elika Hemen zaude: Ikerketak / Europako sareak elika

Europako sareak

SusAn Lehenengo Newsletter argitalpena

09/02/2018
Egile: ILVO/ELIKA

ILVOk eta ELIKAk, Animalien Ekoizpen Iraunkorraren ERA-Net SusAn-en "Jakintzaren eta Komunikazioaren Trukeko" arduradunek, ERA-Net horren lehenengo informazio-buletina egin dute.


Lehenengo edizio honetan, ERA-Net-i buruzko sarrera motz bat egin dute eta informazio liburuxka argitaratu dute. Halaber, laburki azaltzen dira sareak kofinantzatzen dituen eta hasi berri diren 14 ikerketa-proiektuak, eta bakoitzari buruzko diptikoak argitaratu dira.


Bestalde, ELIKAk joan den azaroan Bilbon egindako ekitaldien berri ematen da: partzuergoaren urteko bilkura eta ikerketa-proiektuen lehenengo mintegia.


Eta, azkenik, egingo diren hurrengo ekitaldiak iragartzen dira, baita beste 2 Era-net-ekin (FACCE ERA-GAS eta ICT AGRI2) 2018an elikakatearen iraunkortasunaren arloan egingo den deialdi bateratua eta Animalien Ekoizpen Iraunkorrean I+g-ren Agenda Estrategikoa ere.


SusAn-en Newslettera lau hilean behin argitaratuko da eta lotura honetan egin daiteke harpidetza.



Newsletter SusAn- Otsaila 2018

ELIKAk ERA-Net-SusAn sarea hartu du Euskal Herrian

27/11/2017
Egile: ELIKA

Elikak ekitaldi batzuk antolatu ditu Bilbon, “Animalia Ekoizpenerako Sistema Iraunkorrak” ERA-Net SusAn sarearen harira:

  1. Azaroaren 22an SusAn partzuergoaren urteko bilera egin zuten, eta Europako 22 herrialdetako 38 erakunde bertaratu ziren.

  2. Azaroaren 23an eta 24an, SusAnen lehen deialdian diruz lagundutako 14 proiektuak ezagutarazteko hasierako mintegia egin zen, eta 58 lagunek parte hartu zuten, tartean 14 proiektuen koordinatzaileak, SusAneko 32 bazkide eta 12 interes-talde.


SusAn proiektuak:

SusAnek 14 ikerketa-proiektu transnazional finantzatu ditu guztira 16 milioi eurorekin, estatuetako eta eskualdeetako funtsen eta Europako Batzordearen beraren funtsen bidez. 14 proiektuok diziplinarteko eta eragile ugariko ikuspegi bati heltzen diote iraunkortasunaren 3 zutabeak lantzeko (ekonomia, ingurumena eta gizartea). 14 proiektuetako gehienak duela hilabete batzuk hasi ziren eta 3 urterako dira.


ILVOk, Informazioa Komunikatzeko eta Trukatzeko Estrategiaren arduradunak, ELIKArekin batera, 14 proiektuen triptikoak egin ditu, baita SusAni buruzko liburuxka orokor bat ere, informazioa zabaltzeko.


Proiektuen mintegia

Animalia-ekoizpenerako sistema iraunkorrekin lotuta dauden Europako, estatuetako eta eskualdeetako 12 interes-talde izan ziren proiektuen mintegian, ekitaldiaren lehen egunean aurkezturiko proiektuen berri zehatz-mehatz jakiteko.


Mintegiaren bigarren egunean lan-saio batzuk egin zituzten proiektuen espektatibak, balio gehigarria eta inpaktua elkarrekin partekatzeko eta eztabaidatzeko, alde batetik, eta animalien ongizatea, ingurumenaren iraunkortasuna eta antimikrobianoen erabilera hobetzeko ikerketa garrantzitsuago baten beharrak aztertzeko, bestetik.


Ondorioen artean, etorkizunerako egitasmo hauek aipa daitezke:

  • Beste deialdi bat egingo da beste bi ERA-Netekin batera (ICT-Agri eta ERA-GAS), 2018rako. 2018ko otsailean 3 ERA-Neten workshop bateratua egingo da, deialdiak bete behar dituen Ikerketa eta Berrikuntzaren (I+b) topic-ak identifikatzeko.

  • Proiektuen iraunaldiaren erdialdera bigarren mintegia egingo da, gutxi gorabehera 2019ko udaberrian.

