elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak /  Elikagaien industria  /  Beste batzuk elika

Beste batzuk

RASFF 2016 TXOSTENA 17/04/27

Egile: CE

Europako Batzordeak RASFF sistemaren bidez kudeatutako 2016ko alertei buruzko aurretiazko txostena argitaratu du.

Iaz, jatorrizko 2.993 jakinarazpen igorri ziren RASFF sistemaren bidez; horietatik 847 alerta gisa sailkatu ziren, 378 segimendua egiteko informazio gisa, 598 arretarako informazio gisa eta 1.170 mugan atzera botatakoen jakinarazpen gisa.

Jatorrizko jakinarazpen horietatik abiatuta, segimendua egiteko 7.288 jakinarazpen sortu ziren; alegia, jatorrizko jakinarazpen bakoitzeko 2,4 segimendu-jakinarazpen batez beste. Alerta-jakinarazpenetarako, batezbesteko hori jatorrizko jakinarazpen bakoitzeko 5,5 segimendu-jakinarazpenekoa izan zen. 2015eko datuekin alderatuta, alerta-jakinarazpenen kopurua % 9 areagotu zen; jakinarazpen horiek adierazten dute, hain zuzen, merkatuan dagoen produktu jakin batek osasunerako arrisku larria izan dezakeela. Igorritako segimendu-jakinarazpenak, berriz, % 16 areagotu ziren 2015aren aldean.

Zifra orokorretan, jatorrizko jakinarazpenak % 1,8 murriztu ziren 2015arekin alderatuta, baina segimendu-jakinarazpenak % 17,5 areagotu ziren; horrenbestez, orokorrean % 11,1eko gorakada gertatu zen.

Txostenetik ateratako datuen arabera, alerta-jakinarazpenak nagusi bihurtzen ari dira jatorrizko jakinarazpenen artean. Mugan atzera botatakoen kopuruak beheranzko joera hartu du 2011tik, 2015ean izan ezik. Alerten gorakada (bai segimenduei bai jatorrizko jakinarazpenei dagokienez) nabarmentzeko modukoa izan da hirugarren urtez jarraian; datu hori deigarria da kontuan hartuta beste jakinarazpen-mota batzuen kopurua behera egiten ari dela. Europako Batzordearen arabera, horrek agerian uzten du sareko kideak pixkanaka ahalegin handiagoa egiten ari direla erantzun azkarra behar duten produktu merkaturatuekin lotutako arrisku larriei aurre egiteko, eta, beraz, sarea gero eta eraginkorragoa dela.

RASFF Preliminary Annual Report 2016

DIOXINEN ETA PCBEN LAGINKETA ETA ANALISIA: ARAUDI BERRIA 17/04/18

Egile: EU

 

Argitara atera da Europako Batzordearen 2017/644 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ezartzen baitira elikagai jakin batzuetako dioxinen, dioxinen antzeko PCBen eta dioxinez bestelako PCBen mailak kontrolatzeko laginketa- eta analisi-metodoak, eta indargabetzen baita 589/2014 (EB) Erregelamendua.

Erregelamendu horretan aurreikusitako neurriak bat datoz Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorraren irizpenarekin.

Kontuan hartuta kasu gehienetan batera zehazten direla dioxinen, dioxinen antzeko PCBen eta dioxinez bestelako PCBen analisiak, komeni da horien errendimendu-irizpideak bateratzea, dioxinez bestelako PCBetarako errendimendu-irizpideak bat etor daitezen dioxinetarako eta dioxinen antzeko PCBetarako ezarritakoekin.

Horrez gain, gaur egungo xedapenetan garrantzi txikiagoko zenbait aldaketa egitea proposatu da; horretarako, 589/2014 (EB) Erregelamendua indarrik gabe utzi, eta Erregelamendu berri batekin ordezkatu behar izan da, testuaren irakurgarritasunari eusteko.

 

Erregelamenduaren eranskinetan gai hauek zehazten dira:

  • definizioak eta laburtzapenak
  • elikagai jakin batzuetako dioxina-mailen (pcdd/pcdf), dioxinen antzeko pcb-mailen eta dioxinez bestelako pcb-mailen kontrol ofizialerako laginketa-metodoak
  • elikagai jakin batzuetako dioxina-mailen (pcdd/pcdf) eta dioxinen antzeko pcb-mailen kontrola egiteko erabiltzen diren laginak prestatzea, eta kontrol horretarako erabiltzen diren analisi-metodoei aplikatu beharreko baldintzak
  • elikagai jakin batzuetako dioxinez bestelako pcb-mailen kontrola egiteko erabiltzen diren laginak prestatzea, eta kontrol horretarako erabiltzen diren analisi-metodoei aplikatu beharreko baldintzak

 

 

2017/644 (EB) Erregelamendua, Europako Batzordearena, zeinaren bidez ezartzen baitira elikagai jakin batzuetako dioxinen, dioxinen antzeko PCBen eta dioxinez bestelako PCBen mailak kontrolatzeko laginketa- eta analisi-metodoak, eta indargabetzen baita 589/2014 (EB)

LAKTITOLA: ELIKAGAIETARAKO OSAGAI BERRIA 17/03/28

Egile: CE

 

Batzordearen 2017/450 EB Exekuzio Erabakia argitaratu da; horren bitartez, laktitola elikagaietarako osagai berri gisa merkaturatzeko baimena ematen da.

Laktitolaren zenbait erabilera baimenduta daude, besteak beste elikagai-gehigarri erabilera; ondorioz, kezka zegoen kontsumitzaileengan gaizki-ulertuak sor zitezkeelako eta laktitol gehiegi kontsumi zezaketelako. Hori dela eta, ebaluazioa egiteko unean, kezka horiek guztiak kontuan hartu dira eta, azkenean, txostena aldekoa izan da honako baldintza hauekin:

Laktitola elikagaietarako osagai gisa merkaturatu daiteke honako kasu hauetan soilik:

  • Elikadura-osagarrietan, kapsula edo pilula eran
  • Helduentzat
  • Gehienez ere eguneko 20 gramoko dosian

Elementu hori duten elikagai-produktuen etiketan “laktitol” izenez agertu beharko da.

 

Batzordearen 2017/450 (EB) Exekuzio Erabakia, laktitola elikagaietarako osagai berri gisa merkaturatzeko baimena ematen duena.

<< Aurrekoa   36 orrialdetatik 11.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.