Cryptosporidium
Laburpena
Cryptosporidium pertsonen eta animalien hesteetako parasito bat da, eta kriptosporidiosi izeneko gizakien gaixotasuna eragiten du. Transmisioa zuzenean (pertsona batetik bestera eta animalia batetik pertsona batera) edo zeharka (uraren, elikagaien, ookiste infekziosoekin kutsatutako gainazal/objektu kontaminatuen bidez) gerta daiteke.
Cryptosporidium ookisteekin kutsatutako elikagaiak eta ura transmisio-iturrien % 10 dira. Transmisioa eragiten duten elikagai nagusiak honako hauek dira: fruta eta barazki gordinak, pasteurizatu gabeko esnea eta esnekiak, eta, neurri txikiagoan, behi- eta ardi‑haragia eta molusku bibalbioak.
Kriptosporidiosiaren kasuan ohikoak dira beherako urtsua, abdomeneko kalanbreak, jateko gogoa galtzea, febrikula, goragalea, gorakoa eta pisu-galera, nahiz eta sintomarik gabeko infekzioa oso ohikoa den.
Azken urteotan kutsadura-kasuek gora egin dute eta arrisku emergentetzat hartu izan da, bereziki klima-aldaketari lotutako baldintzek hedatzea ahalbidetzen dutelako.
Parasitoa prebenitzeko eta kontrolatzeko neurri nagusia, elikagai gordinen kasuan, jatorrian kutsatzea saihestea da. Hala ere, higiene- eta maneiu-jardunbide egokiak izatea gomendatzen da elikagaiak prestatzean; izan ere, Cryptosporidium ookisteak egostean eta izoztean inaktibatzen dira.
1. Zer da?
Cryptosporidium protozoo-parasito mota bat da, giza gaixotasuna eragiten duena, eta haren gordailu garrantzitsuenak gizakiak, behiak, ardiak eta beste etxe-abere batzuk dira, hala nola katuak eta txakurrak. Karraskariak, hegaztiak, arrainak eta narrastiak ere kutsa ditzake.
Cryptosporidium-aren bizi-zikloa zuzenekoa da (ez du bitarteko ostalaririk). Transmisio-etapa kutsatutako ostalarien gorozkietan kanporatzen diren ookisteak dira. Infekzioa hasten da ostalari batek ookisteak jasotzen dituenean gorozki-aho bidez zuzenean irentsiz, edo eramaile baten bidez, hala nola ura edo kutsatutako elikagaiak. Kutsatzeko dosia txikia da; beraz, 10-30 ookiste bitartean irentsiz gero, infekzioa sor dezake pertsona osasuntsuengan.
Cryptosporidium generoaren barruan 25 espezie baino gehiago daude, eta erdia baino gehiagok pertsonak eta etxe-abereak kutsa ditzakete. Giza kutsadurarekin lotzen diren 17 espezieetatik 2k eragiten dituzte kasu gehienak: C. hominis eta C. parvum
- hominis espeziearekin kutsatzeko iturriak berez kutsatutako pertsonak dira, bai pertsona gaixoarekiko zuzeneko kontaktuaren bidez eta bai kutsatutako hondakin-uren bidez.
- parvum espeziearen ookisteak behien hesteetan egon ohi dira, bereziki animalia gazteen kasuan (txahalak eta arkumeak), eta kutsadura eragin dezakete lurrazalean, laborantzan, iturburuetan, gainazaleko uretan (ibaiak, lakuak, urtegiak, itsasoa), kontsumorako ur‑biltegietan eta elikagaietan.
Cryptosporidium ookisteak txikiak eta oso erresistenteak dira. Zenbait hilabetez egon daitezke bideragarri eta kutsakor ur geza eta gazian, gorozkietan, lurzoruan, landaredian eta gainazal hotz eta hezeetan. Hortaz, hoztutako edo izoztutako elikagaietan biziraun dezakete, -20 ºC-tik gora. Garrantzitsua da aipatzea ookisteei ez diela klorazioak eragiten, eta uraren kutsadurak eragindako agerraldiekin lotu direla.
Parasitoak ingurune urtarrean duen biziraupenean, batez ere, tenperaturak eta eguzki‑erradiazioak (UV) eragiten dute, eta, beraz, klima-aldaketarekin lotutako baldintzek parasitoa hedatzen laguntzen dutela uste da.
2. Trasmisioa
Bide desberdinak daude Cryptosporidium parasitoa pertsonei transmititzeko:
Elikagaia/Ura – pertsona
Cryptosporidium* kisteak dituzten elikagaiak edo ura1 kontsumitzeagatik
Animalia/pertsona – pertsona
gorozki-aho bidez2
1Elikagaiek eta urak elikagaien transmisio-iturrien % 10 eragiten dute. Elikagai-iturri nagusiak dira kontsumorako ura eta ookisteekin kutsatutako elikagai gordinak, hala nola fruta eta barazkiak, pasteurizatu gabeko esnea eta esnekiak, haragia eta molusku bibalbioak.
