Zer dira?
1. Elikadura-alergiak
“Elikadura-alergia” pertsona baten sistema immunologikoaren erreakzio kaltegarria edo alteratutako erantzuna da elikagai edo elikadura-osagai bat irentsi, ukitu edo arnastu ondoren, nahiz eta zati txiki-txikiak izan (trazak).
Alergiak eragiten dituzten substantziak ez dira elikagaiak berak izaten, baizik eta proteinak edo haiek osatzen dituzten substantziak, alergeno deitzen zaienak. Organismoak akats immunologikoa duenean, antigorputzak sortzen dira elikagaiaren aurka, E immunoglobulina (IgE) izenekoak. Pertsonak elikagaia berriro irensten duenean, alergenoak bat egiten du IgE-rekin, eta substantzia kimikoak, adibidez histamina, eta hanturazko beste substantzia batzuk jariatzen ditu, alergien sintomak eragiten dituztenak.
2. Elikadura-intolerantziak
“Elikadura-intolerantzia” metabolismoaren aurkako erreakzioa da, sistema immunologikoak parte hartu gabe, elikagai bat edo elikagai baten osagai bat irenstean.
Kasu gehienetan, elikagaien digestioan edo metabolismoan izandako nahasmenduek eragiten dute, eta elikagaien substantzia batzuk digeritu, asimilatu eta aprobetxatzea ekiditen dute, jatorri genetikoagatik edo urteen poderioz gertatzeagatik.
3. Gaixotasun zeliakoa edo zeliakia
Gaixotasun zeliakoa edo zeliakia ez da alergia edo elikadura-intolerantzia bat, baizik eta gaixotasun autoimmune kronikoa, aurrejoera genetikoa duten pertsonek glutena irenstean gertatzen dena.
Lesio bat eragiten du goiko este mehearen (duodenoa) mukosan, larritasun aldakorreko lesioa izaten da, eta elikagaietako mantenugaiak xurgatzea zailtzen du (karbono-hidratoak, proteinak, koipeak, mineralak eta bitaminak).
4. Erreakzio kaltegarriak gehigarriei
Gehigarrien kasuan, erreakzio kaltegarriak dira elikadura-gehigarriak (adibidez koloragarriak, kontserbagarriak, edulkoratzaileak edo zapore-indartzaileak) dituzten elikagaiak kontsumitu ondoren pertsona batzuek izaten dituzten nahi gabeko ondorioak.
Ez dira oso ohikoak, baina gertatzen direnean sintoma gogaikarriak eragin ditzakete.
- Erreakzio alergikoak, mekanismo immunologiko batek eragindakoak: normalean koloragarrien ondorioz gertatzen dira.
- Intolerantzia-erreakzioak edo hipersentikortasuna, mekanismo ez-immunologiko batek eraginda. Elikagai-gehigarrien ondoriozko erreakzio gehienak intolerantzia-erreakzioak dira, alergiak baino.
Inplikatutako elikagai nagusiak
| Elikagaiak | Deskripzioa |
|---|---|
| Zerealak | Garia, zekalea, garagarra, oloa, artoa eta arroza dira alergien eragile nagusiak, eta garia da alergia gehien eragiten dituena, kontsumo handiagatik. Garrantzitsua da bereiztea zerealen proteinek eragindako zerealen alergia eta gaixotasun zeliakoa, glutenak eragindakoa: proteina hori garian, garagarrean, oloan eta zekalean dago, eta ez arrozean eta artoan. |
| Fruta eta barazkiak | Alergia gehien eragiten dituzten frutak errosazeoak dira (sagarrak, udareak, mertxikak, abrikotak, aranak, gereziak eta marrubiak). Alergia gehien eragiten duen barazkia apioa da, eta ondoren azenarioak eta solanazeoak (tomatea, piperra eta, neurri txikiagoan, alberjinia, kuiatxoa eta patata) daude. Haurtzaroan, frutek barazkiek baino alergia gehiago eragiten dituzte, eta, helduaroan, aldiz, alergia gehiago eragiten dituzte barazkiek frutek baino. |
| Fruitu lehor oskoldunak | Olio-frutak dira, eta lehortuta kontsumitzen dira (arbendola, hurra, anakardoa, intxaurra, pistatxoa, pinoia, ekilore-hazia). Fruitu lehor horiei zaien alergia da elikadura-alergia ohikoenetako eta larrienetako bat. Gainera, ohikoa da fruitu lehor bati alergia dion norbaitek erreakzioak izatea beste batzuekin ere. |
| Lekaleak | Dilista da elikagai-talde horretan alergia-erreakzio gehien eragiten dituena, eta ondoren txitxirioa eta kakahuetea daude; are gehiago, azken horren alergiak gora egin du kontsumoarekin batera. |
| Arrautza | Alergia-erreakzio gehien eragiten dituena da haurtzaroan. Gorringoak hainbat proteina dituen arren, zuringoan daude alergeno gehienak. |
| Behi-esnea | Alergia hau bizitzako lehenengo urteetan agertzen da. Garrantzitsua da behi-esnearen proteinei alergia izatea eta laktosarekiko (esnearen azukrea) intolerantzia bereiztea. |
| Itsaskia | Itsaskia da helduaroan alergia gehien eragiten dituen elikagaia, bereziki krustazeoak (otarraina, ganbak, zigalak, nekorak), eta ondoren beste hauek daude, maiztasunean arabera, moluskuak, bibalbioak (muskuiluak, txirlak, ostrak), gasteropodoak (barraskiloak) eta zefalopodoak (txipiroia, txibia, olagarroa). |
| Arrainak | Arrainen proteinei alergia izatea ohikoa da kontsumo handia duten herrialdeetan, eta arrain zuriek (bakailaoa, legatza, mihi-arraina eta itsas oilarra) urdinek (sardina, antxoa eta atuna) baino alergia-erreakzio gehiago eragiten dituzte. Larriak dira, eta maiz anafilaxia eragiten dute. |
| Soja | Sojaren proteinari zaion alergiak gora egin du azken urteetan, produktu eraldatu askoren osagaia baita (atuna latan, zerealak, galletak, haur-formulak, saltsak eta zopak), elikadura-balio handiagatik,ekarpen hauek egiten baititu: kaltzioa, azido folikoa, burdina, magnesioa, fosforoa, erriboflabina, tamina, B6 bitamina eta zinka. |
Gomendioak
Gaixotasun edo erreakzio horietakoren bat duten pertsonek hainbat gomendio eta jarraibide egin behar dituzte elikagaiak erosteko, prestatzeko, manipulatzeko eta kontsumitzeko.