  • ELIKAk jardunaldi bat egingo du Bruselan 2019ko udazkenean, SusAn partzuergoak identifikaturiko Europako, estatuetako eta eskualdeetako interes-talde guztiak eta proiektuen koordinatzaileak elkarlanean jartzeko.


ERA-NetS:

ERA-Net sareak Europako gobernuen baliabide bat dira, hala estatuetako nola eskualdeetako I+b proiektuak elkarrekin kudeatzea eta finantzatzea helburu dutenak. Deialdi transnazionalen bitartez, enpresei, teknologia-zentroei eta ikerketa-zentroei aukera ematen zaie beste herrialde batzuekin partzuergoan dituzten proiektuak aurkezteko.


Ildo horretatik, oso garrantzitsua da nabarmentzea Eusko Jaurlaritzak lan handia egiten duela bitarteko ekonomikoak jartzen, eta fundazio kudeatzaileek ere asko laguntzen dutela partaidetzari buruzko aholkuak ematen. Horrela, I+b arloko euskal erakundeak nazioartekotzea lortzen da, eta Euskadi ERA-Netetako eskualde erreferente bihurtzea.


Elikadurari dagokionez, ELIKAk, Eusko Jaurlatziraren Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren Sailburuordetzari lagunduz, elikagai-segurtasunaren eta elikakateko iraunkortasunaren esparruko Europako 4 saretan parte hartu du 2004az geroztik.


SusAn liburuxkak eta haren 14 proiektuak

SusAnen webgunea
SusAnen Twitter kontua


Berezi SusAn

ELIKAk Europako METROFOOD proiektuan parte hartzen du - ELIKA 2017

26/06/2017
Egile: ELIKA

ELIKA elikadura-kateko alderdi interesdunen foroan (“Stakeholders Forum"-SF) parte hartzen du, H2020k finantzatzen duen Europako METROFOOD proiektuaren esparruan.


METROFOOD proiektuaren helburu nagusia da elikagaien segurtasunaren eta nutrizioaren alorreko bikaintasun zientifikoa metodologiaren bidez hobetzea. Halaber, lankidetza eta elkarrekintza sustatu nahi ditu askotariko eragile eta interesdunen artean, datu-base komun eta partekatu bat sortze aldera.


Metodologia horren ardatza elikagaien osaerari eta elikadura-kate osoan zehar elikagaietan ager daitezkeen kutsatzaileei buruzko datuak jasotzean eta aztertzean dago, bai eta datu horiek neurtzeko tresna berriak garatzean ere.


Proiektua


METROFOOD-RI Ikerketa Azpiegitura (RI) berri bat da; bertan, askotariko jarduerak egiten dira datuak biltzeko eta datuen neurketa fidagarria dela bermatzeko. Bestalde, elikagaien segurtasunaren eta nutrizioaren alorreko oinarrizko ikerketak ere egiten dira.


Proiektua 2016an abiatu zen, eta 2018an bukatuko da. RIaren diseinua prest dago, eta orain eraikitzen ari dira (PRO-METROFOOD); hurrengo urratsak ezarpena, operagarritasuna eta iraunkortasuna izango dira.


Parte-hartzaileak


Partzuergoa 17 herrialdetako (Europar Batasuneko 14 herrialde eta 3 herrialde kide) 35 bazkidek eta nazioarteko bazkide batek osatzen dute. Euskal parte-hartzailea CIDETEC da, IK4koa.


Interesdunen foroa (SF) proiektuaren partzuergoko kide diren herrialde eta eskualdeetako elikadura-kate osoko ordezkariek osatzen dute:

 

  • Administrazio publikoa, besteak beste elikagaien segurtasunaren agentziak eta elikagaien kontrol- eta ikuskatze-agentziak (ELIKA, esate baterako).
  • Elikagaien ekoizpenaren eta elikagai-industrien arloko erakunde pribatuak eta elikadura-kateari loturiko Europako elkarteak.
  • Kontsumitzaileak, kontsumitzaileen elkarteen bitartez.

 

SF horren helburua da interesdunen lankidetza lortzea proiektuaren beharrizanak bete ahal izateko. Funtzio hauek ditu:

 

  1. Partzuergoari babesa ematea METROFOOD-RIko eta haren ekintza-esparruko interesdunen etengabeko azterketa sistematikoa egiteko.
  2. METROFOOD-RI ikerketa-azpiegituraren etorkizuneko erabiltzaileei eta interesdunei orientabide hobea ematea.
  3. Partzuergoko kideen, METROFOOD-RIren eta interesdunen arteko informazio-fluxua hobetzea.
  4. Komunikazio zuzena izatea izendatutako ordezkariekin, norabide zehatzeko eta fokatutako komunikazioa izateko.
  5. Interesdunei etengabeko informazioa ematea METROFOOD proiektuaren emaitzei eta oro har METROFOOD-RIri buruz.

