Elikagaien bidezko akrilamida-ingesta Katalunian

ACSAk, Dieta Osoaren Azterlanaren barruan, ebaluatu du elikagaietako akrilamida irensteak zenbateko osasun-arriskua dakarkien kataluniarrei. Emaitzek erakusten dutenez, akrilamidarekiko esposizioa EFSAk ezarritako erreferentzia-dosirako konfiantzazko gutxieneko mugatik behera dago.

Akrilamidaren kontzentrazioa

Elikagai ontziratuen 264 lagin aztertu ziren: chips patatak, patatarekin egindako gosegarriak, moldeko ogia, ogi xigortua eta biskoteak, ogi zuria, garitik eratorritako gosaltzeko zerealak, gosaltzeko zereal-nahasteak, gailetak, kafe xigortua, berehalako kafe-hautsa eta margarina.

Emaitzek erakusten dute berehalako kafe-hautsak eta gailetek akrilamida-eduki handiagoa dutela batez beste (594 eta 454 μg/kg, hurrenez hurren). Chips patatek eta patatarekin egindako gosegarriek ere akrilamida-eduki nahiko handiak dituzte (435 eta 243 μg/kg, hurrenez hurren). Hala ere, jaki horiek guztiak Europar Batasuneko legeriak gomendaturiko mugetatik behera daude (CE 2013/647 Gomendioa).

Esposizioaren ebaluazioa

Azterlan honetan ez dituzte haurrak kontuan hartu (10 urtetik beherakoak), ezin izan baita bildu biztanleria-talde horrengan eragin nabarmena duen elikagairik; esaterako, zerealekin eginiko produktuak.

Azterturiko elikagaien kontsumoaren ondoriozko batez besteko akrilamida-esposizioa kontuan hartuta, kalkulatu da egunean 7,7 μg akrilamida hartzen direla. Helduetan (40-64 urte) agertu da eguneko ingesta handiena (8,6 μg), eta 65 eta 74 urte bitarteko biztanleetan, berriz, ingesta-balio minimoak agertu dira (6,4 μg/egun).

Nerabeetan, akrilamida-ingesta handiena gaileten taldean agertu zen, eguneko 4,49 μg-ko ingestarekin. Bestalde, kafe xigortuak eragin zuen ingesta handiena helduen bi adin-tarteetan (18-39 urte eta 40-64 urte): egunean 2,38 eta 4,12 μg, hurrenez hurren.

Azterlan honek erakutsi dituen ingesta-balioak beste herrialde batzuetako azterlanetan aurkitutakoen oso antzekoak dira.

Ondorioa

Ondorio gisa, dietaren bidezko egungo akrilamida-esposizioa erreferentzia-dosirako konfiantzazko gutxieneko mugatik oso behera dago (170 μg/kg/eguneko BMDL10 efektu neoplasikoetarako, eta 430 μg/kg/egunekoa efektu neurotoxikoetarako). Balio horiek, EFSAren arabera, ez dute efektu neurotoxikoen inolako arriskurik eragiten; dena dela, ezin da guztiz baztertu efektu genotoxikoen eta/edo kantzerigenoen arriskua.

Eguneraketa data: 2025/07/18

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…