Elikagaien arrisku kimikoen ebaluazioak

Elikagai Gehigarrien FAO/OME Batzorde Mistoak (JEFCA) zenbait ebaluazio zorrotz egin ditu elikagaietan egon daitezkeen substantzia kimiko batzuen segurtasuna eta osasun publikoarentzat izan ditzaketen arriskuak aztertzeko. Zehazki, substantzia hauek aztertu ditu:

  • Mikotoxinak: aflatoxinak, fumonisinak eta fumonisinen eta aflatoxinen baterako esposizioa, eta esterigmatozistina.
  • Prozesuko kontaminatzaileak: glizidola eta ester glizidikoak, eta 3-MCPD eta 3-MCPD esterrak.

Jarraian bildu ditugu Batzordeak ebaluatutako substantzia bakoitzarentzat ateratako ondorio nagusiak:

Aflatoxinak

  • Aflatoxinak dira elikagaietan dauden substantzia kimikoen artean ahalmen mutageniko eta kartzinogeno handiena dutenak.
  • Aflatoxinen iturri nagusiak bost zereal hauek dira: artoa, kakahuetea, arroza, basartoa eta garia. Hain zuzen, horietako bakoitzak nazioarteko esposizio dietetikoaren balioespenari egiten dion ekarpena % 10 baino gehiagokoa da.
  • Arrozean eta garian dauden aflatoxinen kopuru orokorrak baxuagoak dira artoan eta kakahuetean daudenak baino. Hala ere, arroz eta gari asko jaten da herrialde batzuetan, eta beraz, substantzia horiekiko esposizioa % 80koa izatera irits daiteke.
  • Kontsumitzeko prest dauden kakahueteentzako gehieneko muga 15 μg/kg-tik jaisteak (10, 8 edo 4 μg/kg-ra) eragin txikia izango luke biztanleria orokorraren esposizioan, eta oraingo mugarekin baztertzen diren kakahueteen bikoitza baztertu beharko litzateke.

Fumonisinak

  • Fumonisinak askotariko ondorio toxikoekin lotzen dira, eta gibela eta giltzurrunak dira kalte handiena jaso dezaketen organoak.
  • B1 fumonisinentzako eta fumonisina orokorrentzako nazioarteko esposizioaren balioespenak 2011koak baino baxuagoak izan ziren. Uste da beherakada horren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela; besteak beste: hainbat zerealetako fumonisina konbinatuen kontzentrazioaren datuak mugatzea, zerealen prozesaketak duen eragina eta kontsumoaren ondorengo bioerabilgarritasuna.

Fumonisinen eta aflatoxinen baterako esposizioa

  • Laborategiko animaliekin frogatu da fumonisinen eta aflatoxinen baterako esposizioak efektu gehigarri edo sinergikoa duela neoplasia aurreko lesioen edo kartzinoma hepatozelularren garapenean. Alabaina, gaur-gaurkoz ez dago gizakietan halako efekturik duela esateko moduko daturik.

Esterigmatozistina

  • Esterigmatozistinak eta B1 aflatoxinak organo berari eragiten diote nagusiki: gibelari. Animalietan kartzinogenizitateari buruz bildu diren datu konparatiboak oso mugatuak dira, baina adierazten dute esterigmatozistinaren toxikotasun potentziala baxuagoa dela B1 aflatoxinarena baino.
  • Oraingoz elikagaietako kontzentrazioari buruzko datu gutxi daude; hortaz, ezin da esposizio dietetikoari buruzko balioespen egokirik egin.

Glizidola eta ester glizidikoak

  • Glizidola konposatu genotoxikoa eta kartzinogenoa da.
  • Esposizio dietetiko nazionalak balioespen fidagarritzat hartzen dira; izan ere, elikagai gako jakin batzuetan oinarritzen dira, eta badakigu elikagai horiek glizidol eduki altuak dituztela. Elikagai horiek dira, besteak beste, gantzak eta olioak.
  • Zalantza asko sortzen dira eskualde desberdinetan sortzen diren elikagai beretan dauden ester glizidikoen mailak alderatzean, ez baitira behar beste analisi konparatibo egin laborategien artean.

3-MCPD eta 3-MCPD esterrak

  • Esperimentaziorako karraskariekin egin diren proben arabera, 3-MCPDak eta 3-MCPD esterrek giltzurrunei eta gizonen ugalketa-organoei eragiten diete nagusiki. Dena den, 3-MCPDa kartzinogenoa da arratoientzat, baina ez saguentzat. Eta ez da in vivo ahalmen genotoxikorik frogatu 3-MCPDarentzat.
  • Ester glizidikoekin gertatzen den bezala, zalantza asko sortzen dira eskualde desberdinetan sortutako elikagai beretan dauden 3-MCPD esterren kontzentrazioak alderatzean, ez direlako behar beste analisi konparatibo egin laborategien artean.

Eguneraketa data: 2025/07/18

Truke saioak GUSTOS proiektuan

GUSTOS proiektuko zentro partaideek eskola-jantokietan egindako esku-hartzeen emaitzak partekatu dituzte. Online egindako truke saioetan elikagaien xahuketa prebenitzeko hezkuntza- eta gastronomia-arloko jardueren eragina baloratu ahal izan zen….

Euskadin dermatosi nodular kutsakorrerako neurriak malgutzea

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek adostu dute dermatosi nodular kutsakorraren (DNK) aurka babesteko prebentzio-neurriak malgutzea, berriro ere behi-azienda duten azokak eta beste ekitaldi batzuk egin ahal izateko….

Cookiak doitu/Gestión de Cookies

Cookieak gure webgunearen erabilgarritasuna eta prozesuak hobetzeko edo gaitzeko erabiltzen dira. Cookieak desgaitu edo ezabatzen badira, gerta daiteke erabiltzaileek webgunearen aukerak ezin erabiltzea, edo webgunean diseinatu ez den moduan funtzionatu dezake arakatzaileak.

Gehiago jakin nahi izanez gero, gure Pribatasun politika irakurri.

Esta web utiliza cookies para que podamos ofrecerte la mejor experiencia de usuario posible. La información de las cookies se almacena en tu navegador y realiza funciones tales como reconocerte cuando vuelves a nuestra web o ayudar a nuestro equipo a comprender qué secciones de la web encuentras más interesantes y útiles.

Si quieres saber más lee nuestra Política de privacidad