 

Metrofood Stakeholder Forum


Folleto Metrofood

ERA-Net SusAn sareak diruz lagunduko ditu animalia-ekoizpenerako sistema iraunkorren 14 proiektu 17/02/13

13/02/2017
Egile: SusAn

ELIKAk parte hartzen duen ERA-Net SusAn sareak, animalia-ekoizpeneko sistema iraunkorren ingurukoak, diruz lagunduko ditu esparru horretako 14 ikerketa-proiektu. Guztira, Europako 23 bazkidek finantzatuko dituzte 14 proiektuak, 16 milioi eurorekin, ERA-Net sareak H2020 programaren bidez jasotzen duen EBren Top-up finantzaketa barne.

 

Deialdia 2 fasetan egin zen:

  1. Lehen fasean, 2016ko martxoan, 74 proposamen aurkeztu ziren.Proposamenek hautatzeko irizpideak betetzen ote zituzten aztertzean (proposamenen % 73 ziren hautagarriak) eta Nazioarteko Ebaluazio Batzorde batek aurre-ebaluazioa egin ostean, 29 proposamen aukeratu ziren bigarren fasera igarotzeko(2016ko iraila).
  2. Bigarren fasean, 29 proposamenen lehentasuna ezartzeko, Nazioarteko Ebaluazio Batzordeak oinarri hartu zituen EBk H2020 proiektuetarako erabili zituen ebaluazio-irizpide berberak (zientzia-bikaintasuna, inpaktu potentziala, kudeaketa eta ezarpena).Estatuko eta eskualdeko 23 bazkideen eta EBren funts erabilgarriak kontuan hartuz, azkenean 14 proiektu aukeratu dira guztira 16 milioi eurorekin finantzatzeko.

 

Proposamenetako bostetan, euskal erakundeetako eragile batzuek parte hartzen zuten, baina ez ziren bigarren fasera igaro, beste herrialde batzuen hautagarritasun-irizpidea betetzen ez zutelako (3 proposamen) eta aurre-ebaluazioko irizpideak betetzen ez zituztelako (2 proposamen).

 

Aukeratutako 14 proiektuak aurki hasiko dira (2017ko otsailean edo martxoan), eta 3 urte iraungo dute. Agiri honetan, labur azaltzen dira 14 proiektuek beteko dituzten helburuak eta emaitzak, baita proiektuetako bakoitzean parte hartzen duten erakundeak ere. Era berean, Nazioarteko Ebaluazio Batzordeko kideen zerrenda ere argitaratu da.

 

Aurtengo azken hiruhilekoan, interesdunei (teknologia-zentroei, administrazioari eta nekazaritzako elikagaien sektoreari) 14 proiektuen berri emateko mintegi bat egingo da Bilbon, ELIKAk antolaturik.

 

SusAn- Projects selected for funding

 

Members of the International EvaluationCommittee

Web SusAn

Berezi@: ERANET SusAn 16/04/25

25/04/2016
Egile: ELIKA

SusAn “European Research Area on Sustainable Animal Production Systems” arloa H2020ko ERANET Cofund bat da. ERANET hori duela gutxi onetsi da, eta Europan animalien ekoizpen-sistema iraunkorragoa lortzea du xede. Horretarako, Ikerketa eta berrikuntza (I+b) arloko deialdi eta ekintza bateratuak koordinatu eta ezarri behar dira, eta, ondorioz, animalien ekoizpen-sistema iraunkorren Agenda Estrategiko Bateratua osatu behar da.

ELIKAk sare horretan parte hartzen du, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasuna Sailaren ordezkari gisa, Europako beste 36 erakunderekin batera. Erakunde horiek animalien ekoizpenaren arloko I+b programa nazionalak eta eskualdekoak kudeatzen eta finantzatzen dituzte.

ERANET SusAn-en deialdiaren iragarpena 16/01/11

11/01/2016
Egile: ERANET SusAn

Urtarrilaren 4an, ERANET SusAn sareak (ELIKAk Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika Sailburuordetza ordezkatzen du han) proiektu-proposamenak aurkezteko deialdia iragarri zuen; zabalik egongo da 2016ko martxoaren 29ra arte.

