Pirrolizidina alkaloideak

Laburpena
PIRROLIZIDINA ALKALOIDEAK (PA) toxina naturalak dira, landareen metabolismo sekundarioaren emaitza, intsektuen eta harrapakarien aurrean defendatzeko.
Mundu osoko 6.000 landare‑espeziek, gutxi gorabehera, PA eduki dezakete; hau da, loredun landare guztien % 3k. PA horien % 95 landare angiospermoek osatutako bost familiatan daude: Orchidaceae, Asteraceae, Apocynaceae, Boraginaceae, Fabaceae.
Landare horiek aleak eta zerealak kutsa ditzakete, eta honako elikagai hauetan aurkitu daitezke: teak, belar‑infusioak orokorrean, belar‑osagaiak dituzten elikadura-osagarriak, polena eta polena duten osagarriak, borraja (lehorra, freskoa edo izoztua), belar lehorrak eta kumino‑haziak. Gainera, PAk hondakin gisa ager daitezke eztian.
EFSAren azken datuen arabera, PA 1,2-asegabeak genotoxiko eta kartzinogeno gisa jardun dezakete gizakiengan eta gibela da horien xede‑organo nagusia.
Esposizioak arrisku potentziala dakar, batez ere biztanleria orokorrean eta te eta belar‑infusio kopuru handiak maiz kontsumitzen dituztenen kasuan, eta, bereziki, biztanleria‑talde gazteenen kasuan.
Nekazaritzako jardunbide egokiak aplikatzea (belar txarrak kentzea) da lehengaien eta pentsuen PA kutsadura murrizteko modu bakarra.
1. Zer da?
Pirrolizidina alkaloideak (PA) eta horien N-oxidoak landare jakin batzuek sortutako metabolito sekundarioen multzo handia dira, gibelerako toxikoak izan daitezkeenak.
Espezializatu gabeko intsektu belarjaleengan efektu antinutritiboak dituztenez, horiek sortzen dituzten landare‑espezieen defentsa‑estrategien parte direla uste da. PAren molekulak heteroziklo pirrolizidiniko, metil talde bat eta hidroxilo ordeztaile bat (nezina) ditu.
Oinarrizko 4 nezina‑oinarri daude: platinezina, retronezina, heliotridina eta otonezina. Egitura horien konbinazio kimiko posible guztiak kontuan hartuta, pirrolizidina alkaloideen 600 molekula baino gehiago egon daitezke, eta orain arte 350 baino gehiago identifikatu dira mundu osoko hainbat landaretan.
6.000 landare-espezie baino gehiago dira pirrolizidina alkaloideak produzitzen dituztenak, baina gutxi dira, oro har, alkaloide horiek produzitzen dituzten familia botanikoak. Substantzia horiek Boraginaceae (hainbat genero), Asteraceae (Senecioneae eta Eupatorieae tribuak), Orchidaceae (9 genero), Fabaceae (Crotalaria generoa) eta Apocynaceae izenekoetan daude nagusiki. Nonahiko Senecio generoak soilik mundu osoan banatutako 3.000 espezie baino gehiago ordezkatzen ditu.
PAen patroia aldakorra da, eta honako faktore hauen mende dago:
- Landarearen barietatea
- Baldintza klimatikoak
- Laginketa‑aldia
- Aztertutako landarearen zatia
Badirudi oinarrizko alkaloideak hazietan metatzen direla nagusiki, eta N-oxidoak, berriz, landareen zati berdeetan.
Elikagaietan (eta pentsuetan) duten eraginagatik nolabaiteko garrantzia duten PA hauek identifikatu dira:
- Senezionina motako PA: azetileruzifolina, eruzifolina, integerrimina, jakobina, jakolina, jakonina, jakozina, retrorsina, senezionina, senezifillina. PA horiek, batez ere, Senecioneae tribuan daude (Asteraceae familia), baina Crotalaria spp landareetan ere aurki daitezke. (Fabaceae familia).
