Osasun-krisialdiaren eragina Euskadiko elikaduran

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Jarraipen Batzorde bat eratu du, elikaduraren balio-katea monitorizatu eta ezagutza sortzeko. Xedea da COVID-19aren eragina eta haren ondorioak epe motz, ertain eta luzean dimentsionatu eta balioestea, baita balio-kate hori sustatzeko neurriak antolatzeko informazioa sortzea ere.

 

HAZIk eta Euskadiko Elikadura Klusterrak hartzen dute parte Jarraipen Batzordean, eta lehenengo jarduketetako bat izan da osasun-krisialdiaren eraginaren diagnostikoa egitea elikakatearen zenbait mailatan. Horretarako, inkesta bat igorri zaie sektore guztietako 300 eragileri. Halaber, krisialdiko eta konfinamenduko kontsumo-joerak aztertu dira, etorkizuneko aurreikuspenak identifikatzeko.

 

Krisialdiak elikagaien sektorean izan duen eraginaren diagnostikoa

 

Inkestaren emaitzen arabera, elikakateko mailek eragin-maila ezberdina izan dute koronabirusaren pandemiak eragin duen krisialdian. HORECA kanala da kaltetuena, eta krisialdiak esportazioen beherakada izugarria eragin du. Nabarmena da krisialdiaren eragin ekonomikoa; izan ere, enpresen % 80k izugarrizko beherakada izan dute euren salmentetan eta % 76k espero dute galerak izatea 2020 ekitaldian: % 40-60ko murrizketa emaitzen kontuan.

 

Kalitateari dagokionez, enpresen % 34k adierazi dute ezarritako gomendioetatik haratago aldatu dituztela euren kalitate‑prozesuak, eta % 25ek zertxobait aldatu dituzte. Bestalde, I+G+b jarduerari dagokionez, enpresen % 48k euren proiektuak jorratzen jarraitzen dute (% 24k normaltasun osoz eta % 24k krisialdiaren aurretik baino neurri txikiagoan); % 34k, berriz, asko murriztu dute euren berrikuntza-jarduera, eta % 16k erabat geldiarazi dute.

 

Azkenik, enpresen % 30ek aukera berriak identifikatu dituzte krisialdian, besteak beste, kanal berriak bilatzea (on-line, etxez etxeko salmenta, sare sozialak), produktu berriak egitea eta lankidetza handiagoa izatea konpetentziarekin.

Kontsumo-joerak

 

Erosketa-saskia: Konfinamendua hasi aurreko astean, gora egin zuen oinarrizkoenak diren kategorien hornidurak (arroza, pasta, lekaleak, kontserbak, irina, esnea). Hurrengo asteetan, plazer-uneekin lotutako produktuak nabarmentzen hasi ziren: edariak, zizka-mizkak eta gozogintzarako produktuak. Aste horietan, halaber, gora egin zuen produktu freskoen salmentak, 2019ko epe berarekin erkatuz gero; izan ere, etxe barruan kontsumitzen hasi ginen, eta kategoria hauetan egon zen gorakadarik handiena: arrautzak, barazkiak eta fruta freskoa.

 

Banaketa-kanalak: Alarma-egoeran, astean behin baino ez zen egiten erosketa eta ikusi zen gora egin zutela hurbileko kanalek. Berebiziko garrantzia izan zuten herriguneetako supermerkatuek eta auzoetako denda espezializatuek. Era berean, gora egin zuten on-line kanalak eta etxerako janariaren eskaerak. Azken bi aukera horiek orain arte oso gutxi ustiatuta zeuden negozio-aukera bihurtu ziren.

 

Herritar kontsumitzaileak: Krisialdiak eragina izan du kontsumitzaileen jarreran: % 21 handiagoa izan da etxeetako erosketa-bolumena, murriztu egin da erosketa-maiztasuna eta areagotu egin da erosketa bakoitzeko batez besteko gastua. Era berean, familia-unitateek elikadura-ohitura osasungarriagoak izan dituzte, osasunarekiko kezka handiagoa, higiene-ohitura hobeak, denbora gehiago eman dute janaria prestatzen, eta otorduak gehiago landu dituzte (gora egin dute etxeko gozogintzak, zizka-mizkek eta edariek).

 

Etorkizuneko aurreikuspenak

 

Normaltasunera itzultzeak ohitura horietako batzuk denboran irautea ekarriko du, aintzat hartuta, besteak beste konfiantza-giroa, lan-merkatuaren garapena, prezioen aldaketa eta gerta daitezkeen berragertzeak.

 

Ziurrenik, eskuratutako ohitura batzuek denboran iraungo dute, hala nola erosketaren arrazionalizazioak (gutxiagotan baino gehiago erostea), elikagaiak prestatzen emandako denborak, kanal hurbilagoen lehentasunak, on-line kanalaren sendotzeak eta etxeetan ordu arteko kontsumo-uneen areagotzeak.

Eguneraketa data: 2025/07/18

Kadmioarekiko elikadura-esposizioa Alemanian

BfR-k azterlan bat argitaratu du kadmioak elikagaietan duen presentziari eta Alemaniako herritarrak kutsatzaile horrekiko duten esposizioari buruz….

Mihi urdinaren Euskadiko egoeraren eguneratzea

NEIKER laborategiak adierazi du 3 serotipoa detektatu dela Barrundia (Araba) udalerriko ardi-ustiategi batean, eta, ondoren, Algeteko laborategiak egiaztatu duela….

Cookiak doitu/Gestión de Cookies

Cookieak gure webgunearen erabilgarritasuna eta prozesuak hobetzeko edo gaitzeko erabiltzen dira. Cookieak desgaitu edo ezabatzen badira, gerta daiteke erabiltzaileek webgunearen aukerak ezin erabiltzea, edo webgunean diseinatu ez den moduan funtzionatu dezake arakatzaileak.

Gehiago jakin nahi izanez gero, gure Pribatasun politika irakurri.

Esta web utiliza cookies para que podamos ofrecerte la mejor experiencia de usuario posible. La información de las cookies se almacena en tu navegador y realiza funciones tales como reconocerte cuando vuelves a nuestra web o ayudar a nuestro equipo a comprender qué secciones de la web encuentras más interesantes y útiles.

Si quieres saber más lee nuestra Política de privacidad