elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreakAbeltzaintza / Abere Osasuna elika

Abere Osasuna

ANTIBIOTIKOEN TRANSMISIO ELEKTRONIKOA ARAUTU DA 18/04/26

Egile: ELIKA

Joan den apitilaren 18an, 191/2018 Errege-Dekretua argitaratu zen, giza kontsumorako diren animaliei zuzendutako antibiotikoen albaitarien aginduen datuen transmisio elektronikoa ezartzen duena.

Arau berria giza kontsumorako zuzenduta doazan antibiotikoetako albaitarien agindu guztiei aplikatuko da eta transmisio elektroniko hauen baldintzak arautzen ditu, ezarriz:

 

  • Albaiteroek, lan egiten dituzten ustiategietako giza-kontsumorako diren animaliei ezarritako antibiotikoen datuak administrazioari eman behar diote.

 

Honela, albaitarien eremuan, Antibiotikoen erresistentziaren aurkako Plana betetzen da, arauaren aplikazioak datu kuantitatiboak emango dituenez gero eta, beste alde batetik, erabilera egokiaren gainean kontzientziatuko du.

ETXEKO HEGAZTIAK MODU OSASUNGARRIAN HAZTEA 18/03/28

Egile: Elika

 

Nola prebeni ditzakegu Salmonella edo Hegazti gripearen ondoriozko infekzioak hegaztiak haztean?


Galdera horren eta beste hainbaten erantzuna CDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako AEBetako Zentroak egindako material interesgarrian aurkituko dugu.

Oro har erraz aurki dezakegu arrautzak manipulatu eta kontsumitu ondoren Salmonella infekzioa prebenitzeko moduei buruzko informazioa; alabaina, nahiko zaila gertatzen da hegaztiak haztean eta haiekin kontaktuan egotean infekzioak saihesteko moduei buruzko informazio osoa aurkitzea.


Hegazti bizidunekin (txitak, ahateak, antzarak) kontaktuan egoteak eta/edo haiek manipulatzeak nolabaiteko arriskua ekar dezake, arrisku-taldeetan batik bat, hala nola haurren artean.


Esate baterako, Salmonella bakterioa, hegaztien gorozkietan ez ezik, hegaztien gorputzean egon ohi da (lumetan, hanketan…), baita itxuraz garbi badaude ere, eta ingurunean ere egon daiteke (hazkuntza-lekuko zoruan, asketan, urasketan...).

Infekzio-arriskua are handiagoa izan ohi da hegaztiak edota materialak ukitu edo manipulatu ostean eskuak ahora eramaten baditugu; hori sarriago gertatzen da haurren artean.

 

  • Horregatik, garrantzitsua da eskuak uraz eta xaboiaz garbitzea hegaztiekin edo haien inguruko materialekin kontaktuan egon ondoren.

 


Salmonellaren ondoriozko infekzioaren prebentzioa

 

Hegaztien hazkuntzan:

 

  • Eskuak uraz eta xaboiaz garbitu (hala badagokio, desinfektatzailearekin) eta haurrek eskuak garbitzen dituztela begiratu.
  • Erosi hegaztiak hazkuntza-zentro baimenduek hornitzen dituzten establezimenduetan.
  • Hegazti bizidunei ez utzi etxe barruko guneetara sartzen, eta are gutxiago sukaldera edo elikagaiak gordetzen diren lekura.
  • Oinetako bereziak erabili hegaztiak hazten diren eremura sartzeko.
  • Ez jan eta ez edan hegaztiak hazten diren eremuan.

 

Hegazti-gripearen ondoriozko infekzioaren prebentzioa

 

A hegazti-gripearen birusak normalean ez du infekziorik eragiten gizakiengan. Hala eta guztiz ere, kasu batzuk agertu izan dira noizean behin; batez ere, hegaztiekin kontaktu estua eduki denean eta higiene-egoera kaskarra zenean.

Nolanahi ere, gogoan izan behar dira jarraibide hauek:

 

  • Ez izan kontaktu zuzenik hegazti basatiekin.
  • Ez izan kontakturik etxeko hegazti hilekin.
  • Ez egon kontaktuan hegaztien gorozkiak dauden guneekin.

 

Bidaietan


Ez dago inolako mugarik pertsonak kutsatu izan diren herrialdeetara bidaiatzeko. Dena dela, komeni da hauek kontuan hartzea:

 

  • Ez bisitatu hegaztiak dauden haztegiak, merkatuak edo zentroak.
  • Ez prestatu edo jan gutxi egindako hegazti-haragi edo -produktuak.
  • Higiene- eta garbiketa-ohiturak praktikan jarri.
  • Medikuarenera jo, bidaian zehar edo ondoren gaixotuz gero.

 

Informazio gehiago:

HEGAZTI-GRIPEAREN EGOERA EUROPAN (2017KO AZA. - 2018KO OTS.) 18/03/27

Egile: EFSA/ECDC

Europan, 2017ko azaroaren 16tik 2018ko otsailaren 15era bitartean, oso patogenoa den hegazti-gripearen (IAAP, H5N6) agerraldi bat eta IAAPren (H5N8) bost agerraldi detektatu dira eskortako hegaztietan, IAAPren (H5N6) beste bi agerraldi gatibu dauden hegaztietan, eta IAAPren (H5N6) 22 kasu hegazti basatietan.

 

Azterturiko kasuen arabera, IAAPren  birusak (H5N6) ez die hainbeste erasan eskortako hegaztiei, IAAPren birusarekin (H5N8) alderatuta. Horrez gain, gaur artean ez da frogatu Europan dabiltzan IAAPren birusek (H5N6) zerikusia dutenik gizakiak infektatzen dituzten kladoekin.

 

Bestalde, eta Bulgariako txostenen arabera, badirudi apalduz doazela IAAPrekin (H5N8) infektaturiko ahateen zantzu klinikoak.

 

Alabaina, IAAP (H5N8) oraindik ere presente dago Europan, eta oso hedatuta inguruko eskualdeetan. IAAPk (H5) hiru hilabeteotan hegazti basatietan eragin dituen heriotza-kasu gehienak banako hegaztien arteko kasu puntualekin lotuta daude. Gainera, patogenotasun eskaseko hegazti-gripearen 20 agerraldi jakinarazi dira hiru estatu kidetan.

 

Egoera hori ikusirik, ondorio hau atera da, besteak beste: Europan arrisku txikia dago herritarrei animalien bidez gripea transmititzeko.

 

Bestalde, A hegazti-gripeak (H7N4) kutsatutako gizaki baten lehen kasua jakinarazi da Txinan; horrek agerian jartzen du hegazti-gripearen birus emergenteek gaixotasuna gizakiei transmititzeko arriskua dagoela. Aurrerantzean ere zorrotz kontrolatu behar da Afrikan eta Ekialde Hurbilean zein den IAAPren (H5N1 eta H5N8) egoera. Birusa kontrolik gabe hedatzen bada, eta gerora geografikoki Europarekin lotuta dauden eskualdeetan bilakaera genetikoa baldin badu, kezka areagotuko da eta birusa hedatzeko arrisku handiagoa sortuko da. Oraindik ere uste da hirugarren herrialdeetatik migrazio-hegaztien bidez IAAP Europara sartzeko arriskua askoz txikiagoa dela hegoaldeko mugak zeharkatzen dituzten hegazti basatien artean, ipar-ekialdeko mugak zeharkatzen dituzten hegaztien artean baino. Gripea merkataritzaren bidez transmititzeko arriskua, berriz, oso-oso txikia da oraindik.

 

IAAPren egoerari buruzko hiru hilean behingo txostena

60 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.