2 Landa-eremuetan gorozki-aho bidez transmititzen da, pertsona batetik bestera zuzenean, edo animalia batetik (bereziki hausnarkarien kumeak) pertsona batera; hala ere, zeharka ere kutsa daiteke, ookiste kutsakorrak dituen pertsona edo animaliaren gorozkiekin kutsatutako gainazalak edo objektuak ukitzean.
3. Eragina giza osasunean
Cryptosporidium parasitoak sortutako gaixotasun gastrointestinala kriptosporidiosia da, eta errotabirusaren ondoren immunodeprimitutako haurren eta pazienteen artean gastroenteritisaren bigarren kausa ohikoena da.
Toxikotasuna
Sintomarik gabeko kutsadura oso ohikoa da, baina kasu batzuetan honako sintoma hauek agertzen dira: beherako urtsua, sarritan tamaina handikoa eta batzuetan mukoidea, baina oso gutxitan odoltsua; abdomeneko mina; goragalea eta gorakoa; sukar arina eta nekea. Bakarrik bukatzen da 1-2 astean. Gertakari klinikoetan pazientea berriz gaixotu egiten da kasuen heren batean, gutxi gorabehera.
Halaber, C. hominis espeziearekin kutsatzean hestez kanpoko beste sintoma batzuk deskribatu dira: mina artikulazioetan, begietako mina, buruko mina.
Arrisku-taldeak

Oro har, sintomak larriagoak izaten dira immunodeprimitutako pazienteengan, eta infekzioa kronikoa, larria eta hestez kanpokoa bihur daiteke. Behazun- eta pankrea-hodiei, urdailari eta arnasbideei (biriketako edo trakeako kriptosporidiosia) eragin diezaieke.
Europan, kriptosporidiosi kasuak nahitaez adierazi behar dira.
* 2021eko azken datuak kontuan hartuta, heterogeneotasun argia dago EB/EEEko herrialdeetako hautemate-, jakinarazpen- eta zaintza-sistemek mugatutako prebalentzia-emaitzetan. Herrialde batzuek (Irlanda, Finlandia, Norvegia, Suedia) 100.000 biztanleko 5 kasuak gainditzen dituzten bitartean, gainerako herrialde gehienek kasu gutxi jakinarazten dituzte, eta batzuek ez dute infekzioa jakinarazi. Kasuen tasa baieztatu handiena 0 eta 4 urte arteko taldean dago (6,39 kasu 100.000 biztanleko).
4. Elikagaien bidezko espozioa
Cryptosporidium ookisteekin kutsatzeko arrisku handiena duten elikagaiak ura eta/edo gordin kontsumitzen diren jatorri begetaleko edo animalia-jatorriko elikagaiak dira:
Gehien bat:
Iturri edo putzuetako ura
Fruta eta barazkiak
Pasteurizatu gabeko esnea
eta haren deribatuak: gazta, izozkiak, etab.
Neurri txikiagoan:
Zukuak
Fruta-zukuak eta pasteurizatu gabeko sagardoa
Molusku bibalbioak
ostrak, muskuiluak, txirlak
Haragia
behi- eta ardi-haragia
5. Arriskuaren ebaluazioa
EFSAk, elikadura-transmisioko parasitoekin lotutako osasun publikorako arriskuaren ebaluazioan (EFSA-2018), Cryptosporidium-ari begira hutsune zientifiko hauek finkatu zituen, eta arriskuaren ebaluazio mikrobiologiko kuantitatiboa (QMRA) egitea mugatzen dute, infekzio-iturria zehazteko:
- Cryptosporidium ookisteen presentzia-datuen falta kutsa daitezkeen elikagai-taldeetan.
- Cryptosporidium ookisteak hautemateko metodo estandar, fidagarri eta balioztatuen falta elikadura-matrizeetan.
- Espezie kutsatzaileak identifikatzeko eta kasuak elkarren artean lotzeko genotipatze orokor baten falta.
- Cryptosporidium-aren presentzia-probabilitatea ebaluatzeko organismo adierazleen erabilerari buruzko eztabaida, adibidez Clostridium perfringens Egia da C. perfringens esporak protozoo-parasitoen ookisteak bezain erresistenteak izan daitezkeela, baina datu askok korrelazio-falta argia islatzen dute uretako C. perfringens‑aren eta Cryptosporidium spp-aren artean.
6. Prebentzioa eta arriskuaren kontrola
Parasitoaren prebentzio- eta kontrol-neurri nagusia jatorrizko kutsadura ekiditea da, kontsumitzeko orduan ondorengo tratamendurik ez duten elikagai gordinen kasuan.
