Nahitaez jakinarazi beharreko gaixotasuna al da?
Zer arrisku dakar osasun publikoarentzat?
Zein da bere banaketa geografikoa?
Nola transmititzen eta hedatzen da?
Laburpena
Untxien Gaixotasun Hemorragikoa (UGH) gaixotasun biriko akutua da, oso kutsakorra eta hilkortasun handikoa. Europako untxiari, etxekoa zein basatia, eragiten dio batez ere. Lagovirus generoko birusek (Caliciviridae familia) eragiten dute, batez ere RHDV1 eta RHDV2 genotipoek.
Nahitaez jakinarazi beharreko animalien gaixotasuna da, eta EZ die pertsonei eragiten.
Sintoma klinikoak batez ere untxi helduetan agertzen dira, eta bilakaera azkarra izaten dute. Besteak beste, sukarra, jateko gogoa galtzea, barneko odoljarioak eta, kasu askotan, bat-bateko heriotza eragin ditzakete. Gaixotasuna baieztatzeko, laborategiko diagnostikoa egin behar da.
Birusa kutsatutako animaliek sudur-jariakinen, gernuaren eta gorozkien bidez kanporatzen dute nagusiki. Transmisioa, batez ere, zeharka gertatzen da, bide fekal-oralaren bidez edo kutsatutako gainazalekin, bektore diren intsektuekin nahiz kutsatutako elikagaiekin kontaktuan jartzean.
Gaur egun, RHDV eta RHDV2 birusen aurkako txerto baimendu eta eraginkorrak daude.
1. Zer da?
Untxien Gaixotasun Hemorragikoa, Untxien Gaixotasun Hemorragiko Birikoa (UGHB) edo ingelesez Rabbit Haemorrhagic Disease (RHD) ere deitua, jatorri birikoko gaixotasun infekziosoa da. Hepatitis akutua, morbilitate handia eta hilkortasun-tasa altuak ditu ezaugarri nagusi.
Lagovirus generoko lagobirus batek eragiten du. Gaur egun, epidemiologiaren ikuspegitik garrantzitsuak diren bi aldaera bereizten dira:
- RHDV1 (andui klasikoak).
- RHDV2 (2010ean identifikatutako aldaera berria, gaur egun oso hedatua).
Gaixotasun honek osasun- eta ekonomia-arazo handia eragiten du untxi-hazkuntzan, eta, gainera, eragin ekologiko nabarmena du lagomorfo basatien populazioetan.
2. Zein espezieri eragiten die?
- Europako untxiari (Oryctolagus cuniculus), bai etxekoari bai basatiari (ostalari nagusia).
- Erbi-espezie batzuei ere eragin diezaieke, bereziki RHDV2 aldaerak.
- Beste lagomorfo batzuk ere sentikorrak izan daitezke egoera epidemiologiko jakin batzuetan.
3. . Nahitaez jakinarazi beharreko gaixotasuna al da?
Bai. UGH AOMEri eta Europar Batasunari nahitaez jakinarazi beharreko animalien gaixotasuna da.
4. Zer arrisku dakar osasun publikoarentzat?
UGH ez da ZOONOSIA; beraz, EZ die pertsonei eragiten eta EZ du osasun publikoarentzako arriskurik.
5. Zein da bere banaketa geografikoa?
Gaixotasuna mundu osoan dago hedatuta, eta Europako, Amerikako, Asiako, Afrikako eta Ozeaniako herrialde askotan hauteman da.
Birusak ingurumenarekiko erresistentzia handia du; bero moderatua, hotza eta lehorketa ondo jasaten ditu. Horren ondorioz, ingurunean luzaroago iraun eta errazago hedatzen da.
Gaixotasunaren mundu mailako banaketari buruzko informazio eguneratua kontsultatzeko, jo hona:
6. Nola transmititzen eta hedatzen da? (epidemiologia)
Birusa honako hauen bidez kanporatzen da nagusiki:
- Sudur-jariakinak.
- Gernua.
- Gorozkiak.
- Kutsatutako animalien odola eta ehunak.
Infekzio-iturriak
- Kutsatutako animaliak.
- Hilotzak.
- Kutsatutako materiala (kaiolak, ekipamendua, arropa, ibilgailuak eta tresnak).
- Kutsatutako ura eta elikagaiak.
Transmisio-bideak
Zuzeneko kontaktua
Kutsatutako animalien eta animalia sentikorren artean.
Zeharkako kontaktua
Honako hauen bidez:
- Kutsatutako materiala (fomiteak).
- Pertsonak.
- Bektore mekaniko diren intsektuak.
- Kutsatutako materiala garraiatzeko gai diren hegaztiak edo bestelako animaliak.