- Likopsamina motako PA: azetilekimidina eta isomeroak, ekimidina eta isomeroak, ekibulgarina, likopsamina eta isomeroak, bulgarina. PA horiek Boraginaceae familian eta Eupatorieae familian (Asteracea familia) aurki daitezke.
- Heliotrina motako PA: europina, heliotrina, lasiokarpina. PA horiek Heliotropium spp. (Boraginaceae familia) landareetan aurkitzen dira.
- Monokrotalina motako PA: fulbina, monokrotalina, retusamina, trikodesmina. PA horiek Crotalaria spp. (Fabaceae familia) landareetan daude.
2. Elikadura-esposizioa
PAk landare-jatorria baino ez dute. Oro har, elikagaien eta PA eduki dezaketen landareen arteko erlazioa zenbat eta hurbilagoa izan, orduan eta handiagoa izango da PA maila azken produktuan. PAei buruzko eta horien presentziari dagokionez legezko mugak ezartzen diren azterlanetan aipatzen diren elikagaien artean, honako hauek daude:
Teak eta belar infusioak
Belar osagaiak dituzten elikadura‑osagarriak
Polena eta polena duten osagarriak barne. PAk hondakin gisa ager daitezke eztian.
Borraja
Lehorra, freskoa edo izoztua.
Belar lehorrak eta espeziak
Kumino-haziak batez ere.
3. Ondorioak giza osasunean
Toxikotasuna
Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) “agian kartzinogenoa gizakiarentzat” gisa sailkatu ditu (2B taldea).
EFSAren azken datuen arabera, AP 1,2-asegabeak genotoxiko eta kartzinogeno gisa jardun dezakete gizakiengan.
PAk ez dira toxikoak berez, produktu metabolikoen bidez baizik; izan ere, gibeleko zitokromo entzimek pirrol bihurtzen dituzte, eta horiek eragiten dute kaltea mikrosometan.
PA 1,2-asegabeen toxikotasuna esperimentazio-animalietan honako ezaugarri hauek ditu: gibeleko toxikotasuna, garapenaren toxikotasuna, genotoxikotasuna eta kartzinogenizitatea. Batzuek biriketako toxikotasuna ere badute. Gibela da 1,2-AP asegabeen genotoxikotasunaren gune nagusia.
PAek profil toxiko komuna dute, eta gibela da xede-organo nagusia. Animalia‑espezie guztien toxikotasun‑seinale nagusietan gibeleko kalte progresiboaren maila desberdinak antzematen dira.
Behatutako beste efektu batzuk dira behazun-hodiak ugaritzea, gibeleko megalozitosia eta fibrosia. Beste organo batzuetan ere hauteman dira ondorioak: biriketan (biriketako hipertentsioa), sistema kardiobaskularrean (eskuineko bentrikuluaren hipertrofia) eta giltzurrunetan endekapenezko kaltea. Gizakiarengan gibeleko zainen gaixotasun oklusiboa da kalte nagusia.
Erreferentzia-balioa
PArako balio toxikologikoei dagokienez, EFSAren CONTAM panelean ezin izan da erreferentziazko dosi akuturik (ARfD) ezarri. Giza intoxikazioen kasuei buruz dagoen informazio mugatuari esker, epe laburreko efektu akutuei lotutako dosi txikiena identifikatu ahal izan zen: gutxi gorabehera 2 mg/gorputz-pisuaren kilo/egun (1 eta 3 mg artean gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko) (EFSA, 2017).
