3. Zein betebehar ditu titularrak?
4. Zein dira Ustiategiko Albaitariaren irudiaren funtzioak?
5. Zer ustiategiri egin beharko zaie bisita?
6. Zer berrikusten da bisita zoosanitarioan zehar?
7. Zer maiztasunekin egiten dira bisita zoosanitarioak?
Laburpena
Bisita zoosanitarioak (BZ) albaitari profesionalek gauzatzen dituzten jarduketak dira, abeltzaintza-ustiategien titularrari egoera sanitarioari buruzko aholkuak emateko eta honako hauekin lotutako kontuak ebaluatzeko: animalien osasuna, biosegurtasuna, animalien ongizatea eta albaitaritzako sendagaien erabilera.
Bisita horiek funtsezko tresna dira, animalien osasunari buruzko Europako eta estatuko araudiak finkatutako eredu prebentiboarekin bat, hautemate goiztiarraren eta gaixotasunaren kontrolaren bidez zaintza epidemiologikoa indartzeko, antibiotikoen erabilera zentzuduna sustatzeko, ustiategietako biosegurtasuna hobetzeko eta animalien ongizateari laguntzeko.
Esparru horretan, 2025eko ekainaren 1etik indarrean dagoen apirilaren 22ko 346/2025 Errege Dekretuak behartu egiten du abeltzaintza-ustiategiek bisita zoosanitarioak jasotzera. Bisita horiek . albaitari profesional batek egiten ditu, arrisku zoosanitarioaren arabera zehaztutako maiztasunarekin. Testuinguru horretan, ustiategien titularrei dagokie ziurtatzea betebehar hori betetzen dutela, abeltzaintza-sektorearen jasangarritasunaren, lehiakortasunaren eta erresilientziaren alde, «Osasun bakarra» (One Health) ikuspegiarekin bat.
1. Helburua
Bisita zoosanitarioen helburua ustiategiko titularrari laguntzea da animalien osasunaren, biosegurtasunaren, animalien ongizatearen eta albaitaritzako sendagaien erabilera zuhurraren arloetan hobetu beharreko puntuak identifikatzen, xede hauek betetzeko:
- Gaixotasunak agertu eta zabaltzeko arriskua murrizten laguntzea, hauen bidez:
- Gaixotasunen hautemate goiztiarra.
- Gaixotasun transmitigarrien aurkako prebentzioa indartzea.
- Abeltzaintza-higienearen eta biosegurtasunaren arloko neurrien aplikazioa ebaluatzea.
- Albaitaritzako sendagaien erabilera zuhur eta arduratsua sustatzea, bereziki antibiotikoena.
- Animalien ongizatea hobetzea.
Kontrol ofizialek ez bezala, zeinen helburua baita agintaritza eskudunak araudia betetzen duela egiaztatzea, BZak laguntza teknikora eta ustiategiaren etengabeko hobekuntzara bideratuta daude, egon daitezkeen arriskuak edo akatsak garaiz detektatzeko eta horiek zuzentzeko neurriak proposatzeko, animaliaren osasunari edo ustiategiaren jarduerari berari eragin diezaioketen baino lehen.
2. Nor da arduraduna?
Ustiategiak bisita zoosanitarioak izateko erantzukizuna titularrarena da.
Bisitak albaitari elkargokide batek egin beharko ditu. Ustiategiak albaitari boluntarioa badu, hark egingo ditu ohiko bisitak.
3. Zein betebehar ditu titularrak?
Ustiategiko titularrek betebehar hauek dituzte:
- Bisita zoosanitarioa dagokion maiztasunez egiten dela bermatzea.
- Bere ardurapean dauden animalien osasuna zaintzea.
- Gaixotasunak prebenitzen lagunduko duten higiene- eta biosegurtasun-neurriak aplikatzea.
- Albaitaritzako sendagaiak zentzuz eta arduraz erabiltzea, albaitaritzako erantzukizunari kalterik egin gabe.
- Ustiategiko albaitariari beharrezko informazioa ematea osasun-egoera ebaluatzeko, PRESVETerako sarbidea baimendu, datu-base autonomikoetara eta ustiategiaren informazio epidemiologikora.