Bide fekal-orala
Gorozkien bidez kutsatutako ura, elikagaiak edo bestelako materialak irentsita.
Transmisio bertikala
Noizbehinka, amak umekiari birusa transmititzeko aukera hauteman da. Hala ere, transmisio-bide horren garrantzi epidemiologikoa mugatua da, transmisio zuzenarekin eta zeharkakoarekin alderatuz.
7. Zein dira sintoma klinikoak?
Sintoma klinikoak aldatu egin daitezke birus-anduiaren eta gaixotasunaren agerpen klinikoaren arabera.
Forma hiperakutua edo akutua
- Bat-bateko heriotza.
- Sukarra.
- Apatia.
- Anorexia.
- Arnasteko zailtasuna.
- Nerbio-sistemako sintomak.
- Konbultsioak.
- Sudurreko edo ahoko hemorragiak.
Heriotza, oro har, lehen sintoma klinikoak agertu eta 12-36 ordura gertatzen da.
Forma subakutua edo kronikoa
- Pisua galtzea.
- Min horia.
- Digestio-aparatuko nahasmenduak.
- Animalia batzuetan susperraldi partziala.
Hilkortasuna
Populazio sentikorretan, hilkortasun-tasa % 90era irits daiteke.
8. Nola diagnostikatzen da?
Diagnostiko motak honako hauek dira:
Diagnostiko diferentzial klinikoa
Ustiategi bateko untxietan edo populazio basatietan hilkortasun handia eta azkarra gertatzen denean gaixotasunaren susmoa dago.
Diagnostiko diferentzialean kontuan hartu beharreko gaixotasun nagusiak:
- Mixomatosia.
- Pasteurelosi septizemikoa.
- Salmonelosia.
- Enterotoxemia eta beste klostridiosi batzuk.
- Bakterioek eragindako septizemia akutuak.
- Intoxikazioak.
- Bat-bateko heriotza edo lesio hemorragiko sistemikoak eragiten dituzten bestelako prozesuak.
Laborategiko diagnostikoa
Baieztapena egiteko, laborategiko diagnostiko espezifikoa behar da. Honako metodo hauek erabiltzen dira:
- Birusaren zuzeneko detekzioa:
- PCR: birusaren material genetikoa detektatzeko.
- Antigenoa harrapatzeko ELISA: kaltetutako animalien ehunetan birus-antigenoak detektatzen ditu.
- Immunohistokimika (IHK): ehunetako lesioetan birus-antigenoak identifikatzen ditu, bereziki gibelean.
- Mikroskopia elektronikoa: partikula biralak ikusgai jar ditzake, nahiz eta gaur egun teknika molekularrak baino gutxiago erabiltzen den.
- Gomendatutako laginak, hildako edo sakrifikatutako animalietan:
- Gibela (aukerako lagina).
- Barea.
- Birika.
- Odola edo seruma, ahal denean.
9. Nola prebenitzen eta kontrolatzen da?
Ez dago tratamendu espezifikorik.
Neurri orokorrak
- Biosegurtasun-neurriak untxi-ustiategietan (desinfekzioa, sarbideen kontrola eta ustiategirako berariazko arropa erabiltzea).
- Bektore diren intsektuen kontrola.
- Gorpuak modu seguruan ezabatzea.
Txertaketa
- RHDV eta RHDV2 birusen aurkako txerto eraginkorrak daude eskuragarri.
- Untxigintzan eta etxeko untxien populazioetan kontrol-neurri nagusia da.
10. Erreferentziak eta legedia
- Enfermedad Hemorrágica del Conejo – OMSA
- Enfermedad Hemorrágica del Conejo – MAPA
- Enfermedad Hemorrágica del Conejo- Center for Food Security & Public Health
- Manual Merck Veterinario: EHC
- Real Decreto 1547/2004, de 25 de junio, por el que se establecen normas de ordenación de las explotaciones cunícolas.
- Real Decreto 779/2023, de 20 de junio, por el que se establece la lista de enfermedades de los animales de declaración obligatoria y se regula su notificación, hace que esta enfermedad sea de declaración obligatoria dado que se encuentra incluida en la Lista de la OIE y, en cumplimiento de lo estipulado en el Código Sanitario para los Animales Terrestres de la OIE, los Países y Territorios Miembros tienen la obligación de notificarla de forma semestral.
- Ley 8/2003 de Sanidad Animal
- Reglamento (UE) 2016/429 – Enfermedades transmisibles de los animales.
- Reglamento de Ejecución (UE) 2020/2002 – notificación y vigilancia.
Eguneraketa data: 2026/07/16