Efektu kronikoei dagokienez, EFSAren CONTAM panelak (2017) erreferentzia-puntua (RP) eguneratu du arrisku kronikoaren ebaluazioa egiteko. BMDL10 hautatu du (237 µg/gorputz-pisuaren kilo/egun) riddellinaren esposiziopeko arratoi emeetan gibeleko hemangiosarkomaren intzidentziatik eratorria, PA 1,2-asegabeen arriskua ebaluatzeko, guztientzako potentzia bera aintzat hartuta. Aurretik, 70 µg/gorputz-pisuaren kilo/egun BMDL10 erabiltzen zen, lasiokarpinaren kasuan. Bi PA horiek toxikoenen artean daude. Panelak ondorioztatu zuen RP aldaketak eutsi egiten diola aurretiazko arrisku‑ebaluazioen izaera kontserbatzaileari.
Arrisku taldeak
Alkaloide horiekiko esposizioak giza osasunerako arrisku potentziala dakar, batez ere biztanleria orokorrean te eta belar‑infusio kopuru handiak maiz kontsumitzen dituztenen kasuan, eta, bereziki, biztanleria‑talde gazteenen kasuan.
4. Arriskua ebaluatzea
Ondorioak
AESANeko batzorde zientifikoak ondorioztatu zuenez, gaur egun eskuragarri dauden datuen arabera eta arriskuak ebaluatzeko prozesuan identifikatutako ziurgabetasun guztiak kontuan hartuta egindako estimazioaren arabera, polen‑kontsumoaren bidezko PA ingestioak arrisku kronikoak eragin ditzake Espainiako populazioan, kontsumo oso txikitzat hartzen ez badira behintzat. Hala ere, ez da probabletzat jotzen arrisku akuturik agertzea.
Gainera, batzorde zientifiko horrek berak kalkulatu zuen arriskuaren ebaluazio errealistagoa egiteko beharrezkoa izango zela banakako PAen ezaugarri toxikologikoei buruzko datu gehigarriak izatea, bai eta Espainiako biztanleriaren polen‑kontsumoari buruzko azterlanak egitea ere. Era berean, komenigarritzat jotzen da PAren edukiari dagokionez legezko mugak ezartzea esposizioa mugatzeko.
Ingestio zenbatetsiak
2016an, EFSAk txosten zientifiko bat argitaratu zuen Europako herritarren PArekiko dietetika-esposizioari buruz. Txosten horretan, esposizio kronikoa zenbatesteko, aurkitutako PAren edukien goiko eta beheko mugak (LB= 235 eta UB= 253 µg/kg) erabili ziren eta balio hauek lortu ziren: 0,7 eta 12 ng artean gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko. Esposizio akutua zenbatesteko, berriz, 90 pertzentilaren datuak (LB-90P= 967 µg/kg, UB-90P= 974 µg/kg) erabili ziren eta balio hauek lortu ziren: 2,8 eta 44 ng artean gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko. Bi kasuetan “kontsumitzaileak baino ez” taldearen datuak erabili ziren, hau da, esposizio-maila handieneko taldearen datuak.
Nahiz eta txostenak ez duen jasotzen EIZ ondorioztatzeko erabilitako polen kontsumoari buruzko datua, aintzat hartuta 70 gorputz‑pisuaren kiloko heldu bat, honako hau litzateke datu hori: 0,2 eta 3 g polen artean eguneko. Ingestio-datu horiek erabili beharrean, Komosinska-Vassevek eta beste batzuek adierazitakoak (2015) erabiltzen badira, lortutako emaitzak handiagoak izango dira helduen kasuan (ikus taula).
| Esposizioa | Polenaren PA edukia (LB-UB µg/kg) | Polen kontsumoa (g/egun) | EIZ (ng/kg g.p./egun) |
| Kronikoa | 235 – 253 | 20 | 67,14 – 72,30 |
| 40 | 134,28 – 144,60 | ||
| Akutua | 967 – 974 | 20 | 276,30 – 278,30 |
| 40 | 552,60 – 556,60 |
1. taula: PA ingestio zenbaetsiak.