6.1. Elikakatean
Ez dago elikagaietan Cryptosporidium kontrolatzeko neurri espezifikorik indarreko legedian.
Lehen mailako ekoizpenean eta elikagaien eraldaketan, produktu freskoetan kutsadura hori kontrolatzeko neurri eraginkorrenak dira nekazaritzako jardunbide egokiak (NJEak) aplikatzea lehen mailako ekoizpenean, fabrikazioko jardunbide egokiak (FJEak) prozesatzean eta higieneko jardunbide egokiak (HJEak), baita Arriskuen Analisian eta Kontrol Puntu Kritikoetan (APPCC) oinarritutako autokontrol-sistemak ere.
NJE-ek barne hartzen dute ur beltza ez den ura erabiltzea ureztatzeko, ongarri eta pestizidak aplikatzea eta etxe-abereek ez bazkatu eta ez kutsatzea baratze-eremuak eta animalia basatiak ez sartzea labore horietan. Hondakin-urak ureztatzeko erabili aurretik tratatzeak patogeno bideragarrien kopurua murritz dezake, Cryptosporidium ookisteak barne.
INAKTIBAZIO-TRATAMENDUAK
Kutsatutako elikagaietan parasitoak eta ookisteak inaktibatzeko tratamendu nagusiak lehorketa, tratamendu termikoa eta izoztea dira, baita beste tratamendu mota batzuk ere, hala nola irradiazio ultramorea, presio hidrostatiko handiak eta ozonizazioa.
TRATAMENDU TERMIKOA
- 72ºC (1min)
- 45ºC (10 min)
IZOZTEA
- -20 ºC 5 egunez
- -72 ºC zenbait segundoz
6.2. Etxean
Kriptosporidiosi kasu asko etxean gertatzen direnez jatorrian kutsatutako elikagai gordinak kontsumitzeagatik, beharrezkoa da higiene eta manipulazioan jardunbide egokiei jarraitzea janaria prestatzerako orduan, Cryptosporidium ookisteen kutsadura deuseztatzeko:
OMEren 5 gakoak betetzea higiene eta manipulazioan jardunbide egokiak jarraitzeko elikagaiak prestatzerako orduan:
Erabili ur eta lehengai seguruak.
Garbitu ongi fruta eta barazkiak kanilako ura erabiliz, gordinik kontsumitu behar badira.
Gorde elikagaiak tenperatura seguruetan.
Hoztu elikagaiak 5º C-tik beherako tenperaturetan, Salmonella hazteko aukerak mugatzeko bakterio horrek kutsa ditzakeen elikagaietan.
Garbitasuna zaindu: desinfektatu gainazala, tresnak eta mozteko oholak.
Bereizi elikagai gordinak eta kozinatuak, kutsadura gurutzatua saihesteko.
Kozinatu elikagaiak erabat (65º C) eta mantendu bero kontsumitzen diren arte.
Elikagaiak kontsumitu ondoren, hoztu soberakinak albait arinen (<5º C) eta kontsumitu 24 orduren barruan, aldez aurretik berotuta.
Elikagaien segurtasuneko agintaritzek kontuan hartzeko beste irizpide batzuk gomendatzen dituzte:
Itsaskiak baimendutako saltokietan erostea eta ostra edo beste itsaski gordin batzuk jatea ekiditea
Ez kontsumitu tratamendu termikorik izan ez duen esne gordina eta haragi-produktu gordinak edo gutxi prestatuak
Ez kontsumitu bermatu gabeko jatorriko haragia eta hestebeteak
Elikagaiak garraiatu bitartean hotz-katea gordetzea, batez ere birusaz kutsa daitezkeen elikagai gordinen kasuan.
Elikagaiak giroko tenperaturan ez desizoztea, ezpada hozkailuaren behealdean.
Kontserbatze-epeen eta tenperaturen jarraibideak errespetatzea, baita elikagaien etiketako iraungitze-data ere.
7. Lege-mugak
Ez dago muga mikrobiologiko espezifikorik segurtasuna bermatzeko Cryptosporidium‑arekin kutsa daitezkeen elikagaietan.
8. Erreferentziak
- Public health risks associated with food‐borne parasites (EFSA-2018)
- Informe del Comité Científico de la Agencia Española de Seguridad Alimentaria y Nutrición (AESAN) sobre la prospección de peligros biológicos de interés en seguridad alimentaria en España (AESAN, 2018)
- Cryptosporidiosis (ECDC-2022)
- Protocolo de Vigilancia de Cryptosporidiosis (MICINN- 2016)
- CDC – Cryptosporidium. 2019










Garbitasuna zaindu: desinfektatu gainazala, tresnak eta mozteko oholak.
Bereizi elikagai gordinak eta kozinatuak, kutsadura gurutzatua saihesteko.




