|
Fuente:
EFSA
|
Sukralosa (E 955) Europar Batasunean elikagai-gehigarri gisa baimendutako edulkoratzaile bat da. Batasunean 2009ko urtarrilaren 20a baino lehen edulkoratzaile gisa erabiltzeko baimenduta zegoenez, EFSAk arriskuaren beste ebaluazio bat egin behar dien elikagai-gehigarrien taldekoa da.
EFSAk sukralosa (E 955) elikagai-gehigarri gisa berrebaluatu du, sukralosaren (E 955) erabilera okintzako produktu finetan hedatzeko aplikazio berri bat ebaluatu du, eta ebaluazio hori jasotzen duen irizpena argitaratu berri du.
Europako Batzordeak eskera bat jaso zuen sukralosaren erabilera-baldintzak aldatzeko. Zehazki, honako hau eskatzen zen: energia gutxiko edo azukre erantsirik gabeko okintzako produktu finetara hedatzea, 700 mg/kg-ko gehieneko erabilera-mailarekin.
Panelak erreferentziazko dosiaren azterketa egin zuen, azterlan luzeenaren datuak aintzat hartuta (kronikotasunari eta kartzinogenizitateari buruzko azterketa konbinatua), eta bere ebaluazioa honako hauetan oinarritu zuen: 2025eko martxoaren 4ra arte datuen eskaera publikoen ondoren EFSAri aurkeztutako informazioa, aurreko ebaluazioen informazioa eta eskuragarri dagoen bibliografia gehigarria.
Ondorioak
Aintzat hartuta eskuragarri dauden datuak, Panelak ondorioztatu zuen ez dela beharrezkoa sukralosaren (E 955) egungo EIOa (15 mg/ gorputz-pisuaren kg) aldatzea.
Gaur egun baimenduta dauden erabilerak kontuan hartuta, egoera guztietan biztanleria-talde guztien esposizio-zenbatespenek ez zuten gainditu sukralosaren (E 955) EIOa (15 mg/gorputz-pisuaren kg/egun). Beraz, Panelak ondorioztatu zuen ez dagoela inolako segurtasun-arazorik sukralosarako (E 955), elikagai-gehigarri gisa, jakinarazitako erabileretan eta erabilera-mailetan.
Eskuragarri dauden datuetan eta “Okintzako produktu finetan” aplika daitezkeen erretze-prozesu ugarietan konposatu kloratuak eratzeko aukerari buruz identifikatutako ziurgabetasunetan oinarrituta, Panelak ezin izan zuen ondoriorik atera E 955en erabilera hedatzearen segurtasunari buruz.
Gomendioak
Panelak Europako Batzordeari gomendatu zion honako hauek aintzat har zitzala:
- monosakarido kloratuen muga kentzea.
- EBren zehaztapenetan berunaren muga murriztea.
- tenperatura altuak behar dituzten erabileretan (hala nola frijitzea eta erretzea) sukralosa erabiltzen duten etxeko produktuak prestatzean nahi ez diren degradazio-produktuak sortzeko aukera aztertzea.
