elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak / Elikagaien industria / Higienea elika

Higienea

ARTISAU-GAZTAA ETA -ESNEKIAK EGITEKO HIGIENE-PRAKTIKA EGOKIEN GIDA 18/02/07

Egile: CE

Gazta eta Esneki Ekoizle Artisauen eta Landakoen Europako Sareak (FACEnetwork) gidaliburu bat osatu du Europako Batzordeak diruz lagunduriko proiektu espezifiko baten barruan.

 

Gidaliburua egiteko erreferentziazko lege-oinarri gisa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 29ko 852/2004 (CE) Araudia hartu dute, elikagaien higieneari buruzkoa, eta zehazki 9. artikulua: “Higiene-praktika egokiei eta HACCPren printzipioak aplikatzeari buruzko Europako Erkidegoko gidaliburuek (...) elikagai-industrietako operadoreei laguntza eman behar diete HACCPren printzipioetan oinarrituriko higiene-praktika egokiak eta prozedura iraunkorrak ezartzeko. Europako ekoizpen-sektoreak egin behar ditu gidaliburu horiek, eta Europako agintaritzak ebaluatu eta onartu behar ditu, Europako Batzordeak gainbegiratuta”.

 

Nolako gidaliburua da? 

 

Gidaliburu hau landa- eta artisau-gaztak eta -esnekiak egiteko praktika espezifikoak aplikatzeko erabil daiteke, borondatez, eta hala higiene-praktika egokiei buruzko xehetasunak nola prebentziozko aholkuak jasotzen ditu, ekoizleei beren produktuak kaltegabeak direla ziur jakiten laguntzeko.

 

Aholkuok bat datoz higiene-eskakizun orokorrekin (852/2004 CE Araudia) eta esnea ekoizteko eskakizunekin (853/2004 CE Araudiaren III. eranskineko IX. atala). Gidak, halaber, HACCPren printzipioak modu espezifikoan eta egokituta aplikatzen ditu, eta sektoreko arrisku garrantzitsuenen analisi bateratu bat jasotzen du. Horrez gain, Europar Batasuneko zenbait herrialdetako esperientzia aintzat hartu denez gidaliburua egiteko, ekoizpen-metodo tradizionalak erabiltzen dituzten negozio txikietarako eta/edo operadoreentzako zenbait salbuespen ematen dira adibide gisa.

 

Norentzat da gidaliburua?

 

Gidaliburu hau esnekien landa-ekoizleek eta ekoizle artisauek erabil dezakete, borondatez. Nagusiki honako hauek sartzen dira sektore horretan: 

  • Landako gazta- eta esneki-ekoizleak, esnea batez ere beren artaldearekin eta metodo tradizionalei jarraituz egiten dutenak.
  • Gazta- eta esneki-ekoizle artisauak, esnea tokiko ekoizleengandik jaso eta metodo tradizionalei jarraituz eskala txikiko establezimenduetan prozesatzen dutenak.

 

Artisau-gazta eta -esnekiak egiteko higiene-praktika egokien Europako gida 

 

ALDAKETAK HARAGIA GARRAIATZEKO TENPERATURA-BALDINTZETAN 17/11/07

Egile: CE

Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean Europako Batzordearen 2017ko urriaren 31ko 2017/1981 (EB) Erregelamendua argitaratu da. Horren bitartez, aldatu egin da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 853/2004 (EB) Erregelamenduaren III. eranskina, haragia garraiatzeko tenperatura-baldintzei dagokienez.

 

EFSAk eginiko bi irizpenetan oinarrituta, Batzordeak erabaki du haragi freskoa, eta bereziki kanal edo zati handiak, garraiatzeko tenperatura-baldintzei buruzko ikuspuntu alternatibo malguagoak sartzea, betiere osasun publikoarentzat arrisku handiagoa ez badakar eta kontuan hartuta, oinarrizko printzipioaren arabera, haragi horrek 7 °C-tan hoztua izan behar duela, tenperatura etenik gabe jaitsita. Malgutasun handiagoa izanik, haragia azkarrago iritsiko da kontsumitzailearengana hilketaren ondoren eta horrela agian errazago salerosiko da haragi freskoa Europar Batasunaren barruan.

 

Erregelamendu berriaren arabera, produktu espezifiko batzuk ekoizteko haragia 7 gradura iritsi baino lehen garraiatu ahal izango da, baldin eta agintaritza eskudunak horretarako baimena ematen badu, betiere:

  • Garraioa jatorrizko eta helmugako agintaritza eskudunek establezimendu jakin batetik bestera garraiatzeko ezartzen dituzten baldintzekin bat etorriz gauzatzen bada.
  • Haragia hiltegitik edo hiltegiko instalazioen leku berean dagoen zatiketa-gela batetik ateratzen bada zuzenean, eta garraioak ez badu 2 ordutik gora irauten.
  • Arrazoi teknologikoak direla-eta justifikatuta baldin badago.

