178/2002 Erregelamenduak, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaiei buruzko legeriaren betekizun orokorrak eta printzipioak ezartzen ditu.
2021/382 Erregelamendua, Batzordearena, Europar Batasunean elikagaien segurtasunaren kultura ezartzeko legezko betebeharra txertatzen duen Erregelamendua aldatzen duena.
Prebentziozko ikuspegia
178/2002 Erregelamendua Europar Batasuneko lege-esparruaren oinarria da; izan ere, elikagaien segurtasunaren arloko oinarrizko kontzeptuak definitzen ditu eta sortu, eraldatu edo merkaturatzen diren elikagaiak elikakatearen etapa guztietan seguruak direla bermatzeko betebeharra ezartzen du. Horrez gain, prebentziozko ikuspegi bat aplikatzen du, arriskuei aurrea hartzeko eta kontsumitzaileen segurtasuna arriskuan jarri baino lehen kudeatu ahal izateko.
Europako araudiaren oinarri zentraletako bat da arriskuen analisiaren printzipioa. Printzipio horrek ebaluazio zientifiko independentea eta arriskuaren kudeaketa eta herritarrekiko komunikazio gardena konbinatzen ditu. Ikuspegi horri esker, proportziozko eta ebidentzian oinarritutako erabakiak har daitezke, eta, horren bidez, publikoaren konfiantza indartu Europar Batasuneko elikagaien horniduraren segurtasunari dagokionez.
Bestetik, Europako esparruak funtsezko betebehar operatiboak barne hartzen ditu elikagaien operadoreentzat, hala nola produktuen segurtasunari buruzko erantzukizun zuzena, trazabilitatea, eta edozein arrisku edo elikadura-alertaren aurrean berehala erreakzionatzeko gaitasuna.
Eta berariazko araudi bat ere badago, betebeharren osagarri dena. Horren bidez arautzen dira elikakatearen etapa guztietako kontrol ofizialak; eta kontrol-prozedurak harmonizatu eta modernizatu ere egiten ditu, legedia modu koherente eta efikazean aplikatzeko, eta bermatzeko kontrol ofizialeko agintaritza eskudunek behar bezala egiaztatzen dutela elikagaien legedia elikakate osoan bete egiten dela.
Elikagaien Segurtasunaren Kultura
2021az geroztik, Europako legediak funtsezko printzipio berri bat barne hartzen du: elikagaien segurtasunaren kultura. (EB) 2021/382 Erregelamenduak exijitzen du elikagaien operadore guztiek elikagaien segurtasunaren kultura bat ezartzea eta mantentzea. Printzipio hori Europako legedian sartzeak indartu egiten du prebentziozko ikuspegia; izan ere, sustatu egiten du elikagaien segurtasuna balio iraunkorra izatea elikadura-enpresen egunerokoan.
Elikagaien segurtasunaren kultura erakunde batean partekatzen diren balio, sinesmen, jarrera eta portaeren multzoa da; eta horien bidez zehazten da nola hauteman, lehenetsi eta kudeatzen den elikagaien segurtasuna. Elikagaien segurtasunaren kulturak islatu egiten du nola jarduten duten benetan pertsonek beren egunerokoan arriskuak prebenitzeko, kutsadurak saihesteko eta elikagaiak seguruak direla bermatzeko.
Hauek dira Erregelamenduak elikagaien segurtasunaren kulturari buruz ezartzen dituen betekizunak:
- Zuzendaritzaren eta enplegatu guztien konpromisoa elikagaien ekoizpen eta banaketa seguruarekin (antolaketa-maila guztiak)
- Elikagai seguruak ekoizten ahalegintzea, eta langile guztiek elikagaien segurtasuneko jardunbideetan parte hartzea.
- Elikagaien segurtasunerako arriskuak ezagutzea, bai eta enpresako langile guztiak elikagaien segurtasunaren eta higienearen garrantziaz jabetzea ere.
- Komunikazioirekia eta argia enpresako langile guztien artean, jarduera batean eta ondoz ondoko jardueren artean, desbideratze eta espektatiben komunikazioa barne
- Baliabidenahikoak izatea elikagaien manipulazio seguru eta higienikoa bermatu ahal izateko.
Eguneraketa data: 2026/02/26
