elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak / Elikagaien industria / Etiketatzea eta Trazabilitatea elika

Etiketatzea eta Trazabilitatea

ELIKAGAIEN XAHUTZEA ETA ETIKETETAKO GUTXIENEKO IRAUPEN-DATA 17/07/07

Egile: Nordic Counsil of Ministers

 

Europa iparraldeko proiektu baten harira, elikagaien etiketetan gutxieneko iraupen-data adierazten hasi dira, ahalik eta elikagai gutxiena gal daitezen alferrik. Proiektua hazkunde berdearen egitasmoaren parte da, zeinak ekarpena egiten baitio ekonomia zirkularraren lanari.

Proiektuaren helburu nagusia zen elikagaien etiketetako gutxieneko iraupen-dataren adierazpena hobeto erabil dadin sustatzea, elikagaien kaltegabetasuna arriskuan jarri gabe. Orain, proiektuari buruzko txostena argitaratu da. 

 

Elikagaien etiketak kontsumitzaileari emandako informazioari buruzko 1169/2011 (EB) Araudiaren bitartez arautzen dira. Araudian esaten da beharrezkoa dela elikagaien gutxieneko iraupen-data adieraztea. Mikrobiologikoki erraz hondatzen diren elikagaien kasuan (aintzat hartuta horrek giza osasunerako berehalako arriskua eragin dezakeela), gutxieneko iraupen-dataren ordez iraungitze-data jarriko da.

Datak honela adieraziko dira:

“ahal dela, kontsumitu … baino lehen”, datan eguna adierazten denean.

“ahal dela, kontsumitu … amaitu baino lehen”, gainerako kasuetan.

Nolanahi ere den:

Elikagaien iraupena hiru hilabetetik beherakoa bada, nahikoa izango da eguna eta hilabetea adieraztea.

Elikagaien iraupena hiru hilabetetik gorakoa baina hemezortzi hilabetetik beherakoa bada, nahikoa izango da hilabetea eta urtea adieraztea.

Elikagaien iraupena hemezortzi hilabetetik gorakoa bada, nahikoa izango da urtea adieraztea.

 

Ikerketan eginiko kontrolen emaitzek diote data behar bezala adierazten dela etiketetan. Hala ere, agerian utzi zuten, era berean, alde handiak daudela hoztutako produktuen iraupenaren kalkuluan. Elikagai-kategoria bakoitzaren barruan, iraupena nabarmen aldatzen zen, eta produktu talde batzuetan desberdintasunak zeuden gutxieneko iraupen-dataren adierazpenean.

Emandako orientazioen arabera, ekoizleen ardura da produktuaren kalitateari, ekoizpen-prozesuari eta bilgarriaren ezaugarriei buruzko ebaluazio bat egitea, etiketan adierazitako data ahalik eta gehiena bat etorri dadin produktuaren bizitza erabilgarriarekin eta, horrela, ez daitezen alferrik galdu lasai asko kontsumi litezkeen elikagaiak.

Gainera, aholkuak eman dituzte kontsumitzaileentzat, jakin dezaten ea elikagaia kontsumi dezaketen behin kontsumo lehenetsiaren data (inoiz ez iraungitze-data) igarota.

Ondorioak:

• Kontsumo lehenetsiaren data arreta handiz ezarri behar da, eta iraungitze-data elikagai oso galkorretan baino ez da ezarri behar.

• Elikadura-industriari, txikizkariei eta kontsumitzaileei informazio gehiago eman behar zaie etiketetan adierazten diren datei eta elikagaien iraunaldiari buruz, bai eta elikagaien biltegiratzeari eta manipulazioari buruz ere, oinarrizkoa baita elikagaiek iraun dezaten.

• Ezinbestekoa da elikagai galkorrentzako tenperatura egokitzen saiatzea.

• Europa iparraldeko proiektuaren taldeak gomendatzen du arrautzak beste edozein elikagai bezala arautzea.

 

 

Food waste and date labelling–2017

K BITAMINAREN ERREFERENTZIAZKO BALIO DIETETIKOAK 17/05/24

Egile: EFSA

EFSAk K bitaminaren erreferentziazko balio dietetikoak zehaztu ditu, hartu beharreko nutrienteei buruzko bere azterketaren barnean.

Dietetika Produktuen, Nutrizioaren eta Alergien Taldeak erabaki zuen bere horretan uztea Elikadurarako Zientzia Batzordeak 1993an ezarritako erreferentziazko balio dietetikoak. Hasiera batean “mg” zehaztu zen neurketa-unitate gisa, baina EFSAk egokiagotzat jo du “μg” erabiltzea, eta, beraz, zuzendu egin da.