Eusko Jaurlaritzak, ELIKAren bitartez, euskal ikerketa- eta teknologia-zentroek, unibertsitateek eta enpresek Europako proiektuetan duten parte-hartzea finantzatuko du. Horretarako, 100.000 euro jarriko ditu, gehienez ere.

 

H2020 programan zehazturiko diziplinarteko eta eragile askoko ikuspegia duten proiektuen proposamenak aurkez daitezke, betiere animalia-ekoizpenerako sistema iraunkorren ikerkuntzako hiru arlo hauek jorratzen badituzte:

  1. Ekonomia: Europako animalia-ekoizpenaren produktibitatea, suspertzeko gaitasuna eta lehiakortasuna hobetzea.
  2. Ingurumena: hondakinak murrizteko baliabideen erabilera hobetzea eta kudeatzea, eta Europako animalia-ekoizpenaren ingurumen-iraunkortasuna hobetzea.
  3. Gizartea: Kontsumitzaileen onargarritasuna hobetzeko ustiategietan jarduketak hobetzea, eta honako arlo hauekin lotutako gizarte-erronkei ekitea: animalien ongizatea, produktuen elikadura-kalitatea eta -segurtasuna, bioaniztasuna eta zerbitzu ekosistemikoen hornidura.

Partzuergoek zeharkako ikerketa-proposamenak aurkeztu behar dituzte, iraunkortasuna sendotzen duten hiru arlo hauek jorratzen dituztenak: lehiakortasun ekonomikoa, gizartearen onargarritasuna eta ingurumenaren babesa.

 

ERANETen partzuergoa 23 herrialdek eta eskualdetako 37 finantza-erakundek osatzen dute. Erakunde horiek hitzeman dute 17 milioi euro emango dituztela ikerketa-estrategien beharrak betetzen dituzten proiektuak finantzatzeko. Horietatik 4 milioi Europako Batzordearekin batera finantzatuko dira.

Proposamenak hautatzeko prozeduran bi fase beteko dira:

  • 1. fasea: Proposamenak hauta daitezkeen aztertuko da, deialdiaren zeharkako irizpideei eta estatuko edo eskualdeko arauei jarraituz (ikusi deialdiaren testu osoa).
  • 2. fasea: Lehen fasea gainditu duten proposamenek proposamen osoa aurkeztuko dute. Adituen Nazioarteko Batzorde batek ebaluatuko ditu proposamen osoak, H2020ren ebaluazio-irizpideen arabera. Azkenik, ranking handiena duten proposamenak hautatuko dituzte finantzatzeko.

 

SusAn sarearen webguneak bi plataforma ditu, bata proposamenak aurkezteko eta bestea bazkideak bilatzeko.

 

Call 2016 announcement

Submission tool

Partnering tool

ELIKAk parte hartuko du abeltzaintza iraunkorrari buruzko ERANET berri batean 15/11/26

26/11/2015

ELIKAk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren izenean, Horizonte 2020ko ERANET berri batean hartuko du parte: European Research Area on Sustainable Animal Production Systems” (SusAn).

SusAnen xedea da estatu kideen artean eta parte hartzen duten elkarteen artean abeltzaitzaren etorkizuneko garapena ikertzeko jarduerak koordinatzea eta babestea, iraunkortasunaren hiru zutabeei (ekonomia, gizartea eta ingurumena) dagokienez. SusAnek animalia-ekoizpenaren fase guztiak hartuko ditu: osasuna, ongizatea, hazkuntza, elikadura, eta eratorritako elikagaien kalitatea eta segurtasuna.

Europako 23 herrialdetako 36 erakundek osatzen dute sarea, eta H2020ren 5 milioi euroko finantzazioa du 5 urterako. Abenduaren 1ean hasiko da proiektua eta 2016ko urtarrilaren 4an deialdia irekiko da.

 

SusAN Europako sare berriaren gaia dela eta, NEIKERek artikulu bat egin du ELIKArekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Artikulu horretan, Euskadiko abeltzaintza-sektorearen gaur egungo egoera eta haren bilakaera deskribatzen dira.

 

SusAn: ERANET on Sustainable Animal Production Systems

Artikulu: Euskadiko abeltzaintza-sektorea

ERANET PLATFORMen gomendioak 14/10/08

09/10/2014
Egile: PLATFORM

ERANET PLATFORMek Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura, Bioindustria eta Ingurumeneko (SAFEFOODERA, SUSFOOD, besteak beste) 30 ERANET baino gehiago biltzen ditu, eta hainbat gomendio eta jardunbide egoki ezarri ditu deialdi bateratuak eraginkortasunez kudeatzeko, kostua/onura adierazleak definitzeko, eta beste ERANET, JPI, industria eta abarrekin elkarlanean aritzeko.

