Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak argitaratutako prentsa-oharraren arabera, Madrilgo Erkidegoarekin lankidetzan ari dira kasuarekin lotutako alderdi guztietan. Halaber, Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionalak ezarritako protokoloa aktibatu da, bai eta autonomia-erkidego guztiekin koordinazio-mekanismoak ere.

 

Krimea-Kongo birusa Bunyaviridae familiakoa da, eta Krimea-Kongo sukar hemorragikoaren eragilea da. Birus horrek ziklo naturala du akainetan; hain zuzen, horiek bektore gisa jarduten dute, eta haien gordailu nagusia hausnarkari basatiak eta etxetiarrak dira.

 

Birusa akainen bitartez eta infektatutako ganaduarekin (odola edo ehunak) kontaktuan egoteagatik transmititzen zaio gizakiari, batik bat. Pertsonen artean ere transmititu daiteke, infektatutakoen odol, jariakin, organo edo gorputzeko beste likido batzuekin kontaktu estua izanez gero.

 

Kasu gehienak ganadu-industriarekin lotutako pertsonetan agertzen dira, hala nola nekazarietan, hiltegietako langileetan eta albaitarietan. Gaixotasuna endemikoa da Afrikan, Balkanetan, Ekialde Hurbilean eta Asian.

 

Gaixotasunari buruzko informazio gehiago-OME

12 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.