- Bisita zoosanitarioek eragin ditzaketen hobekuntza-neurriak ezartzen laguntzea.
4. Zein dira Ustiategiko Albaitariaren irudiaren funtzioak?
BZ egiten duen ustiategi-albaitariak, ustiategiaren ebaluatzaile eta kanpo-aholkulari gisa jarduten du, eta bisita sistematikoak egiten ditu, arriskuan oinarritutako aldizkakotasunarekin, osasun-egoera, biosegurtasun-neurriak, maneiua, animalien ongizatea eta albaitaritzako sendagaien erabilera ebaluatzeko.
Era berean, ustiategiko titularrari aurrez-aurreko laguntza eta aholkuak eman behar dizkio animalien osasun, ongizate eta higienearen arloan, eta bere ondorioak eta gomendioak bisita-txosten batean jaso behar ditu.
Hala ere, eginkizun horrek ez du esan nahi ustiategia etengabe albaitariak gainbegiratzen denik.
5. Zer ustiategiri egin beharko zaie bisita?
Bisita zoosanitarioak aplikatuko zaizkie REGAn inskribatutako abeltzaintza-ustiategiei, espezie hauenak: behiak, txerriak, ardiak, ahuntzak, zaldiak, eskortako hegaztiak, untxiak, erleak, arrainak, larrutarako espezieak, ekoizpenerako ehiza-espezieak eta kamelidoak.
Ez dira sartzen honako hauek: autokontsumorako ustiategiak, ganadu-lehiaketak, hiltegiak, zezen-plazak, animalia-kontzentrazio ez iraunkorrak, kontrol-postuak eta esperimentazioan edo beste xede zientifiko batzuetarako (irakaskuntza barne) animalien hazle, hornitzaile edo erabiltzailearen sailkapen zooteknikoa duten ustiategiak.
Ez daude behartuta, osasun-arrazoiak direla-eta agintaritza eskudunaren erabaki espresurik egon ezean, EDaren I. eranskinean jasotako gutxieneko erroldak ez dituzten ustiategiak.
Jarraian, bisitak jaso behar dituzten ustiategien gutxieneko erroldak laburtzen dira:
| Espeziea / Ekoizpena | Aplikatzeko gutxieneko errolda |
|---|---|
| Oilo erruleak | ≥ 150 hegazti |
| Haragitarako oilaskoak | ≥ 250 hegazti |
| Aurrekoen hazkuntzako txitak | ≥ 750 hegazti |
| Oilo ugaltzaile arinak | ≥ 188 hegazti |
| Oilo ugaltzaile astunak | ≥ 150 hegazti |
| Indioilar ugaltzaileak | ≥ 75 hegazti |
| Gizentzeko indioilarrak | ≥ 150 hegazti |
| Ahate ugaltzaileak | ≥ 125 hegazti |
| Gizentzeko ahateak | ≥ 250 hegazti |
| Pintadak | ≥ 107 hegazti |
| Antzara ugaltzaileak | ≥ 125 hegazti |
| Gizentzeko antzarak | ≥ 250 hegazti |
| Ostrukak | ≥ 2 animalia |
| Eper ugaltzaileak | ≥ 375 hegazti |
| Gizentzeko eperrak | ≥ 833 hegazti |
| Galeper ugaltzaileak | ≥ 833 hegazti |
| Gizentzeko galeperrak | ≥ 1875 hegazti |
| Faisai ugaltzaileak | ≥ 125 hegazti |
| Gizentzeko faisaiak | ≥ 250 hegazti |
| Usoak | ≥ 375 hegazti |
| Ehizakoak (oreina, orkatza, adarzabala, etab.) | ≥ 20 ugaltzaile edo ≥ 50 gizentzeko |