Gomendio horiek egungo eta etorkizuneko ERANETetara zuzenduta daude, eta 7 dipdikotan bildu dira:

Hona hemen gomendio horien ondorioz espero den inpaktua: ERANET berriak sortzea H2020an, elkarlan handiagoa koordinazio-sareen artean, koherentzia handiagoa estrategia eta jardunbideetan, elkarlanaren ikusgarritasun eta ezagutza handiagoa estatu kideen artean, eta lotura sendoagoak programazio nazionalaren eta Europan koordinatutako programazioaren artean.

PLATFORM, ERANETen ERANETa BIOEKONOMIAN - 2014

27/02/2014

Europako Batzordearen Berrikuntza eta Ikerketa Zuzendaritzak"Acciones ERANETs de Bioeconomía" liburua argitaratu du. Bertan zehatz azaltzen da zer diren ERANET sareak, eta Bioekonomiaren arloko 6. eta 7. esparru-programan finantzatutako 30 ERANET baino gehiagori buruzko xehetasunak ematen dira. Bioekonomiaren baitan daude bio oinarria (bioteknologia eta nekazaritzako elikagaiena) duten nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, akuikultura eta industriak. Horrela, bermatu egiten da elikagaien segurtasuna eta osasungarritasuna elikakate osoan.

PLATFORM, ERANETen ERANETa 2012az geroztik arduratu da Bioekonomiaren alorreko 30 ERANET horiek biltzeaz, jardunbide egokiak partekatzeko eta horien guztien artean trukea eta lankidetza hobetzeko. Azken xedea da Europako Ikerketa Arloari (ERA) eta Europako Bioekonomiari egiten dioten ekarpena indartzea.

2014aren amaieran, ERANET PLATFORMek bidaia-orri bat egingo du, gida legez erabiliko dena Horizonte 2020 Estrategia betetzeko. Europa elikagaien segurtasun iraunkorragorantz bideratzean datza, oinarrian Bioekonomia erreala jarrita. Estrategia horren osagai gako bat da itsasotik eta lurretik ateratako baliabide berriztagarriak erabiltzea, baliabide erabilgarrien hondakinak eraldatzea eta elikagaiak, pentsuak, bio produktuak eta bioenergia ekoiztea. Hori guztia ingurumenaren babesa bermatuta.

Estatu kideen arteko programazio estrategikoa, ERANET jardueren bidez, Europako indar-gune gisa aitortu da, nazioko eta herrialdeetako ikerketa-programen koordinazioari dagokionez. Are gehiago, ERANETei esker lortu da koordinazio-ekintzen sare sendoa eratzea: horien bidez handitu egin da Europako programenfinantzatzaileen eta kudeatzaileen arteko lankidetza, azken 10 urteotan, ikerketa-arlo estrategikoetan.

Europako Batzordeak zehaztu du ERANETak lehenengo pausua besterik ez direla mugarik gabeko ikerketa- eta berrikuntza-arlo bat finkatzeko bidean. Hurrengo pausua PBEak (Programazio Bateratuko Ekimenak) dira; hots, ERANETetan definitutako ikerketa-agenda estrategikoak bultzatzeko ekintzak. Horrela, Bioekonomiaren arloan honako ekimen hauek abiarazi dira:PBE-FACCE (Nekazaritza, Elikagaien Segurtasuna eta Klima-aldaketa) , PBE-HDHL (Bizimodu sanoa izateko dieta osasungarria) eta PBE-Oceans (Itsaso eta ozeano sano eta produktiboak).

 

Jardueren liburua: Bioekonomiaren ERANETak

Ikerketa-agenda Estrategikoa elikadura iraunkorrari dagokionez 14/02/26

26/02/2014
Egile: SUSFOOD

SUSFOOD 7. programa-esparruko ERA-net bat da, eta xede du elikadura iraunkorraren arloan ikerketari lehentasuna ematea nazioko agenden eta Horizonte 2020 agendaren barruan.

Helburu hori lortzeko, SUSFOODek Ikerketa-agenda Estrategikoa (SRA) osatu du. Agenda horrek zehazten du zein ikerketa-arlo jorratu behar diren elikagaien ekoizpenean eta kontsumoan, Europan garapen iraunkorra bermatzeko.

