Animalien ongizateari buruzko araudiaren ebaluazioa baserriko animalien artean (Fitness Check)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak eskatuta, Europako Batzordeak animalien ongizateari buruzko legeria berri bat egiteko beharra eta legeria berri horrek izango lukeen inpaktua aztertzeko ebaluazio bat egin du. Legeria horrek barne hartu beharko ditu jarduera ekonomiko baten testuinguruan sartzen diren animalia guztiak (baserriko animaliak), animalien ongizateari buruzko etiketentzako araudi-esparrua eta garraioan zehar animaliak babesteari buruzko arauen berrikuspena.

Animalien ongizatea funtsezkoa da Baserritik Mahaira estrategiaren helburuak betetzeko beharrezkoa den animalia-ekoizpen jasangarria lortzeko. Estrategia horren jasangarritasun-helburuak eta Europako Itun Berdean ezarritakoak kontuan hartuta, Batzordearen asmoa da egungo araudia ebaluatzea (Fitness Check), animalien ongizaterako benetako beharrizanak zein diren eta herritarrek zer espero duten aztertuz. Horretarako, ebidentzia zientifiko berria hartuko du aintzat, eta irizpide hauek erabiliko: eraginkortasun orokorra, efizientzia, garrantzia, balio erantsia eta koherentzia.

Fitness Check-aren bidez ebaluatuko da, besteak beste, ea egungo araudiak animalia-ekoizpen jasangarrirako beharrezkoak diren animalien ongizate-maila altuak lortzeko arau multzo integral bat eskaintzen duen, ea EBko beste ekintza eta politika batzuekiko koherentea den, eta ea EBko ekoizleei laguntzen dien mundu-mailako merkatuan lehiakorrak izaten.

Horrez gain, zenbait kontsulta-jarduera egingo dira, Fitness Check-ari buruzko iritziak eta horri egin ahal zaizkion ekarpenak biltzeko. Jarduera horien artean, kontsulta egingo zaie herritarrei eta animalien ongizatearekin lotura duten alde interesdun guztiei, hala nola eskumeneko agintariei, elikadura-segurtasuneko agentziei, ikertzaile eta aditu independenteei, elikagaien hornidura-kateko enpresa-erakunde eta erakunde profesionalei eta animalien ongizatean aktiboki esku hartzen duen beste edozein erakunderi.

Ebaluazioa egin ondoren, DGSANTEk txosten bat argitaratuko du. Bertan, egin diren ekarpen guztiak bilduko ditu. Horrez gain, animalien ongizateari buruzko esparru-araudi bat proposatuko du (2020. urtearen amaierarako egitea aurreikusten da).

Eguneraketa data: 2025/08/18

Elikadura-transmisioko toxiinfekzio nagusiak mundu-mailan

Elikagaien Segurtasunaren nazioarteko eguna dela-eta, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) elikagaietako 42 arrisku biologiko eta kimiko nagusiek eragindako giza toxiinfekzioen zenbatespenari buruzko 2026ko edizioa argitaratu du….

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…