Europako Batzordeak (DG SANTE) kontsumitzeko prest dauden elikagaiak ekoizten dituzten elikadura-enpresen operadoreei zuzendutako orientazio-dokumentu bat argitaratu du, Listeria monocytogenesen arriskua kontrolatzen laguntzeko, ekoizpenetik hasi eta bizitza baliagarriaren
amaierara arte.
Batzordearen 2024/2895 (EB) Erregelamenduak, 2024ko azaroaren 20koak, 2073/2005 (EE) Erregelamendua aldatzen du, Listeria monocytogenes bakterioari dagokionez; halaber, kontsumitzeko prest dauden elikagaietan (RTE) aldaketa gako bat gehitzen du eta 2026ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean. Irizpide berri horren arabera, L. monocytogenesa haztea ahalbidetu dezaketen RTE elikagaien kasuan, “ez-detektagarria 25 gramotan” irizpidea aplikatuko da, elikagai-enpresak bizitza baliagarrian zehar 100 ufc/g balioa gainditzen ez duela erakusten duenean salbu.
Horretarako, elikagai-enpresek honako hau egin behar dute: produktua RTE edo ez RTE gisa sailkatu; elikagaiak L.monocytogenesa haztea ahalbidetzen duen edo ez ebaluatu; aplika daitezkeen irizpide mikrobiologikoak zehaztu; produktuaren bizitza baliagarria ezarri, baliozkotu eta egiaztatu; L. monocytogenesaren ingurumen-ikuskapena egin; eta etiketatze egokia bermatu. Bestalde, administrazioek sailkapen hori egiaztatu beharko dute, bai eta bizitza baliagarriko azterlanak, ingurumen-ikuskapena eta neurri zuzentzaileak ere.
Bizitza baliagarria zehazteko eta baliozkotzeko metodoak
Elikagai-enpresak zientifikoki erakutsi beharko du RTE elikagaiak Listeria monocytogenesa haztea ahalbidetzen duen eta produktuaren bizitza baliagarria ezarri, baliozkotu eta egiaztatu beharko du, honako metodo hauen bitartez:
- Elikagaiaren karakterizazioa: berezko parametroak (Ph, aw, gatza) eta kanpoko parametroak (tenperatura, prozesatzea, ontziratzea) berrikustea.
- Berrikuspen zientifikoa eta datu historikoak: egungo azterlanekin alderatu eta ekoizte-prozesuaren aurretiazko emaitzak aztertzea.
- Eredu prediktiboak: hazkundea hainbat agertokitan zenbatestea eta agertoki okerrenaren inpaktua ebaluatzea ahalbidetzen dute.
- Challenge test: L. monocytogenes inokulatzeko saiakerak, bakterioaren hazkunde-potentziala eta -tasa zehazteko.
- Iraunkortasun-azterlanak: naturalki kutsatutako produktuak ebaluatzea, benetako baldintzetan muga (100 ufc/g) gainditzen ez dela baieztatzeko.
Listeria monocytogenesaren kontrola Elikagaien Segurtasunerako Sisteman integratu behar da, bizitza baliagarriaren ezarpena, baliozkotzea, laginketaren bidezko egiaztapena eta derrigorrezko berrebaluazioa barne, osagaiak, prozesua, ontzia edo biltegiratze-baldintzak aldatzen direnean.