EFSAren ustez (2012), nahikoa da helduen eta haur txikien (1-3 urte) esposizioaren ebaluazioa egitea arriskuen ebaluazioaren esparruan; izan ere, adin nagusiagoko umeen eta nerabeen esposizioa hartu luke bere baitan, bi herritar-taldeen arteko batez besteko datuak izango bailirateke ziurrenik.
Zalantzak
EFSAk adierazi zuen (2017) beharrezkoa dela datu toxikologiko gehiago izatea elikagaietan maizenik aurkitzen den PAei buruz. Zehazki, PAen toxikozinetikari, aktibazio metabolikoari eta ahalmen kartzinogenoari buruzko informazioa.
EFSAren CONTAM panelak monitorizatzeko 17 AP garrantzitsuen zerrenda identifikatu zuen bai elikagaietan, bai pentsuetan (EFSA, 2017). Honako hauek dira PA horiek: intermedina/likopsamina, intermedina-N-oxidoa/likopsamina-N-oxidoa, senezionina/senezibernina, senezionina-N-oxidoa/senezibernina-N-oxidoa, senezifilina, senezifilina-N-oxidoa, retrorsina, retrorsina-N-oxidoa,ekimidina, ekimidina-N-oxidoa, lasiokarpina, lasiokarpina-N-oxidoa eta senkirkina. Guztiak ez dira laginetan aztertu. Deigarria da EFSAk garrantzitsutzat jotako 17 PAetan riddellina ez sartzea; izan ere, arrisku kronikoaren karakterizazioak bereziki PA horren BMDL10 du oinarri.
Ez da eman erabilitako teknikaren (LC-MS/MS) detekzio-muga (LOD), kuantifikazio-mugak (LOQ) baino ez, eta horiek aldatu egiten dira PA bakoitzerako azterketa egiten den urtearen arabera.
LOQ batzuk, EFSAren arabera, ez dira egokiak, nahiz eta garrantzitsutzat jotako 17 PAetan sartuta ez dauden PAei dagozkien.
EFSAk gomendatu zuen (2017) metodo analitiko sentikorragoak eta selektiboagoak garatzeko, elikagaietan eta pentsuetan PAen presentzia baloratzeko eta zalantza murrizteko esposizioaren ebaluazioan.
Polenaren kontsumoari dagokionez (EIZaren zenbatespena):
Nahiz eta EFSAk (2016) EIZ ondorioztatzeko erabilitako laginetan PAren kontzentrazio-datua ezagutzen den, ez da zehazten zein izan den erabilitako kontsumo-datua. Kalkulua eginda, fabrikatzaileen eta zientzia-bibliografiaren gomendioetan oinarrituta, lortzen den ingestio-datua ez da oso errealista.
PA zehatz baten (riddellina, toxikoenetako bat) BMDL10an oinarrituta kalkulatzen da, eta riddellinak ez du zertan egon polen-laginetan; hortaz, arriskua gehiegi balioesten da.
Izan ere, EFSAren arabera (2017), elikadura-osagarrietarako (landare-aterakinak eta polena duten osagarriak), oro har, PA osoari egiten zaion ekarpen handiena likopsamina, intermedina eta haren N-oxidoetatik dator.
MOEren kalkuluak aintzat hartzen du elikagai horren (polena) eguneroko kontsumoa bizitza osoan zehar, eta horrek arriskua gehiegi balioets dezake, baldin eta ez bada hori jarraitzen den kontsumo-eredua.
5. Prebentzioa eta arriskuaren kontrola
Gaur egun ez dago inolako metodorik PA duten produktu edo lehengaiak deskontaminatzeko.
5.1. Elikakatean
Nekazaritza arloko jardunbide egokiak (belar txarrak kentzea) aplikatzea da lehengaietan eta pentsuetan PAen kutsadura murrizteko modu bakarra.
2014an, Codex Alimentariusek nazioarteko arau bat argitaratu zuen PAen arriskua prebenitzeko. Sasiak kontrolatzeko jardunbideen kodea, elikagai eta pentsuetan pirrolizidina alkaloideen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko. CAC-RCP 74-2014.