| Larrutarako (bisoia, azeria, txintxilla, etab.) | ≥ 10 animalia |
| Haragi-behiak | ≥ 20 ugaltzaile edo ≥ 50 gizentzeko |
| Esne-behiak | ≥ 20 animalia |
| Ardiak/ahuntzak | ≥ 50 ugaltzaile edo ≥ 100 gizentzeko |
| Txerriak / basurdeak | ≥ 10 ugaltzaile edo ≥ 50 gizentzeko |
| Zaldiak | ≥ 10 animalia |
| Untxiak | ≥ 300 ama edo ≥ 2.000 gizentzeko erbikume |
| Erlezaintza | ≥ 15 erlauntza |
| Akuikultura | REGAn erregistratutako ustiategiak |
| Kamelidoak | ≥ 20 ugaltzaile |
6. Zer berrikusten da bisita zoosanitarioan zehar?
Albaitariak profesionalak arlo hauek berrikusiko ditu:
A. Higiene- eta biosegurtasun-neurriak
Gaixotasunak sartzea eta zabaltzea prebenitzeko neurriak ebaluatzeko:
- Pertsona, ibilgailu eta animalien sarbideen kontrola.
- Elikadura, hornikuntza eta ur-kalitatearen baldintzak.
- Maneiua.
- Instalazioen osasun-egoera.
- Instalazio eta materialak garbitzea, desinfektatzea eta intsektu zein arratoiak deuseztatzea.
- Intsektu eta arratoiak deuseztatzeko programak.
- Gorpuak eta giza kontsumorako ez diren animalia-jatorriko beste azpiproduktu batzuk jaso eta biltegiratzea (SANDACH)
B. Animalien ongizatea
Bizi-baldintza egokiak bermatzeko eta animalien osasun edo ongizatea arriskuan jar dezaketen faktoreak murrizteko, animalien ongizateari dagozkion eskakizunak betetzen direla egiaztatuko da, espezie eta ekoizpen-sistema bakoitzaren arabera:
- Animalien egoera orokorra.
- Bizitokiaren baldintzak.
- Eskuragarri dagoen espazioa.
- Instalazioen ingurumen-kalitatea.
- Uraren eta elikagaien eskuragarritasuna.
- Animalien maneiua.
C. Parasitoen kontrola eta txertaketa-programak
Ustiategian osasun-egoera egokia mantentzeko eta infekzio- zein parasito-prozesuekin lotutako arriskuak murrizteko, infekzio- eta parasito-gaixotasunen aurkako prebentzio-jarduketak berrikusiko dituzte:
- Barneko parasitoen kontrola.
- Kanpoko parasitoen kontrola.
- Txertaketa-programak, bidezkoa bada.
- Ustiategian aplikatutako prebentzio-irizpideak egokitzea.
D. Gaixotasunen zaintza eta prebentzioa
Animalia-gaixotasunen hautemate goiztiarra eta jakinarazpen azkarra ahalbidetzeko, osasun- eta ekonomia-eragina murrizte aldera, hauek ebaluatuko dituzte:
- Ezarritako ohiko zaintza-sistemak.
- Gaixotasunen hautemate goiztiarra.
- Derrigorrez aplikatu beharreko osasun-programak.
- Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunekin (EDO) edo gaixotasun emergenteekin bateragarriak diren zeinuen presentzia.
E. Albaitaritzako sendagaien erabilera zuhurra
Antimikrobianoen eta beste albaitaritzako sendagai batzuen zentzuzko erabilera baloratu zein sustatzeko eta mikrobioen aurkako erresistentzien (MAE) kontrako borrokan laguntzeko, hauek ebaluatuko dituzte:
- Albaitaritzako sendagaien biltegiratze eta kontserbazioa.
- Albaitaritzako tratamendu eta/edo preskripzioen erregistroa.
- Tratatutako animalien identifikazioa.
- Antibiotikoen ohiko kontsumoaren analisia.
- PRESVET, eskuragarri dauden adierazleen ebaluazioa.
- Tratamenduen premia handitzen ari diren faktoreen identifikazioa.
- Hobekuntza-neurrien proposamena, beharrezkoa denean antimikrobianoen erabilera murrizteko.
F. Esnearen higienea (esne-ustiategiak)
Esne segurua eta kalitatezkoa lortzeko eta ekoizpenean zehar baldintza higieniko-sanitario egokiak bermatzeko, esne-ekoizpeneko ustiategietan, gainera, hauekin lotutako alderdiak berrikusiko dituzte:
- Jeztearekin lotutako garbiketa- eta desinfekzio-neurriak.
- Higienea esnea lortzerakoan: jetzi aurretik, bitartean eta ondoren.
