|
Fuente:
EFSA
|
Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) lau txosten zientifiko argitaratu ditu EuroCigua II proiektuaren azken emaitzekin, ziguatoxinei buruzko ezagutzak hobetzeko, osasun publikorako arriskuak ebaluatzeko eta Europar Batasunean zaintza- eta kontrol-tresnak indartzeko.
Lau txostenek baieztatzen dute ziguatera geroz eta arriskutsuagoa dela Europan, bereziki eskualde makaronesiarretan, besteak beste Kanarietan eta Madeiran.
Ziguatera izeneko elikadura-intoxikazioa ziguatoxinekin (CTX) kutsatutako arrainak kontsumitzean gertatzen da. Toxina horiek Gambierdiscus generoko mikroalgek sortzen dituzte, eta Europako uretako presentziak gora egin du klima-aldaketarekin lotutako eraginen ondorioz.
Ebidentzia zientifikoak toxinak sortzen dituzten espezien eta arrain kutsatuen presentzia jaso du Europako eremu batzuetan, nahiz eta intzidentzia globalak txikia izaten jarraitzen duen.
EuroCigua II proiektuak aukera eman du nabarmen hobetzeko ziguatoxinak hautemateko gaitasun analitikoak, baita erreferentzia-materialak garatzeko, zaintza epidemiologikoko estrategiak bateratzeko eta arriskuan oinarritutako laginketa-prozedurak finkatzeko ere.
Hala ere, proiektuaren arabera, zalantza garrantzitsuak daude oraindik, bereziki konposatu batzuen toxikotasunarekin, estandar analitikoen eskuragarritasunarekin eta muga legalak finkatzearekin lotuta.
Halaber, klima-aldaketak eragin dezake toxinak sortzen dituzten espeziak geografikoki zabaltzea; ondorioz, Europar Batasunak monitorizazio- eta prebentzio-sistemak indartu beharko ditu.
1. Ziguatoxinen karakterizazioa EBko arrisku-eremutako mikroalga eta arrainetan
Helburua
Metodo analitiko aurreratuak garatzea ziguatoxinak identifikatu eta karakterizatzeko arrain zein mikroalgetan, eta Europako laborategien gaitasun analitikoa indartzea.
Emaitza nagusiak
Azterlanak baieztatu du C-CTX1 (Caribbean Ciguatoxin-1) dela Kanarietatik zein Madeiratik datozen arrainak kutsatu dituen toxina nagusia.
Bestalde, itsasoko Gambierdiscus mikroalgen anduien analisiak beste toxina batzuen presentzia jaso zuen, maitotoxinak adibidez, nahiz eta ez zen ziguatoxinarik hauteman aztertutako anduietan.
2. Ziguatera-intoxikazioaren epidemiologia EBn
Helburua
Ziguatera-kasu eta -agerraldiak hauteman, ikertu eta jakinarazteko prozesua hobetzea Europan.
Emaitza nagusiak
2020 eta 2025 artean hamar ziguatera-agerraldi eta 40 kasu jakinarazi zituzten proiektuaren esparruan. Intzidentzia txikia izen zen EBn, eta Kanariar Uharteek izan zuten intzidentziarik handiena.
Agerraldi gehienak Seriola spp., Sphyraena spp. eta Epinephelus sp espezieenak izan ziren, eta lotura dute, nagusiki, Kanarietako arrantzarekin.
Txostenak kontzientziazioa handitzeko premia azpimarratzen du osasun-profesionalen, dibertimenduzko arrantzaleen eta kontsumitzaileen artean, zaintza-sistemak eta kasuen jakinarazpena hobetzeaz gain.
3. Ziguatoxinen arriskuaren ebaluazioa arrain inportatuan
Helburua
Arriskuan oinarritutako laginketa-estrategia bat diseinatzea, kontrol ofizialerako baliabideak optimizatzeko eta analisia bideratzeko EBko arrain-espezie inportatuetara, baldin eta probabilitatea badute ziguatoxina-kutsadurak eragiteko.
Emaitza nagusiak
17 FAO eremu eta EBtik kanpoko 10 herrialdetako 24 arrain-espezie hautatu zituzten, aurretiazko informazio zientifikoa, RASFF alertak eta lehen EuroCigua proiektuaren emaitzak erabilita. Ez zen ziguatoxina-mailarik hauteman laginetan, Karibeko eta Ozeano Bareko eremuetan.
Hala ere, arrantza-merkataritzaren globalizazioak eta toxinen erakunde ekoizleen zabalkunde potentzialak, itsaso eta ozeanoetako tenperatura igo izanaren ondorioz, eskatzen dute Europako zaintza indartzeko eta informazio-trukea hobetzeko agintaritza eskudunen, laborategien eta alerta-sistemen artean.
4. EuroCigua II azken txostena
Helburua
Proiektuan sortutako ebidentzia zientifikoa txertatzea, etorkizunean ziguateraren arrisku-ebaluazioak indartzeko Europan.
Emaitza nagusiak
Txostenak ziguatera-kasu eta -agerraldiak baieztatu ditu Europar Batasunean, bereziki Kanariar Uharteetan, baita Gambierdiscus populazioen presentzia egonkorra ere Kanarietan, Madeiran eta mendebaldeko Mediterraneoko eremu batzuetan, Balear Uharteak barne.
Emaitzek aurrerapen nabarmenak jaso dituzte Europaren gaitasun analitikoan, ziguatoxinak hautemateko. Halaber, garatutako ereduek ziguateraren agerraldiarekin lotutako ingurumen-faktoreak identifikatzen dituzte, eta iradokitzen dute klima-aldaketak eragina izan dezakeela etorkizuneko banaketa eta intentsitatean.
Informazio gehiago
Eguneraketa data: 2026/10/20