 

Halaber, ardi-, ahuntz-, behi- eta txerri-haragiaren kanalak, kanal erdi eta laurdenak, edo handizka saltzeko hiru piezatan zatitutako kanal erdiak garraiatzen badira, 1. puntuan ezarritako tenperaturara iritsi baino lehen hasi ahal izango dira garraiatzen, betiere baldintza hauek betetzen badira:

  1. Tenperatura APPCC printzipioetan oinarritutako prozeduren esparruan gainbegiratzen eta erregistratzen bada.
  2. Kanalak, kanal erdiak eta laurdenak, edo handizka saltzeko hiru piezatan moztutako kanal erdiak, garraiatzen dituzten elikadura-enpresetako langileek haragia ateratzen den lekuko agintaritza eskudunaren baimen dokumentatua jaso badute salbuespen hori gauzatzeko.
  3. Kanalak, kanal erdiak eta laurdenak, edo handizka saltzeko hiru piezatan moztutako kanal erdiak, garraiatzen dituen ibilgailuak kanal horiek ibilgailuan izango duten airearen tenperatura gainbegiratzen eta erregistratzen dituen gailu bat badu, agintaritza eskudunek egiaztatu ahal izan dezaten bete egiten direla 8) tartekian ezarritako denborari eta tenperaturari buruzko baldintzak.
  4. Kanalak, kanal erdiak eta laurdenak, edo handizka saltzeko hiru piezatan moztutako kanal erdiak, garraiatzen dituen ibilgailuak hiltegi bakar bateko haragia jasotzen badu garraio-aldi bakoitzean.
  5. Salbuespen hau aplikatzen zaien kanalek, kanal erdiek eta laurdenek, edo handizka saltzeko hiru piezatan moztutako kanal erdiek, 15 graduko tenperatura izan behar dute zentroan garraioaren hasieran, baldin eta 1. puntuko tenperaturari buruzko baldintza (hau da, 7 gradu) betetzen duten kanalen, kanal erdien eta laurdenen, edo handizka saltzeko hiru piezatan moztutako kanalen, konpartimentu berean garraiatzen badituzte.
  6. Bidalketarekin batera elikadura-enpresako langile baten adierazpena bidaltzen bada. Ohar horretan adieraziko da kargatu aurretik zenbat denbora egon diren kanalak hozten; zein unetan hasi diren kargatzen kanalak, kanal erdiak eta laurdenak, edo handizka saltzeko hiru piezatan moztutako kanal erdiak; garraioak baimenduta duen gehieneko iraupena; baimenaren data; eta salbuespena baimentzen duen agintaritza eskudunaren izena.
  7. Helmugako elikadura-enpresako langileak agintaritza eskudunei jakinarazi beharko die kanalak, kanal erdiak eta laurdenak, edo handizka saltzeko hiru piezatan moztutako kanal erdiak, lehen aldiz jaso baino lehen, zein kanal ez diren 1. puntuan ezarritako tenperaturara iritsi garraiatu baino lehen.
  8. Haragi hori erregelamendu honetan ezarritako parametroekin bat etorriz garraituko da.

 

2017/1981 (EB) Erregelamendua

APPCC SISTEMA: OSASUN SAILEKO ERREFERENTZI ESTANDARRA GAURKORATU DA 17/10/09

Egile: Dpto.Salud (GV)

APPCC Sisteman oinarritutako elikagai industrian martxan jarritako autokontrol sistemen ezarpena metodo eraginkorra da elikagaien kontsumoagatiko arriskuaz ohartarazteko eta, urte batzuetatik hona, berau da Osasun Sailaren estrategiarik nagusienetarikoa elikagai segurtasuna hobetzeko. 

 

Orain arte, irizpideak batzeko oso baliagarri izan den 2004 erreferentzi dokumentua erabili izan da. Halere, interesgarritzat jo da elikagai establezimenduetako arduradun eta teknikarientzat erreferentzi harmoniko gisa balioko duen Estandar bat lantzea APPCC sisteman oinarritutako autokontrol sistemei eta berauen erabilpen uniformea errazteari dagokienez. 

Gainera ezaugarri hauetako dokumentuak, establezimenduek, administrazioak planak baimentzeko eta auditoretzak egiteko erreferentzia gisa erabiliko duena ezagutzeko balio du. Dokumentuan hurrengoko hauek aurkituko dituzu:

 

- Erabilpen eremua

- Definizioak

- Autokontrol planaren baldintzak

- Laguntza planak

- Autokontrol sistemaren funtzionamendua

 

APPCC sistemaren erreferentzi estandarra_ Osasun Saila (EJ) 2017

 

12 orrialdetatik 1.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.