- Esne gordina biltegiratzeko baldintzak.
- Esnearen kalitate higieniko-sanitarioari eragin diezaioketen faktoreak.
- Esnearen derrigorrezko analisiak.
7. Zer maiztasunekin egiten dira bisita zoosanitarioak?
Maiztasuna ustiategiaren arrisku zoosanitarioaren arabera finkatzen da.
Animalien osasunaren eta ongizatearen arloko agintaritza eskudunak arrisku hori zehazten eta berrikusten du, honako faktore hauek kontuan hartuta: osasun-egoera, aurretiazko bisiten eta kontrolen emaitzak, antibiotikoen erabilera, biosegurtasun-baldintzak eta ustiategiaren beste ezaugarri batzuk.
Ustiategian albaitari boluntarioa egoteak murriztu egiten du ustiategiaren arriskua, eta, ondorioz, baita bisiten maiztasuna ere, baldin eta antibiotikoen kontsumoak ez badu arriskua handitzen (992/2022 Errege Dekretua).
Hala ere, Errege Dekretuak, hasieratik, gutxieneko maiztasun hauek ezartzen ditu:
Oso arrisku txikia: 1 bisita 24 hilean behin
- Ustiategiko albaitaria duten erlezaintza- eta akuikultura-ustiategiak.
Arrisku txikia: 1 bisita 18 hilean behin
- Ustiategiko albaitaririk ez duten erlezaintza- eta akuikultura-ustiategiak.
- Ustiategiko albaitaria duten gainerako ustiategiak.
Arrisku ertaina: 1 bisita 12 hilean behin
- Abeltzaintza-espezie guztiak, aurrekoak salbu.
Arrisku handia: 1 bisita 6 hilean behin
- Estatuko erreferentziazko adierazlea (IRN) baino % 50,1-% 100 antibiotiko gehiago kontsumitzen dituzten ustiategiak.
Oso arrisku handia: 1 bisita 3 hilean behin
- Estatuko erreferentziazko adierazlea (IRN) baino % 100 antibiotiko gehiago kontsumitzen dituzten ustiategiak.
*IRNaren datuak PRESVET plataforman daude eskuragarri.
8. Bisitaren txostena
Bisita bakoitzaren ondoren, ustiategiko albaitariak BISITA ZOOSANITARIOAREN TXOSTENA egingo du, eta ustiategian egindako ebaluazioaren emaitza, ohar eta gomendio nagusiak jasoko ditu.
Dokumentu horrek egiaztatzen du bisita egin dutela, eta jarraipen-tresna izan daiteke ustiategiaren osasuna, biosegurtasuna eta animalien ongizatea etengabe hobetzeko.
Gutxienez, txostenak honako hauek jaso behar ditu:
- Osasun-alderdiak eta prebentzio-neurriak.
- Ustiategiaren maneiua eta higienea.
- Biosegurtasun-neurriak.
- Antimikrobianoen erabilera eta antibiotikoen kontsumoaren hiru hileko batezbestekoaren balorazioa.
- Animalien ongizatea.
- Hurrengo bisita egin baino lehen ezarri beharreko hobekuntzak.
Halaber, dokumentuak jaso egin behar ditu ustiategiaren identifikazio-datuak, bisita egin duen albaitari profesionalaren datuak (elkargokide-zenbakia barne) eta bisitaren data.
Gomendioak eta hobekuntza-neurriak
Bisitan zehar gabeziak edo hobetu daitezkeen alderdiak hautematen badira, albaitari profesionalak gomendioak eta aholkuak emango dizkio ustiategiaren titularrari, horiek zuzentzeko neurririk egokienei buruz.
Txostena gordetzea
Txostena sinatu egin beharko dute ustiategiaren titularrak eta bisita egin duen albaitari profesionalak. Gainera, bi aldeek gorde egin beharko dute gutxienez hiru urtez, eta agintaritza eskudunari erakutsi eskatzen duenean.
Bisita zoosanitarioaren txostena ez da dokumentu-eskakizun hutsa, baizik eta tresna praktikoa hobekuntza-arloak identifikatzeko, prebentzio-jarduketak planifikatzeko eta ustiategiaren kudeaketa sanitarioa indartzeko.
