elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak /  Elikagaien industria  /  Beste batzuk elika

Beste batzuk

KONJAC GOMA (E-425): SEGURTASUNAREN BERREBALUAZIOA, ELIKADURA-GEHIGARRI GISA 17/07/03

Egile: EFSA

EFSAk konjac goma (E 425 i) eta konjac glukomananoa (E 425 ii) elikadura-gehigarriek duten konjac-a (E 425) berrebaluatu du, eta ebazpena argitaratu du, ondorioekin batera. 

257/2010 (EB) Araudiarekin bat etorriz, elikadura-gehigarri jakin batzuen arriskuak berrebaluatzen ari dira. Gaur egun, konjac-a (E 425) 10 g/kg-tan erabil daiteke gehienez ere elikagai-kategoria guztietan. Konjac goma eta konjac glukomananoa normalean ezin dira osorik xurgatu; hortaz, hesteetako mikrobiotak hartzitu egiten ditu. 

Konjac goma eta konjac glukomananoa ez ziren kezkagarriak genotoxikotasunari dagokionez. Datu-baseetan dauden toxikologia-ikerketak mugatuak badira ere, ez da kontrako ondorio nabarmenik aurkitu ingesta-ikerketetako arratoi eta txakurretan 90 eguneko epean. Helduek 12 astean eguneko 3.000 mg-ko dosia hartu ondoren, hainbat pertsonak abdomeneko mina sentitzen dute, baita beherakoa edo idorreria ere.

Panelaren ondorioen arabera, ez dago zenbakiz eguneko ingesta onargarria (EIO) zehaztu beharrik, ezta herritarren segurtasunagatik kezkatu beharrik ere konjac goma (E 425 i) eta konjac glukonananoa (E 425 ii) elikadura-gehigarri gisa gaur egungo baldintzetan erabiliz gero. Hau da, onargarria da elikagaietan gehienez ere 10 g/kg-tan erabiltzea, betiere iturri guztien ingesta, guztira, 3 g/egun-etik beherakoa bada.

 

Re-evaluation of konjac gum (E 425 i) and konjacglucomannan (E 425 ii) as food additives

 

PROTEINAZKO HIDROLIZATUEKIN EGINIKO JARRAIPENERAKO FORMULAK ETA BULARREKO UMEENTZAKO PRESTAKINAK: GIDA BERRIA 17/05/23

Egile: EFSA

EFSAk zenbait gidalerro berri argitaratu ditu, proteinazko hidrolizatuekin eginiko bularreko umeentzako prestakinak eta/edo jarraipenerako formulak baimentzeko espedienteak prestatzen eta aurkezten laguntzeko. Baliagarriak izango dira, halaber, ebaluatzeko produktu batek zenbateko eraginkortasuna izan dezakeen bularreko umeak esnearen proteinekiko alergia garatzeko duten arriskua murrizteko.

Indarreko araudia 2006koa da, baina 2016an berrikusi zen, EFSAren aholku zientifikoei jarraituz. Berrikuspenaren helburua izan zen formula fabrikatzeko erabilitako proteinazko hidrolizatu bakoitzaren segurtasuna eta egokitasuna zehaztea. EFSAk gomendatu du, halaber, azterketa klinikoak egitea, ebaluatzeko formula jakin batek zenbateko eraginkortasuna izan dezakeen bularreko umeak esnearen proteinekiko alergia garatzeko duten arriskua murrizteko.

 

Zer da proteinazko hidrolizatuaren formula?

Proteinazko hidrolizatuekin eginiko formulek maila desberdinetan partzialki degradatu diren proteinak dituzte; hala, bularreko umeek alergiak garatzeko arriskua murriztu egiten da.

 

Zer datu aurkeztu behar dituzte eskatzaileek?

Argitaratutako orientazio-gidan zehaztuta daude eskatzaileek eman behar dituzten datuak eta informazioa. Informazio hau eman behar da gutxienez:

 

  • Bularreko umeentzako prestakin hidrolizatuaren edo jarraipen-formulen ezaugarriak, fabrikazio-prozesuaren deskribapena barne.
  • Formularen elikadura-segurtasunari eta egokitasunari buruzko informazioa, erabilera-historialari buruzko informazioa barne. 
  • Produktuak esnearen proteinekiko alergia garatzeko arriskua murrizteko duen eraginkortasunari buruzko informazioa.

 

 

Proteinazko hidrolizatuekin eginiko bularreko umeentzako prestakinetan eta jarraipen-formuletan aplikatu beharrekoen gida (ingelesez)

ELIKAGAIAK UKITUKO DITUZTEN PLASTIKOZKO MATERIAL ETA OBJEKTUAK: LEGERIAREN ALDAKETA 17/05/11

Egile: UE

Argitaratu berri da 2017/752 Araudia (EB), elikagaiak ukituko dituzten plastikozko material eta objektuei buruzko 10/2011 Araudia (EB) aldatu eta zuzentzen duena.

Batzordearen 10/2011 Araudiak (EB) arau bereziak xedatzen ditu jakiak ukituko dituzten plastikozko material eta objektuen inguruan.

Araudia azkenekoz aldatu zenetik, Europako Elikagaien Segurtasunerako Agintaritzak beste txosten batzuk egin ditu elikagaiak ukitzen dituzten materialetan erabil daitezkeen substantzia jakin batzuei buruz, batetik, eta baimenduta dauden substantzien erabilera onargarriei buruz, bestetik. Gainera, testuan zenbait hutsegite eta anbiguotasun aurkitu dira. Hori dela eta, araudiak agintaritza horren azken ondorioak jasotzen dituela bermatzeko eta araudia egoki nola aplikatu behar den argitzeko, testua aldatu eta zuzendu behar da.

 

EFSAk aldeko zientzia-irizpenak eman ditu zenbait substantziaren erabilerari buruz, besteak beste:

 

• [[3,5-bis(1,1-dimetiletil)-4- hidroxifenil]-metil]dietil fosfonatoa

• azido metakrilikoaren, etil akrilatoaren, n-butil akrilatoaren, metil metakrilatoaren eta butadienoaren kopolimeroa, nanoforman

• dimetil-dialkil(C16-C18)-amonio kloruroak aldaturiko montmorillonita buztinaren gehigarria

• α-tokoferol c azetatoaren gehigarria

• ekilore-hazien azal birrinduak

 

Horrenbestez, beharrezkoa da 10/2011 Araudia (EB) aldatzea. Araudi horretan jasotako neurriak bat datoz Landareen, Animalien, Elikagaien eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrak emandako irizpenarekin.

 

Batzordearen 2017/752 Araudia (EB), elikagaiak ukituko dituzten plastikozko material eta objektuei buruzko 10/2011 Araudia (EB) aldatu eta zuzentzen duena

 

<< Aurrekoa   36 orrialdetatik 10.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.