Iazko urrian, Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma sortu zen Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Industria Sailburuordetzaren menpeko ELIKA FUNDAZIOAren koordinazioaren laguntzarekin. Bertan, EUDEL eta beste 60 erakunde publiko eta pribatu sartu ziren.
Halaber, apurka-apurka Euskadin egiten den elikagaien xahuketa murriztera bideratutako Ekintza Planean zehazten joan dira orduan publikoki aurkeztu ziren jarduketa-ildoak. Gaur-gaurkoz ezarpen-fasean dago plan hori. Horrez gain, plan horrek bat egiten du Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin.
Momentu hartan EUDELek ordezkatzen zituen euskal udalerri guztiak sortu berri zen plataforma horretan (hiru hiriburuak ere bertan integratu ziren), baina uste dugu udalerri eta Udal bakoitzak aurrerapausoa eman eta plataforman ahots propioarekin sartzeko momentua dela hau.
Zentzu horretan, eta gure Plataforman aktiboki bilduta dauden erakundeen kopurua handitze aldera, Euskadin Elikagaien Xahuketaren aurkako Astea ospatzeko proposamena egiten dizuegu, abenduaren 9tik 15era.
Gabonen aurreko egun horiek oso egokiak dira, gure ustez, herritarrak kontsumo arduratsuaren gainean sentsibilizatzeko, erosketa arduratsu eta planifikatuak egin ditzaten, elikagaien xahuketa murrizte aldera.
Horregatik guztiagatik, pentsatu dugu onena izango zela Euskadiko Udalei idaztea aste horretan ekintzaren baten bitartez parte hartzera eta gure Plataformako kide bihurtzera gonbidatzeko.
Plataformara atxiki nahi baduzue, bidali mezu elektroniko bat nodespilfarro@elika.eus helbide elektronikora eta izapideak abiatu eta zuen interesekoak izango diren hainbat elementu igorriko dizkizuegu; besteak beste, aste horretarako espresuki sortu dugun logoa, ekintzetarako ideiak eta abar.