9. Ustiategiko albaitariaren figura
346/2025 Errege Dekretuak aukera ematen die abeltzaintza-ustiategiei ustiategiko albaitari bat borondatez izendatzeko. Figura hori izendatzean, bera arduratuko da ustiategian ohiko bisita zoosanitarioak egitea eta ustiategiko titularrari etengabeko aholkularitza emango dio.
5. atalean aipatu den bezala, ustiategiko albaitariaren figura boluntarioaren presentziak ustiategiaren arriskua jaisten du, eta horrekin batera bisiten maiztasuna, betiere antibiotikoen kontsumoak arriskua igotzen ez badu (992/2022 Errege Dekretua).
Borondatezko figura hori izanez gero, ustiategiko titularrak honako betebehar hauek izango ditu ustiategiko albaitariari dagokionez:
Komunikazioa
Ustiategiko titularrak dagokion foru-aldundiari 346/2025 EDko IV. eranskinean agertzen den jakinarazpen-ereduaren bidez jakinarazpena egin beharko dio; jakinarazpena ustiategiko titularrak edo ordezkariak eta ustiategiko albaitaria duen ustiategi/enpresa/integratzaileko albaitariak sinatu beharko dute. Elkarteen kasuan, jakinarazpena elkarteko arduradunaren bidez egin ahalko da.
Etetea
Dagokion foru-aldundiari IV. eranskinaren bidez jakinarazpena egingo dio ustiategiko titularrak edo elkarteko arduradunak eta ustiategiko albaitariak, eta agiria ustiategiko titularrak eta/edo ustiategiko albaitariak sinatu beharko dute. Jakinarazpen-epea: 7 egun baliodun.
10. Lotutako dokumentazioa
Jarraian, BZrekin lotutako dokumentazioa aurkituko duzu:
BZko buruzko infografia:
HAZIk antolatu eta hiru foru-aldundietako teknikariek emandako albaitaritza-profesionalentzako prestakuntzaren aurkezpenak:
BISITA ZOOSANITARIOA: ALBAITARIAK JAKIN ETA EGIN BEHAR DUEN GUZTIRAKO GAKO PRAKTIKOAK (Ibarretxe Kultur Etxea, Iurreta, 2026/10/15):
1. Blokea: Animalien osasunaren agertoki berria: Albaitariaren eginkizuna bisita zoosanitarioetan
2. Blokea: Higiene-neurrien ebaluazioa eta antibiotikoen erabileraren jarraipena
3. blokea – Zaintza epizootiologikoa, animalien osasuna eta biosegurtasuna
4. Blokea – Animalien ongizate-estandarren gainbegiratzea eta ebaluazioa
INFORMACIÓN COMPLETA SOBRE LA FORMACIÓN IMPARTIDA EN MATERIA DE VISITAS ZOOSANITARIAS CONFORME AL REAL DECRETO 346/2025:
BISITA ZOOSANITARIOAREN TXOSTENA:
BISITA ZOOSANITARIOEI BURUZKO GALDERA ETA ERANTZUN OHIKOENAK:
11. Erreferentziak eta legedia
- Abeltzaintza-ustiategiak antolatzeko araudi sektoriala- MAPA
- 346/2025 Errege Dekretua, apirilaren 22koa, ustiategiaren titularraren zaintza-betebeharrak, bisiten edukia, bisitaren txostena eta ustiategiko albaitariaren figura arautzen dituena.
- Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/429 Erregelamendua, 2016ko martxoaren 9koa, animalien gaixotasun transmitigarriei buruzkoa eta animalien osasunaren arloko egintza batzuk aldatu edo indargabetzen dituena («animalien osasunari buruzko legedia»).
- Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2019/6 Erregelamendua, 2018ko abenduaren 11koa, albaitaritzako sendagaiei buruzko eta 2001/82/EE Zuzentaraua indargabetzen duena.
- 992/2022 Errege Dekretua, azaroaren 29koa, zeinaren bidez abeltzaintza-intereseko espezieetan antibiotikoen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezarri baita (PRESVET).
- 8/2003 Legea, animalien osasunari buruzkoa
Eguneraketa data: 2026/11/09