Horren ondorioz, Dietetika Produktuen, Nutrizioaren eta Alergien Taldeak zehaztu zuen honako hauek zirela egunero hartu beharreko K bitaminaren kopuru egokiak:

 

• 7-11 hilabeteko bularreko haurrentzat, 10 μg.

• 1 eta 3 urte arteko haurrentzat, 12 μg.

• 4 eta 6 urte arteko haurrentzat, 20 μg.

• 7 eta 10 urte arteko haurrentzat, 30 μg.

• 11 eta 14 urte arteko haurrentzat, 45 μg.

• 15 eta 17 urte arteko nerabeentzat, 65 μg.

• Helduentzat, haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeak barne, 70 μg.

 

K bitamina lipodisolbagarria da eta garrantzitsua da odola koagulatzeko eta hezurrak mineralizatzeko. K bitamina gutxi hartzeak odol gehiago botatzea ekar dezake, odola koagulatzeko faktoreen jarduera txikiaren ondorioz.

Elikagaietan, orri berde iluneko barazkiek dute K bitamina: espinakak, letxugak, aza kizkurrak eta bruselazak, besteak beste.

 

Dietary Reference Values for vitamin K - EFSA 2017

 

EDARI ALKOHOLDUNAK: OSAGAI-ZERRENDA ETA NUTRIZIO-INFORMAZIOA NAHITAEZ EKITETATZEARI BURUZKO TXOSTENA 17/03/15

Egile: CE

 

Kontsumitzaileentzako informazioari buruzko 1169/20111 (EB) Araudiaren arabera, % 1,2ko alkohol-bolumena baino handiagoa zuten edari alkoholdunak salbuetsita zeuden osagai-zerrenda eta nutrizio-informazioa adieraztetik; halere, Batzordea txosten bat egitera behartzen zuen, azter zezan ea etorkizunean informazio hori eman behar zitekeen eta “alkopop” terminoaren definizio bat proposatu behar zen.

Batzordeak txostena argitaratu du, eta oinarri hartu ditu alde interesdunek araudia ezarri aurretik eta ondoren edari alkoholdunen etiketei buruz erakutsitako jarrerak. Hona hemen ondorioak:

Europako Parlamentua, Osasunaren Mundu Erakundea eta kontsumitzaileen eta osasun publikoaren arloko elkarteak edari alkoholdunak etiketatzeko beste arau batzuk eskatzen ari dira orain, batez ere balio energetikoari begira. Aurretik, eragindako sektoreak nahitaezko etiketen aurka agertu ziren, baina gaur egun onartzen dute kontsumitzaileek eskubidea daukatela zer edaten ari diren jakiteko.

Kontsumitzaileentzat, osagai-zerrenda eta nutrizio-informazioa funtsezkoak dira bizimodu osasungarriagoen inguruko erabakiak hartzeko. Batzordeak ez du objektiboki azaldu edari alkoholdunetan zergatik ez den ageri osagai-zerrenda eta nutrizio-informaziorik, ezta zergatik ematen zaien tratu berezia edariotako batzuei ere (“alkopop” direlakoei, esaterako). Fase honetan, beraz, Batzordeak ez du uste alkopopen definizio espezifiko bat ezarri behar denik, ezta definizio horrek balio erantsi garbia emango duenik ere.

Txostenak erakusten duenez, sektorea gero eta trebatuago dago zer edaten ari diren jakin nahi duten kontsumitzaileen espektatibei erantzuteko. Izan ere, sektoreak borondatezko gero eta egitasmo gehiago abiatzen ditu kontsumitzaileei osagai-zerrendaren, balio energetikoaren edo nutrizio-informazio osoaren inguruko azalpenak emateko, dela etiketan bertan dela beste bide batzuetatik.

Duela gutxiko bilakaera hori kontuan harturik, Batzordeak uste du osagai-zerrenda eta nutrizio-informazioa emateko borondatezko egitasmo horiek gehiago garatu beharko liratekeela. Hori dela eta, industriari eskatzen dio, alde batetik, kontsumitzaileen espektatibei erantzuteko eta, bestetik, edari alkoholdunen sektorea hartuko duen autorregulazio-proposamen bat aurkezteko, ondoren Batzordeak ebalua dezan.

 

Batzordeak Europako Parlamentuari eta Kontseiluari egindako txostena, edari alkoholdunen osagai-zerrenda eta nutrizio-adierazpena nahitaez etiketatzeari buruzkoa

20 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.