Elikagaiak eraldatzean, garrantzitsua da higiene-jardunbide egokiak eta Arriskuen Analisia eta Kontrol Puntu Kritikoak (AAKPK) programak aplikatzea.
6. Legezko mugak
Europar Batasunean Europako Batzordearen 2023ko apirilaren 25eko 2023/915 (EB) Erregelamenduak elikagai jakin batzuetako pirrolizidiniko alkoloide-edukiaren gehieneko mugak arautzen ditu. Erregelamendu hori elikagaietako kutsatzaile jakin batzuen gehieneko mugei buruzkoa da eta 1881/2006 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.
| Elikagaiak | PAen gehieneko edukia (µg/kg) |
| Belar-infusioak (produktu lehortua) | 200 |
| Honako osagai hauek dituzten belar-infusioak: rooibos (te gorria), anis-belarra (Pimpinella anisum), garraiska, kamamila, ezkaia, menda-belarra, berbena-belarra (produktu lehortua) eta belar lehor horien nahasketak. | 400 |
| Tea (Camellia sinensis) eta te aromatizatua (Camellia sinensis) (produktu lehortua) | 150 |
| Tea (Camellia sinensis), te aromatizatua (*4) (Camellia sinensis) eta bularreko haurrentzako eta ume txikientzako belar-infusioak (produktu lehortua) | 75 |
| Tea (Camellia sinensis), te aromatizatua (*4) (Camellia sinensis) eta bularreko haurrentzako eta ume txikientzako belar-infusioak (produktu lehortua) | 1,0 |
| Belarren osagaiak (aterakinak barne) dituzten elikadura-osagarriak | 400 |
| Polena duten elikadura-osagarriak Polena eta polena duten produktuak | 500 |
| Azken kontsumitzailearentzat merkaturatutako borraja-hostoak (freskoak edo izoztuak) | 750 |
| Belar lehorrak | 400 |
| Borraja, mendi-apioa, mendaroa eta oreganoa (lehortuak), eta belar horien nahasketak | 1000 |
| Kumino-haziak (haziekin egindako espezieak) | 400 |
2. taula: PA gehienezko mugak elikagaietan.
7. Erreferentziak
- EFSA. Pyrrolizinine Alkaloids as undesirables substances in animal feed. The EFSA Journal (2007) 447, 1-51.
- EFSA. Scientific Opinion on Pyrrolizidine alkaloids in food and feed. EFSA Journal 2011;9(11):2406.
- EFSA. External Scientific Report_RIKILT_BfR_IRTA. Occurrence of Pyrrolizidine Alkaloids in food. EFSA supporting publication 2015:EN-859.
- EFSA. Dietary exposure assessment to pyrrolizidine alkaloids in the European population. EFSA Journal 2016;14(8):4572.
- EFSA. Risks for human Health related to the presende of pyrrolizidine alkaloids in honey, tea, herbal infusions and food suplements. EFSA Journal 2017;15(7):4908.
- AESAN. Ficha gestión de riesgos: Alcaloides de la pirrolizidina.
- AESAN. Informe del Comité Científico de la Agencia Española de Seguridad Alimentaria y Nutrición (AESAN) sobre el riesgo asociado a la presencia de alcaloides de la pirrolizidina en polen destinado al consumo humano.
- ACSA. Alcaloides de la pirrolizidina. Toxinas naturales en plantas
- Còdex Alimentari. Código de prácticas para el control de malezas a fin de prevenir y reducir la contaminación de los alimentos y los Piensos con Alcaloides de pirrolizidina. CAC-RCP 74-2014.
- BfR. Pyrrolizidine alkaloids in herbal teas and teas. BfR Opinion 018/2013.
- JECFA. Safety evaluation of certain food additives and contaminants
Supplement 2: Pyrrolizidine alkaloids






