Zer dira?
“Elikadura-alergia” pertsona baten sistema immunologikoaren erreakzio kaltegarria edo alteratutako erantzuna da elikagai edo elikadura-osagai bat irentsi, ukitu edo arnastu ondoren, nahiz eta zati txiki-txikiak izan (trazak).
Alergiak eragiten dituzten substantziak ez dira elikagaiak berak izaten, baizik eta proteinak edo haiek osatzen dituzten substantziak, alergeno deitzen zaienak. Organismoak akats immunologikoa duenean, antigorputzak sortzen dira elikagaiaren aurka, E immunoglobulina (IgE) izenekoak. Pertsonak elikagaia berriro irensten duenean, alergenoak bat egiten du IgE-rekin, eta substantzia kimikoak, adibidez histamina, eta hanturazko beste substantzia batzuk jariatzen ditu, alergien sintomak eragiten dituztenak.
Eraginak gizakion osasunean
Elikadura-alergia baten erreakzioak oso argiak, zehatzak eta azkarrak dira, eta, elikadura-intolerantzien kasuan, prozesua isilagoa eta luzeagoa da.
Sintomak
Alergia-erreakzioak elikagaia edo osagaia irentsi, ukitu edo arnastu ondorengo bi orduetan zehar agertzen dira, eta, oro har, lehen 30-60 minutuetan. Sintomen larritasuna irentsitako alergeno-kopuruaren, pertsona alergikoaren sentsibilitatearen eta eragindako organoaren erreaktibotasunaren araberakoa da, eta egunak iraun ditzake. Elikagaien erreakzio kaltegarriak areagotzen dituzten beste faktore batzuk ere badaude, esaterako, ariketa fisikoa, analgesikoak, alkohola, asma edo arnas infekzioak.
Elikagaiei izaten zaien alergia-erreakzio gehienak arinak izaten dira, eta hauek izaten dira sintomarik ohikoenak:
- Azalekoak (ohikoenak): urtikaria, azkura, larruazalaren gorritasuna, dermatitisa, ezpainen, ahoaren, mihiaren, aurpegiaren eta/edo eztarriaren hantura (angioedema).
- Digestiokoak: goragalea, okadak, kolikoak, beherakoa, ahoko eta eztarriko azkura, hantura eta sabeleko mina.
- Arnasarenak: errinitisa (mukiak, kongestioa eta/edo doministikuak), asma (arnasteko zailtasuna), eztula eta txistu-hotsa.
- Anafilaxia: alergia-erreakzio orokorra, elikagaia irentsi eta minutu gutxira agertzen dena, baita kantitate txikietan (trazak) ere, eta oso azkar agertzen da, organo guztiei eragiten die: azkura orokortua, urtikaria, angioedema, laringeko edema, bronkoespasmoa, sabeleko minak, gorakoak, beherakoa, bihotzeko arritmiak eta hipotentsioa.
- Shock anafilaktikoa: Ez bada berehala adrenalina ematen arnasbideak irekitzeko, shock anafilaktikoa gerta daiteke, eta horrek arteria-tentsioaren beherakada bortitza eta bihotz-geldialdia eragiten ditu.
Prebentzioa
Elikadura-alergiak prebenitzeko modua alergia-erreakzioa eragiten duen elikagaia edo elikagai-osagaia ez ukitu, irentsi edo arnastea da.
Ez dago elikadura-alergien aurkako botika edo txertorik; beraz, alergia dagoenean ezabatze-dieta preskribatzen da, hau da, alergian inplikatutako elikagaia dietatik kentzea. Antihistaminiko edo kortikoideek sintomak tratatzen dituzte alergia-erreakzioen kasuan, baina ez dute sendatzen.
Nahiz eta gomendioak sinplea dirudien, ezabatze-dieta zuzen bat etengabe zaindu behar da, merkatuan dauden hainbeste elikagai prozesatuetan ageriko eta ezkutuko alergenoen esposizioa ekiditeko.
Elikadura-produktuen fabrikatzaileek alergiak eta elikadura-intolerantziak eragin ditzaketen osagaiak adierazi behar dituzte ontziratutako eta ontziratu gabeko elikagaien etiketan, (EB) 1169/2011 Erregelamenduarekin bat.
“Funtsezkoa da elikagaien etiketak irakurtzea erreakzio kaltegarria eragiten duen elikagai edo gehigarria identifikatzeko, eta, halakorik badu, ez da kontsumitu behar”