SRA ERA-net SUSFOODen lankidetza estuaren emaitza da. Bertan daude sartuta Europako 16 herrialdetako eta eskualdetako 25 bazkide (besteak beste, Euskadi).

Nazioetako edota eskualdeetako ikerketa- eta berrikuntza-arloko programen mugaz haraindiko koordinazioak maximizatu egiten du eragina, eta balioa ematen dio gaur egungo ikerketari, honako hauen bidez:

1. Ikerketa-jardueren eta zientzia-komunitateen, programen eta Europa osoko politiken artean sinergiak handituz.

2. Ikerketa osagarriaren zatiketa eta identifikazioa minimizatuz.

3. Elikagaien sektoreko berrikuntza eta lehiakortasun handienaz, hornidura-kate osoan elikagaien iraunkortasuna bermatuz.

SUSFOODek, SRAren bidez, sustatu egiten du diziplina anitzeko ikuspegia (elikagaien biologiatik ingeniaritzara, gizarte-zientzietara, ekonomiara eta giza zientzietara).

Ikerketa-agenda Estrategikoa (SRA)

SUSFOOD- ELIKADURA JASANGARRIAREN ERANET SAREA (2011-2014)

01/02/2014

Elika, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ordezkari gisa, ERANET SUSFOOD sarearen kide da, Elikadura Jasangarriari laguntza eman eta koordinatzeko sarea, hain zuzen.

SUSFOODen helburua da Estatu kideen eta elkartekideen arteko kooperazioa indartzea zientzia arloan, ikerketa lanek ahalbide ditzatela elikagaien produkzio sistema jasangarriagoak elikakate osoan zehar.

ERANET horrek sustatuko du parte-hartzaileen ikerketa-programak koordinatzea, eta honako ekintza hauek hartuko ditu beregain:

  1. Informazioa trukatzea eta multzokatzea, elikadura jasangarriaren inguruko praktika onenak identifikatze aldera.
  2. Ikerketa-programei buruzko orientazio estrategikoa eskaintzea, programak solapatzea ekidin eta arlo berriei ekite aldera.
  3. Ekintza bateratuak kudeatzea, hala nola: proiektuetarako deialdiak. Horrela, ikerketa ekintza estrategikoei laguntza eman ahal izango zaie arlo horretan.

Partzuergoa Europako 24 gobernuk eta erakundek osatzen dute, eta horiek guztiek ardura dute ikerketa-programak kudeatzeko eta finantzatzeko elikadura arloan. Europako Batzordeak ERANETa onetsi berri du, eta 2 milioi eurorekin finantzatuko du sarea 36 hilean zehar.

SAFEFOODERA (2004-2010)

30/06/2012

Elikagaiak kontsumitzearen ondorioz kontsumitzaileak izan litzakeen arriskuetatik babeste aldera, Elikagaien Segurtasuneko ERANET sare honen helburua da plataforma europarra ezartzea.

Hori lortzen da lankidetza estrategikoaren bidez, eta Sarea osatzen duten 25 herrialdeen arteko Elikagaien Segurtasun arloko ekintza bateratuak eta nazioz haraindikoak garatuz. Euskadi da sare horretan parte hartzen duen eskualde bakarra.

Azken zatian, sor litezkeen arriskuei buruzko PLATAFORMAren proposamena egin zuen (2009). Patlaforma bi helburu ditu: Batetik, gaur egun sor litezkeen arriskuen inguruan egiten den ikerketa-lana balioestea eta trukatzea; eta, bestetik, Elikagaien eta Pentsuen Segurtasun arloan sor litezkeen arriskuak proaktiboki identifikatzeko etorkizuneko estrategiak garatzea.

PERIAPT (2002-2004)

28/02/2007
Sor litezkeen Arriskuen ERANET sare honen helburua honako hau izan da: Europako herrialdeen eta eskualdeen artean (elikagaien arriskuen arloko ikerketa programak eta ekintzak kudeatzeaz eta finantzatzeaz arduratzen direnak) sare iraunkorra osatzeko oinarria ezartzea, elikagaiek eta pentsuek sor litzaketen arriskuen identifikazio proaktiboa hobetzeko neurriak geratu ahal izateko.
Arriskuen bilatzailea
Bilatu
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.eus
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
Diseño web Vitoria

Gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigazioa aztertzeko.

Bada, nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatzeko edo informazio gehiago lortzeko jo hona.